Eusko Jaurlaritzak egindako ikerketa baten arabera, emakumeen %79k uste omen du gizonek baino soldata txikiagoa jasotzen duela; eta emakumeen %69ak uste du enpresan gora egiteko egoera okerragoan dagoela.

Datuak dira. Soldata eta sustapenaren inguruan.

Nik inkesta zabalago baten emaitzak irakurri nahiko nituzke, ordea. Diskriminazioa ez baita ordainsarien, pizgarrien edota sustapen politikak erabakitzen direnean bakarrik elikatzen. Eguneroko lanean eta lan harremanik oinarrizkoenetan baizik. Ikerketa bat egingo nuke aztertzeko, zenbatekoa den hobekuntza taldeak gidatzeko emakumezkoak hauta-tzen dituzten enpresen kopurua, berrikuntza taldeak zuzentzeko egitasmoetarako izendatzen dituztenak, egitasmo edo diziplina anitzeko lantaldeak kudeatzeko berariaz emakumezkoak bilatzen dituztenak€ Jakin nahiko nuke zenbat enpresatan bilatzen diren emakumeak arazoak edo gatazkak gainditzeko; zenbat kasutan hobesten den emakumezkoek egiten dituzten aurkezpenak eta ez zaien esaten aurkezpenak nola egin behar dituzten, bilera batean gauzak nola planteatu behar diren, babesa izateko nola jokatu behar duten€ Zer den ohikoa, alegia. Zein den jokorako betebeharreko araua.

Edo zenbat enpresatan emakumeek esateko dutena ekarpen bat dela aitortzen den; emakumezkoak komunikatzeko duen era eraginkorra izan ote daitekeen aztertzen den; harremanetarako aurrez ezarritako koderik gabe lan egiteko konpromisoa hartzen duen; emakumea lan munduan integratzea ez dela beste generoa ere lanean ikustea onartzen duen, emakumeak egiten duen ekarpena balioan jartzea baizik, gizonezkoaren aldamenean, gizonezkoaren leku berean, gizonezkoak dituen aukerekin.

Ez bakarrik soldatan, ez bakarrik sustapenean. Baizik eta proiektuak eta lantaldeak gidatzen, berritzailea izaten, komunika-tzen, negoziatzen, proposamenak egiten, adostasunak bilatzen, ezetza zein baietza adierazten, erabakiak hartzen, akatsak zuzentzen, eta baita behar den lekuan (zergatik izan behar du mahai gainean?) bestelako ukabilkada bat ematen (beste adierazpide baten bidez)€