apari begira jartzen naiz, eta elgorriak jota dagoela imajinatzen dut. Metatzearen arabera, txikiagoak edota handiagoak diren zirkulu koloreztatuekin azaltzen dituzte pandemiaren intzidentziak munduko herrialde guztietan. Eta puntu borobil horiek tamaina ezberdinetan planetan hedatzen dira, edonon, ez da inor salbu. Noski, ez da elgorria gaur egun erasotzen digun gaixotasuna, koronabirusa baizik.

Plataforma askotan iker daitezke zenbakien dantza amaigabea. Egunotan kuriositatez begiratu dut nik, eta zenbaki horien inpaktua ez da arin liseritzen. Letra hauek idazten ari naizen unean hiru milioitik gorako hildakoak gertatu dira mundu osoan, eta atzemandako positiboak 142 milioitik gora daude jada.

Covid-19ak amorruz egiten du lan egunero, eta ez dirudi ahuldurik dabilenik, kontrakoa baizik, kutsatu berriek indartu egiten dutela ematen du. Eta une horretaz duen indarraz eta ahalmenaz alertan egoteko deia egin du beste behin Osasunaren Mundu Erakundeak. Argi dago ahalmen hori modu ezberdinetan garatzen duela birusak, baina tai gabe zabaltzen diren olatuez haratago, argi dago koronabirusak bizirik jarraitzen duela mundu osoan, eta oraindik, zoritxarrez, hilgarria dela oso.

Herrialde bakoitzak ahaleginak egiten ditu zirrikiturik ñimiñoena ixteko, birusa bere horretan ito dadin, baina nazio askotan, oso aurreratuak diren arren, triskantza pairatzen ari dira inolako defentsarik gabe. Adibidez, Ameriketako Estatu Batuak, Mexiko eta Brasil herrialdeetan 40 milioi kutsatze izan dituzte. Agian Brasilen gertatzen ari dena da mingarriena, bertako Bolsonaro politikari lerdoak ez baitu ezer ere egin hedatze arina geldiarazteko, eta ondorioz milaka eta milaka hildako gertatu dira.

Beste puntu beltz handi bat Asian dago. India hiperpopulaturik dago eta han birus kutsakorrak pozik jardun du bere lanetan. Baina estonagarria den kasua Txinan dugu. Bertan apenas eraso die.

Kutsatze tasak aurrea segitzen duen arren beste datu bat zabaldu behar dugu: pandemia hedatzen hasi zenetik 80 milioi pertsona sendatu dira. Esperantzarako tartea zabaldu beharko dugu, ezta?