z dut gaur bizitzaren hondarreko agurrez edo gure ondotik luzarorako doazenei egiten dizkiegunez hitz egiteko asmorik, ez egunerokoan erabiltzen ditugunez ere, izenburuak horrelakorik pentsaraz dezakeen arren.

Bertso-saioetako hasiera eta amaierako agurrak etorri zaizkit burura. Txapelketetan ez dira puntuagarri izaten, baina bai baliagarri. Hasierako agur on batek gauza indartsuak transmititzeko balio dezake: konfiantza, indarra, anbizioa...

Azken agurra, ostera, denek txapela buruan dutela kantatu nahi luketen hori, zintzoagoa izaten da, irabazi edo galdu beharrekoak irabazi edo galduta kantatzen baita.

Saioz saio, plazaz plaza kantatzen diren agurren oroitzapen lausorik gabeak nakar gaur. Horixe omen zen Xalbador handiari gehien kostatzen zitzaion lana. Nork pentsa, ezta? Ez da, egiazki, zailtasunik gabeko afera.

Plazaz aseta dabilenak herriaren edo festen izena errimatzat baliatuta eman ohi dio ukitu lokala, baina agurra azken kantatu behar duenak beti izaten du errima edo ideia aurrez beste norbaitek ebatsiko diolako beldurra.

Nik, neuk, aparteko mezurik ez nuenean, doinu tekniko jostari batera jotzen nuen, Juana Bixenta Olaberenera gehienetan. Ezer askorik esan gabe ere, teknikoki ongi maneiatuz gero, entzuleen buruetan kilimak eragiteko balio izaten zidan.

Natorren, baina, gaurko gaiaren muinera, gairik eman gabe kantatzen den bertsoarenera. Bada bertsolariok elkarri maiz -norberaren ahalen edo lotsaren eta kantulagunekiko konfiantzaren araberako maiztasunez- egiten genion galdera bat: “Agurrik ba al daukak?” Alegia, “nik lehor-aldi diat gaur eta, ez al daukak beste noizbait almazenean soberan geratutako agurrik, ideiarik, izpirik, zipriztinik?” Batzuek inoiz ez zuten izaten -aitor dezadan egia-, baina ez al da polita elkarri agurrak uzteak iradokitzen duen konfiantza eta eskuzabaltasuna? Copyrightik gabeko opariak.