at. Otoitzak. Espainiako erregeak esan zien La Palman, sumendi sortu berria dela eta, lurrik edo etxerik gabe geratu direnei haien alde otoitz egingo zuela. On egingo zion otoitzeak erregeari, ezaguna baita aspaldidanik otoitz egin, meditatu (aldaera guztietan, baita erlijioekin zerikusirik ez dutenak ere) edo, modernoago jarrita, “mindfulness” berriena praktikatzeak onurak ekarri ohi dizkiela ariketa horietan dihardutenei. Kiroletan antzekoa gertatzen da. Labur, fededunari otoitzak on egiten dio. Zalantzagarriagoa da besteei ere iristen zaien onuraren bat. Ulertu ahal dut beste fededunek kontsolamendu moduko bat sentituko dutela beste fedekide baten kezkaren berri dutenean. Hortik aurrera... Otoitzek ez dute sumendia itzaliko, ez etxea berreraikiko, ez lurra emankor bihurtuko.

2. Hedabideak. Zer atera? Zer ez? Noraino iristen da informazioa, noraino sentsazionalismoa? Guk hemen behar dugun informazioa ala La Palmako biztanleek behar dutena? Irudiak dena bilakatzen du ikuskizun, berez, eta zaila da telebistatik begiak urruntzea, zaila zaion bezala askori sumendiaz hitz egitea metaforen zakuan eskua sartu barik. Aitortu behar dut sumendia eztanda egin zuen egunean orduak eta orduak eman nituela telebistaren aurrean sorgindurik.

3. Turismoa. Iritsiko da, nola ez. Den-dena izan daiteke turistikoa. Baita norberaren malkoak ere. Hemendik aurrera kontua serioago hartu beharko dugu. Are gehiago, turistiko bilakatu ezin dena desagertuko da geure bizitzetatik apurka-apurka, hutsaltasun hutsalenean urtu. Iristen ari da: “nola galduko dut nik nire bizitza osoan nik bizi izan ahal dudan nire esperientzia hau?”. Horrela hitz egiten zuen mutil batek. Izenordainak ez zituen ondo ikasi; edo ondoegi ikasi, agian.

4. Zientzia. Eskerrak zientzia dugun. Bestela tribuko printzesa sakrifikatu behar dugula pentsatuko genuke beharbada, edo tribuko bileretan ahotsa gehien goratzen duen gerlari edo politikari bizardun matxo hori. Eskerrak zientzia dugun, zalantzati, probabilitateak tentuz kalkulatzen.