entitzen duen "betekadagatik" utzi dio Iñaki Gabilondok bere eguneroko analisi politikoak egiteari. Eta erabili duen hitz hori, betekada edo enpatxua, zuzen-zuzen sartu da gure hutsuneetan. Izan ere, hitzak ezin hobeto deskribatzen du jende askok duen gogo-aldartea, lehendik ere existitzen zena kasu askotan, baina pandemiak izugarri gaiztotu duena. Jendeari begietara begiratu besterik ez dago (begiak dira ikusi dezakeguna eta), konturatzeko birusa iritsi zenean harridura sentimendua zena gero beldur bihurtu zela, gero tristura, gero haserrea (ordena ezberdina izan daiteke esperientzia pertsonalaren arabera), eta orain, kasu askotan, betekada bihurtu da. Eta anestesiatuta bezala geratu gara, gogo eta jakin-minik gabe bezala.

Eta horrela, ikusten dugu buruan adarrak eta bularra biluzik daraman gizon bat Kapitolioa "konkistatzen" eta reality show bat izango balitz bezala, ez zaigu gorputzeko ilerik mugitzen ere; eta ikusten ditugu migratzaileak Bosnian harrapatuta, elurretan, berokirik eta aterperik gabe, eta gure izuak irauten du hasperen batek irauten duena; eta entzuten ditugu koronabirusak hildako pertsonen kopuruak, infektatutako pertsonenak, itxitako herrien zerrendak, txertoari buruzko azken berriak€ eta albiste garrantzi-tsuak direla jakin arren, dena iruditzen zaigu musika errepikakor bat. Jendea gogaituta dago, nekatuta, eta iruditzen zait batzuetan eskertzen duela maskara jantzi beharra kalera ateratzeko, haren atzean bere espresioa (edo haren falta) ezkutatzeko.

Eta ez dut uste pandemiari buruzko informazio-enpatxuak soilik eragiten dienik haren ondorioak hurbiletik bizi izan ez dituztelako gai txikiagoa dela sentitzen dutenei. Imajinatzen saiatzen naiz, adibidez, nola jasotzen duen informazio hori guztia birusaren ondorioz pertsona bat galdu duenak edo birusaren aurkako borrokan lehen lerroan daudenek, anbulatorioetan, ospitaletan, egoitzetan€ Haiek ere betekada sentituko dute ziurrenez, baina, hala ere, janariarekin gerta-tzen den bezala, batzuei bihotzerrea eragiten die eta beste batzuei ez.