oan den ostiraletik Eutanasia arautzeko Lege Organikoa indarrean dago, Espainiako Parlamentuak martxoan gehiengo osoz onartu zuena. Bertan, Vox eta Alderdi Popularra izan ziren soflamen eta hipokresia-alardeen artean aurka bozkatu zuten bakarrak. Gogora dezagun PP, gehiengo osoa izanik, hiru aldiz agertu zela Zainketa Aringarriei buruzko lege bat izapidetzearen aurka eta orain hori bera, eutanasiaren alternatiba etiko gisa, eskatzen ari da. Eztabaida tranpatia da ze errealitatean -ez, ordea, bakoitzaren sinesteetan- bata zein bestea aukera osagarriak bai direlako eta inoiz ez baztertzaileak. Argi daukat hornitutako eta kalitatezko zainketa aringarrien politika izatea guztion eskubidea da, eskubide utziezina gainera, baina inoiz ez gehiago sufritu ezin duenak edo sufritu nahi ez duenak egindako eutanasia-eskaera legitimo baten aurka. Izan ere, Estatuak bizitza babesteko betebeharra duen arren, ezin gaitu behartu gure borondatearen aurka bizitzera.

Eutanasia bideratzeko indarrean dagoen Legeak ezarritako prozedura ez da huskeria bat prozedura zorrotza eta arautua baizik: kasuz kasu aztertzen da, eragindako eskubide guztiak bermatzen ditu -Kontzientzia eragozpena barne-, eta pazienteak berak eskatuta baino ez da martxan jartzen, erabat kontzienteki eta ados dagoela espresuki adieraziz. Eta ez behin bakarrik, birritan baizik, in situ edo aldez-aurretik bizitestamentu baten bidez.

Beti defendatuko dut sinesmenen arabera bizitzeko bakoitzak duen eskubidea. Baldin eta batek uste badu bere bizitza ez dela berea Jainkoaren eskuetan dagoelako, errespetatu egiten dut baita hil orduko horren arabera joka dezala ere. Hauxegatik irmo eskatzen diet denei, fededunei eta ez denei, errespetu bera, begirune bera.

Sinestea edo ez sinestea aukera banakoa da baina herritartasuna izaera politiko ukaezina da, guztiok eskubideetan zein betebeharretan berdinak egiten gaituena, bereizketarik gabe, azpimarratu dezagun behar den guztietan. Ea horrela todo dios aipatutzat jotzen den. Ea ba...