z da askotan aditzen, usu gure ondoan eta normaltasun osoz ikusten baititugu, baina beste kontu bat da gure bistatik at gertatzen ari dena: txoriak desagertzen ari dira. Jakin badakigu, aldaketa klimatologikoaren eta gizakiaren izugarrikeriaren erruz, natura bizilagun asko galtzen ari dela, baina gaur arte ez da zenbakietan kalkulatu.

Lehen seinaleak toki askotan agertu dira. Adibidez, joan den urtean Iparramerikan hegazti migratzaile kopuru handia agertu zen hilik, ezin konta ahala. Txoriak ez ziren espezie arraro batenak baizik eta arruntak, askotan gure larretan ikusten ditugunak... txolarreak, kaskabeltzak, enarak, zozoak. Badirudi hilketa masibo horren oinarrian betiko arazo larria dagoela, klimaren aldaketa ankerra. Horrek ere intsektu askoren urritasuna dakar eta ondorioz txoriok ezin elika daitezke migrazioaren bidaiari behar bezala aurre egin ahal izateko. Patua krudela da, milaka eta milaka hiltzen dira.

Hori han gertatu zen, baina jazoera larria edozein tokitan kausitu ahal duzue. Espainiako Ornitologia Elkarteak Europan burutu diren azken ikerketetako txostenetan oinarriturik esan du 1980. urtetik hona ia 600 milioi hegazti galdu direla. Bai, 600 milioi.

Desagertze horren barruan oso ezagunak diren espezietako txoriak aurkituko dituzue, adibidez, kurloia, buztanikara, edo araba-zozoak. Horietariko batzuk %50 gutxitu dira dramatikoki.

Ikertzaileek maneiatzen dituzten arrazoien artean, janari falta, kutsadura, gaixotasun larriak, eta nekazaritza-praktika intentsiboak agertu dira. Nekazaritzaren inguruan eratzen diren habitatak ez omen dira onuragarrienak txori eta hegazti horientzat, biodibertsitatea ahuldu egiten baitute.

Ezin ditugu betirako galtze horiek onartu, eta horretarako ekintza eraldatzaileak behar ditugu natura pairatzen ari den krisialdiari aurre egiteko. Nekazaritza errespetuz antolatu behar da eta horrekin batera espezie askoren babesa handitu.

Hegaztiekin gertatzen ari den isilpeko deskalabrua aurrekari beldurgarrienetako bat dugu, eta gure hekatonbe propioaren lehen zantzuak agerrarazten ditu.