Zirrikituetatik begira

Eta badoa

31.12.2020 | 00:24

2020 urte iluna, guztiok inoiz ahaztuko ez duguna, badoa. Iaz Wuhan herrian sortu zen pandemiak markaturiko urtea izan da. Eta utzitako marka inpaktu sozioekonomiko itzelean neurtu dute batzuek, merkatuetan kolapso handia gertatu baitzen. Beste batzuek pertsonengan utzitako arrastoak neurtu dituzte (bizilagun asko hilik, kutsatuak gora, gaixotasunaren ondorio larriak,€.)

Munduan ia 50 milioi kasu eta ia bi milioi hildakorekin amaituko da urte izugarri hau. Pandemiaren esperpentoaz aparte, urte honetan makina bat kontu gertatu dira, seguruenik erdi ahaztuta ditugunak. Adibidez, urtearen hasieran Donald Trump presidenteari epaiketa politikoa egin zitzaion, eta errugabe atera zen, baina ez erabat garbi (izorrai!). Bitartean, urtarrilean ere, birus arraro bat sortu zen Txinan, otsailean ia mundu osoan laborria zabaldu zuena (koronabirus hitza ez genuen ezagutzen). Martxoan, Nazioarteko Osasun Erakundeak pandemia bat bazegoela esan zuen. Apirilean, musukoak ikusten eta geure bizimodua etxean garatzen hasi ginen. Internet gure aliatu eta infernu bilakatu zen. Munduan milioi bat kasu agertu ziren. Maiatzak izen bat izan zuen: George Floyd. Gizon beltz hura polizia batek erahila izan zen kameren aurrean, "ezin dut arnasa hartu" esaten zuen bitartean. Manifestariek kaleak hartu zituzten eta arrazismoaren kontrako Black Lives Matter korronte berria zabaldu zen munduan zehar. Ekainean, Kongon, ebola agerraldi berri bat topatu zen baina inork ez zion kasurik egin, urrunegi baitzegoen. Uztailean, izurri buboniko eta izurri beltzaren kasuak antzeman ziren Mongolian (urrunegi, berriz). Abuztuan, poliomielitis gaixotasuna desagerrarazi zen Afrikan. Irailean, artizarraren atmosferan fosfano badagoela esan zuten (ondorioz bizia topa liteke, ejem). Urrian, Bolivian, hauteskunde orokorrak egin ziren berriz. Azaroan, AEBetan ere hauteskundeak (zorionez). Eta abendua txertoen hilabetea izan da. Horretaz gain, geure mundua itsusiago eta natura zaurituago utzi dugu beste behin. Urte berri hobea opa nahi dizuet.