uelagutxi koloretako nire lehen oroitzapenaz galdetu zidaten lagun batek, ez nuen zalantzarik izan: Hondarribiko itsasoa, hondartzatik kaiaraino doan petrilatik, aitaren eskutik helduta, ikusten zen itsasoa. Sentsazioa? Nostalgia akaso, baina berehala alde egiten du ze itsasoa, mendiarekin batera, konstante bat dela nere bizitzan, erreferente bat, eskeintzen dizkidan kaia eta estalpea, kantak dion bezala. Hurrengo sentsazioa, beraz, osotasuna, nortasuna, hurbiltasuna: Onyarbiko San Pedroko Itsas Gizonen Kofradiaren arrantzaleen itsasoa urdin-urdina da; urdinez, gorriz eta berdez margotutako itsasontzien, Portua auzoko etxeetako kolore berdinezko balkoien eta 'Ama Guadalupekoa' traineru berdearen itsasoa da ere; Bidasoako itsasadarra, espigoi pare bat, l'autre côté, Hegoalde eta Iparralde, tira... Txingudiko itsasoan behintzat, mugarik ez.

Itsasoarekin zerikusiaz guzi-guzia gustokoa dut: kresala usaina, brisa, mareak, bere soinua bare-bare dagoenean, eta ez dagoenean ere, zeruertzekoa, faroak, uretan ilargiaren isladak, uraren gardentasuna, koloreak, kondairak, kantu zaharrak eta abar. Hala guztiz ere, Aiako Harriatik ikusita egun garbi batean, gure itsasoaren itxura paregabea da. Bertan bakea eta baretasun handia sentitzen dut nahiz eta, haratago begiratzera nere buruari behartzen dudan uneetan, inpotentzia eta errebeldia ere sentiarazi: azken 7 urteotan 20.000 biktima baino gehiago -joan den astean 50 desagertu izan dira- eragin dituen Mediterraneo itsasoaz diot orain. Hala guztiz ere, belztasun honen erdian Itsasoko Legea delakoaren argia biziki pizten da: interesa politikoen eta arima gabeko gobernuen aurka ekin ari diren itsasontzi pila bat argitzen duena -arrantza zein gizaldeko-ekintza ontziak- jatorria, kredo edo azal-kolorea aintzat hartu gabe itsasoan galdutakoak salbatu dituen eta salbatzen jarraitzen dituztenak hain zuzen.

Bedeinkatuak izan daitezela itsasoko gizon-emakumeak, bedeinkatuak ere haien adorea eta gizatasuna. Hitza hitz, Mare Nostrum.