lase guztietako ukatzaileak daude. Miguel Bose edo Victoria Abrilen klasekoak; Ezker Aber-tzale inguruko Bilboko Zazpi Kaleetako tabernariaren klasekoak; edo apokaliptiko klasekoak, integratukoak, nahiz eta horiek apokaliptiko izan hondoan. Eskuin mutur klasekoak, eskuin erdikoak, ezker erradikalekoak, ezker epelekoak. Hala ere, denak konspirazioaren paranoiapean bizi dira.

Paranoia horren hondoan argudio hau ageri da: pandemia ez da pandemia, baizik eta gizakion manipulazioa eragiteko aitzakia. Hori da pandemia. Covid-19aren ondorioz ez da hil esan diguten bezainbat jende eta txertoak gizakiok kontrolatzeko tresna dira, mikrotxipa sartuta, bertsio gordinean, edo esperimentazioaren akuri, leunagoan.

Nonbait ez dute inoiz entzun biopolitika kontzeptua ez Michel Foucaulten izena. Non egon dira ukatzaileak botereek gure bizitzak eta bizimoduak hainbat tresna eta gailuren bidez kontrolatzen dituztela orain arte ez ohartzeko? Nire buruari galdetzen diot ukatzaileek osasun sistemako txartelik baduten, mugikorrean mapak begiratzen dituzten, googleko kontua erabiliz nabigatzen duten sarean? Eta, berriz galdetzen diot ia Anaia Handiaren erresuma dirudien gizarte honetan zergatik sinesten duten botereek pandemia bat asmatu beharra dutela, eta pandemia sendatzeko txertoak, gizakiok kontrola-tzeko? Non bizi izan dira orain arte? Ildo horretan haurren moduko ipuina irudi-tzen zait txertoarekin batera mikotxip bat sartuko digutela sinestea, noiz eta aspaldi bilakatu garenean mikrotxip hankadun.

Pandemia-ukatzaileak berandu dabiltza ukatzaile izateko. Mendirik urruneneko puntara igorik ere, kontrolatu behar gaituenek jakingo dute non gauden. Kapitalismo berantiarraren arlo honetan, gure bizimodua, maila eta erosotasuna mantendu nahi baditugu, biopolitika zurrunaren pean bizitzera beharturik gaude. Beste kontu bat litzateke noraino gauden aurrerabidea deitzen diogun horri uko egin eta beste gizarte bat sortzeko? Apostata da ukatzaile hitzaren beste adiera bat euskaraz. Ukatzaile gutxi daude progresoaren erlijioari apostasia egiteko prest. Ba hori!