Zirrikituetatik begira

Oroimenaren mapan

22.03.2021 | 00:53
Xabier Euzkitze.

Gure herriko gatazka higuingarriak utzi dizkigun orbainen artean, bada begitartea alaitzen digun oroitzapenik ere. Loiolako Karmelo Etxegarai ikastolak gu izan gintuen batxilergoko lehen promozioa. Garai bortitzak ziren, bortxa handikoak. Azpeitiko Institutuan eta Azkoitiko Lanbide Eskolan noiznahi egiten zituzten grebak. Halako batean geure ikastolan asanblada deitu zuten, greba deialdia egiteko. Bi etakide hil ziren, prestatzen ari ziren lehergailuak eztanda eginik. Han joan ginen, 15-16 urteko hainbat nerabe, gure lehen asanbladara. Bi lagun hasi ziren hizketan, bat neure lagun mina. Beste norbaitek prestatutako testu bat eraman zuten, ondoren aitortu zigutenez. Ideia eta jarrera batzuetara erabat lerraturiko testua zen. ETAk taxi gidari bat hil zuen egun berean, eta batzuei –plurala erabiltzeko bi aski omen– hura salatu gabe uztea bidegabekeria iruditu zitzaigun. Eztabaidan lau lagunek besterik ez genuen parte hartu, baina gure kalakak interes handia piztu zuen. Asanblada luzea izan genuen, tentsio handikoa, baina begirunez. Ez naiz oroitzen grabaren aldeko ala aurkako hautua nagusitu ote zen bozketan, baina testu bat adostuta irten ginen. Eta han joan ginen Luix lagun mina eta biok, Loiolako Herri Irratira, idatzi hura irakur zezaten eskatzera.

Bi aurpegi geratu zaizkit oroimenean erantsirik. Irakasle bizardun baten burlaizezkoa eta Herri Irratiko Karmelo Otamendi esatariaren harridurazkoa. Karmelok, eskura eman genion testua bere baitarako irakurri zuenean, bioi begiratu eta zorionak eman zizkigun: "Bazagok esperantza".

Artean diskurtso ofizialek kutsatu gabeko gaztetxoak ginen, ausartak, xaloak, tolesgabeak. Mundua alda genezakeela sinesten genuen eta, zer arraio!, hein batean lortu dugu.