omutan dut oraindik gertakizuna itzelaren irudiak. Interneten mila halakoak agertu ziren, zein baino zein izugarriagoak. Laborriz begiratzen nion itsasoaren ahalmen mugagabeari. Pazifikoan, Japoniatik hurbil, Ricther eskalan 9,0 graduko ur azpiko lurrikara batek lur geruzak astindu zituen, eta horren ondorioz, uhin ikaragarri batek, tsunami batek, Fukushimako aldea sarraskitu zuen erabat. Ondo gogoratzen ditut bideoetan agertzen ziren oihuak eta negarrak hurbiltzen ari den marea krudel eta geldiezina ikustean.

Milaka hildako izan ziren, eta jazo zen triskantza kalibre handikoa izan zen. 2011 hartan baina, kalterik arriskutsuena Fukushiman zegoen zentral nuklearrean gertaturiko istripuagatik sortu zen. Bertako erreaktoreak hozteko erabiltzen den sistemak akatsa izan zuen eta tsunamia agitu eta egun bat geroago eztanda larria gertatu zen bertan. Ia ehun mila pertsona ebakuatu ziren.

Istripua kontrolatzeko ur tona dezente erabili ziren, gerora erabat kutsaturik amaitu zena. Bada ur hori guztia (1,25 milioi tona ur) itsasora bota nahi du Japoniako gobernuak. Normaltasun osoz, betiko legez, Japoniako politikariek esan dute ez dagoela inolako arriskurik, baina beste iritzi batekoak dira bertako eta inguruko arrantzaleak, noski!

Sortzen dugun kutsadura ondo kudeatzen asmatzen ez dugun bitartean gure miseria ekologikoa are handiagoa izango da. Aspalditik erabili da itsasoa zabortegi ikusiezina balitz bezala, eta gezurra dirudien arren, gaurko sasoietan ere berdin egin nahi dute potentzia handiek. Berdin zaie natura kutsatzea zein alarma klimatikoa.

Halarik ere, herrialde batzuek pausu txikiak eman nahi dituzte berotze globalaren kontra, eta adibidez Frantziak herrialdeko barne-hegaldiak desagertzearen alde agertu da, izan ere, bi ordu pasatxoan edo gutxiagoan egiten diren bidaiak trenez egin daitezkeela aldarrikatzen du.

Batzuek arazoak arin estaltzeko eta kalte handiak sortzeko anbizioari ez diote muzin egiten, eta beste batzuek kutsadura globala murrizteko ariketak jartzen dituzte martxan. Gure mundu aldrebesak pairatzen ari dena!