Zirrikituetatik begira

Tximeletak

30.03.2021 | 00:23
Juanra Madariaga.

itsasontzi batek ia mundu osoaren ekonomia astindu dezake. Egunotan horretaz jabetu gara, eta horixe frogaturik gelditu baita Suezko kanalean agitu den istripu ikusgarriarekin.

Kontua da Ever Given ontziak bidea okertu (haizearen bufada, pilotuaren jokaldi txarra,€???) eta tarterik estuenean kanalaren bazter batera lerratu dela, azpiak jota lotu den arte.

Kanal horretatik itsasontzi kantitate izugarria pasatzen da astero, baliozko produktuz zamaturik, ekonomia mundialaren engranajeek pizturik jarrai dezaten.

Aipaturiko itsasontzia munduko handienetakoa da, eta edukiontziak eramateko eraikia izan zen. Ia kilometro erdia du luzeran eta bere gainean 20 mila edukion-tzi baino gehiago garraia ditzake. Dimentsioez ez gara jabetzen. Eiffel dorrea baino handiagoa omen da.

Tamaina horrek tamaina are handiagoko galerak sortuko ditu Europako ekonomiaren esparru askotan. Bertatik, Txinatik datozen produktu asko garraitzen baitira, eta pandemiak garraio horien moteltasuna areagotu zuen. Istripu arinaren (baina harrigarriaren) ondorioz bertatik izaten den itsas trafikoa kolapsatu egin da, eta sekulako itsasontzi karabana bat eratu da bertan. Asteak pasa daitezke batel izugarri handi horiek berriz bidean jarri arte.

Deigarria da oso, zer nolako munduan bizi garen. Tximeletaren istorioa datorkit gogora. Badakizue, Vietnamengo oihanean lasai bizi den tximeleta baten hegadak elur ekaitza sortarazi ahal du Groenlandiako lautadetan, itsas-uhin itzelak Patagoniako kostaldean, muturreko sikateak Mongoliako estepan, eurite itogarriak Indiako Andhra Pradesh eskualdean.

Bada, ekonomiarekin berdin. Itsasontzi erraldoia berriz ere flotatzen jarri arte, produktu askoren prezioak igoko dira, eta lantegi askotan produkzio-katea gelditu behako dute.

Kontu ikaragarriago bat ere entzun dut. Kolapso horretan dauden itsasontzi askotan abelazkuntzarako erabiliak izaten diren animalia kantitate izugarria ere omen dago, eta orain janaririk eta urik gabe, horietarik asko hiltzen ari dira.

Tximeletaren deskalabruak ez du amaierarik.

Más información