EB-tarrek armak izateko askatasuna aldarrikatu eta eskubidetzat dute. Europarroi askatasun hori izugarrizko astakeria iruditzen zaigu. Txinatarrek badute Iphonea erosteko askatasuna, baina ez dute sare sozialetan, demagun, zernahi esatekoa. Europako askatasun pertsonalen sistematik gustuko nuena zera zen: kolektibotasunaren muga eta banakako askatasunen arteko oreka bilatu nahi zuela. Alegia, on kolektiboa eta banakakoaren erabaki-tzeko eskubidearen artean ibiltzen zela dantzan. Iraganean diot, izan ere, ideal hori aspaldi hasi baitzen igatzen. Banakakoaren askatasunaren murrizketak, gainera, ez dira on kolektiboaren truke egin (Hiritarron askatasunez ari naiz, eta ez profesional moduan ditugunez. Zahar etxeetako arduradun nagusiak, esaterako, txertoaren kontra dagoela eta, ez du egoiliarrak txertatzera ez eramateko askatasunik, ez eta kon-tzientzia eragozpena egitekorik, Osasuna eta Eskubideak talde ukatuarrak aldarrikatu bezala).

Pandemian bertan behera gelditu dira orain arte genituen hainbat askatasun. Nahierara mugitzekoa, gure gorpu-tzekin nahi genuena egitekoa, gure osasunaren jabe geu izatearena, etxera nahi genuenean itzultzearena, edo, orain berriki, Nafarroan, terrazetan erretzearena. Bai, badakit erretzeak zomorroa transmititzeko aukerak ugaritzen dituela, baina banakako askatasunen kontrako murrizketen katean beste begi bat delako errezeloa hartzen diot.

Pandemia pasatzen denean, itzuliko dizkigute hiritar zuhur gisa gobernuen eskuetan utzi ditugun askatasunak ala, bidenabarrean, galdutakoak galdutzak jo beharko ditugu? Berriz ere diot, susmo txarra hartzen diot.

Pandemiaren ondorioz eta botere ekonomikoen mesede gizartea autoritarioagoa izango da, eta tristeagoa. Estatu Espainiarra Europan sartzean hasitako prozesuari murrizketetan koxka bat estutuko zaio. Nostalgiaz ikusiko ditugu bi urtetara etxera goizeko lauretan itzultzen gineneko garaiak, nonahi erretzeko askatasuna (ez naiz erretzailea), kanpoan edatekoa, osasuna gure ardura izatearena. Nire belaunaldiak HIESA dela eta galdu zuen larrua libreki jotzekoa. Covid-19a dela eta, poza ere galduko dugu.