Zirrikituetatik begira

Urtebete

16.03.2021 | 00:53
Urtebete

Inoizkorik lasterren iragan zen joan den urtea. Arinegi. Agian norberaren desioz bultzatu egin genuen berezko abiadura gehitu zedin. Azelerazioaren paradigman, eta nahita.

Kontua da pandemia edo gaixotasuna, edota birusaren madarikazioa sortu zelako ezarri ziguten konfinamendu ilun hartatik urtebete pasatu dela. Ahaztu nahi dugun urtebetea, demakratu gaituen urtebetea, arraroago, indibidualago bilakatu gaituen urtebetea.

Gobernu ahaltsuak konfinamendu ezarri zuen orain urtebete. Hasieran ez genekien etortzeko zenaz ezer, baina ez ohiko bizimodua ere ezarriko zitzaigula antzematen genuen. Etxea lubaki bilakatu genuen, gotorleku, jauregi pribilegiatu, gimnasio, biblioteka isolatu, eta unibertso pertsonal. Sufrikariorako aldare? Guztiok sortu genituen eginbeharreko xumeak pazientzia luzarazteko, itolarriari irteera bat topatzeko, asfixia orokorrari beste kolore eta aire bat emateko, norberaren bakardadeari neurri berriak ezartzeko, eta kolektibotasunaren magiatik atarramendu ona lortzeko.

Egun gogorrak izan ziren, pelikuletako trama goibeletan bezala muturreko alertaz esnatzen zirenak. Beldur pixka bat ere sentitu genuen, ez baikenekien isilik erasotzen zigun mikrobioaren boterea neurtzen.

Eta egunerokoa drama bilakatu zitzaigun. Zenbakiak gora eta behera; gaixotuak, hildakoak, kutsatuak, horiek izan ziren (eta badira oraindik) eguneroko albistegietako lehen platera bazkaltzeko eta afaltzeko. Zein gaizki tratatu duten informazio hori guztia! Gero uda etorri zen eta arnasa hartu ahal izan genuen ihesaldi mundiala balitz bezala. Atzera etorri zen konfinamendu kritikoa, birusaren deskalabruaren tamaina ezin baitzen ondo zedarritu. Sorpresak hartzen genituen tai gabe, gaixotasun berriari buruz.

Orain, denok kalibre handiko jakituria bildu dugu hilabete horietan guztietan, laborategietan eta orokorrean mundu mailan agitu denaz. Baina gure barnean hurkoarekiko hazi den errezelo, okerkeria, larritasun, fidagaiztasun, eta abarrez nork gidatuko gaitu. Buru garbia izango dugu espezie gisan datozen hamarkadatan onberatasunez erantzuteko?