atzuk adarrak buruan sartu ziren Kapitolioan, "USA, USA" (iuesei) oihukatu eta izarrez eta marrez beteriko bandera horrekin dena biltzen zuten bitartean. Espainiako faxista batzuk ere hala aritzen dira, eta herriaren izena eta bandera erabiltzen dituzte ikur gisan, besterik ez baitakite egiten. Baina kuriosoa da, Espainian zezena oso animalia tipikoa (zezenketak gustuko dituztenentzat) baldin bada ere, inor ez da agertzen ultraeskuindarren manifestazioetan adarrak buruan. Baina bai, argi gelditu da, faxistak ere adardunak izan daitezke.

Gisa horretan sartu zen Kapitolioan Jacob Anthony Chansley eskuindar eta Trumpen jarraitzaile su-tsua. Denok ikusi genuen, eroturik, poliziari aurre egiten. Eta hasieran zoraturik badagoela pentsatu eta barregarri suerta badaiteke ere, egia esan jende horrek beldurra haizatzen du, duten erokeria agresiboa ez baita normala (erokeria guztiak anormalak dira?).

Tira! hantxe zorionez holako jendaila atxilotzen hasi dira, eraikin hartan indarkeriaz sartzea leporatuta. Horien atzean izokin koloreko azal zimurra duen Trump bera kartzelaratuko dute?

AEBetan, munduko herrialde aurreratuenetako batean gertatu da hori guztia, eta zur eta lur segi-tzen dugu kanpotik dena jarraitu dugunok. Trumpek ez du inoiz eskuin politikoarekin gordetzen duen xarma estali, eta betidanik, modu zinikoan gainera, eskuin muturrari eta alde horretako mugimenduei babesa eman die. Argi dago AEBetan eskuinak botere handia duela, eta indartuago agertu dela izokin kolorekoak irabazi zuenetik. Orain Trumpen ihesa dator, eta agian ahuldu egingo da bere jarraitzaile taldea, baina agerikoa da herria bitan banaturik dagoela eta Trumpismoa desagertuko ez dela.

Joe Bidenek galtzak bete lan izango du aurretik. Giro kiskalgarria ez badu amatatzen gizarte zati batek eztanda egingo du berriz. Gainera ez dira garai batere onak potentzia horrentzat, tartean, pandemia kudeatu, eta pobretzen ari den gizartearen gehiengo baten alde egin beharko du.

Bitartean, askori adarrak moztu eta Trump pertsonaia toxikoa kargugabetu egin beharko lukete.