abonak maite edo gorroto dituztenen pasiorik ez daukat jadanik, agian egunen batean gorrotoa bueltatuko zait (eszeptikoagoa naiz maitasunarekin), baina oraingoz ene gogoak lasai, gutxi gorabehera, igarotzen du abendua. Gehien gustatzen zaidana, zerbait gustatzen bazait behintzat, argiaren kontua da, eta urtero Carlos Marzal poetaren El combate por la luz poema etortzen zait, nahi gabe, burura: "Conviene contemplar la luz con más paciencia / brindarle una atención encandilada...". Egia da Marzal egunsentian iristen zaigun argiaz ari dela poema horretan eta ez Gabonetako argitxoez, baina poemak, abenduan argiak duen, esan dezagun, krisiak ("abenduko eguna, argitu orduko iluna" dio esaera zaharrak), neguko solstizioak, kaleko argitxoek eta horrek guztiak nolabaiteko lotura bitxiak sortzen dizkidate barnean. Abendua argiaren festa da.

Agian horregatik desagertu dira albistegietatik argindarraren prezioari buruzko berriak, udal argitxoek eta argitxo pribatuek sortzen dituzten balizko pozak ez zapuzteko. Goizalde Landabasori irakurri diot York-eko Unibertsitatean eginiko ikerketa baten arabera Gabonetako argiekin urtebeteko karbono dioxidoaren %5,5 isurtzen dugula. Esango dute udalek eta abarrek gaur egun argi guztiak led direla, kontsumoa txiki-txikia dela. Ez naiz gehiegi fio. Urterik urtera argitxo gehiago dago, argitxo desberdinak, gainera, modak ere bere inperioa ezarri dielako Gabonetako argiei: kolore bakarreko argitxo lasaiek lekua kendu diete kolore askoko argitxo frenetiko aspaldikoei, auzoko batzuen leiho eta balkoietan argi histeriko horiek oraindik irauten badute ere.

Niri asko gustatzen zaizkit Alemania osoan eta Berlinen (Landabaso berriro ere) Abendu hasieratik leihoetan ager-tzen hasten diren kandela horiek, Abendu, letra larriz, zentzu erlijiosoan beti ere. Gure abendua Abendutik datorrela ahantzi dugu, baina janari lasterreko enpresa baten iragarkian berriro agertu da hitza, gaztelaniaz, nire harridurarako. Aurten kandelak piztu behar ditudala erabaki dut. Edo hurrengorako utziko dut.