z naiz mintzatuko txertoen eskandaluaz; ez dut galdetuko Osakidetzan horrelakoak sistemikoak ote diren; ez naiz mintzatuko osasun sistemaren deskapitalizazioak eragindako gabeziez; ez dut susmoa zabalduko gobernuan dagoen partiduak "gurekeria" eremu orotara heda-tzeko duen joeraz. Ez, Iñigo Urkulluren "tristura, pena eta amorrua"-z ariko natzaizue eta Salvador Illaren bestelako jarrerarekin alderatuko dut.

Nahiz eta Illaren oraingo jarrera ministerioa pandemiaren erdian utzita oso itsusia izan, nahiz eta akats asko egin, Isaac Rosasek esan bezala, ministro ohiak irribarrea eragiten digu oraindik ere, segur aski neurritsua, umila, komunikatzaile ona izan eta barkamena eskatzen jakin duelako; El Españoleko afari hartara joandakoan egin bezala, esaterako: "herritarrek ez dute ulertu, eta esan nahi diet arrazoia dutela. Neurriak betetzen baziren ere, distantzia hoberena bertan ez izatea da".

Iñigo Urkulluk neurritsua eta umila eman nahi du, baina zurruntasuna eta harrokeria dario, eltzea sutan bezala jarri behar duenean nabaritzen zaio. Lehendakari baten sentimenduak, ministro batenak bezala, ez zaizkit axola; axola zaidana kudeaketa (ona) da, lidergoa, etorkizuna diseinatzen jakitea. Eta sentimenduak adierazi nahi badituzte, izan dadila karguak eskatutako ardurak bete ondoren.

Urkulluren "tristura, pena eta amorruak" beragandik kanpo jartzen du gertaturikoaren ardura. Aldiz, sentimenduak adieraztera jarrita, "lotsa" adierazi balu gertatutakoan zerikusia izan duelako ardura onartuko zuen eta askoz hurbiltasun handiagoa aitortuko nioke gure lehendakariari: lotsa nire partidukide eta nire administrazioaren parte direnek egin dutenagatik. (Senti zezakeen lotsa ere herritarron askatasun pertsonalak murriztu izanagatik, egin beharreko kontua, ulertzen dut, baina, hala ere, edozein politiko larriki kezkatu beharko lukeena, eta (ez) adierazitakotatik ondorioztatzen dut, Urkullu kezkatzen ez duena ).

Illak barkamena eskatu zuen behin baino gehiagotan. Gure lehendakariak ez daki. Tristura, pena eta amorrua ez dira nahiko. Lotsa adierazi balu, sinetsiko nion.