eguko gau euritsu batean Azkoititik Azpeitirantz. Munategi parean guardia zibilaren kontrola. Geldiarazi egin gaituzte, aitak leihoa ireki du. Goardia zibil batek ikuskatu du autoa, eskuargi indartsu baten laguntzaz. Senar-emazteak bi umerekin. Nora zoazte? Azpeitira, etxera. Aurrera. Semerik zaharrenaren begi ikusmiratzaileek bi gazte hauteman dituzte, euritan, eskuak autoaren gainean jarrita, hankak zabal-zabalik.

Guardia zibil bana dute atzean, metraileta-muturra bizkarrean jarrita. Mutikoa izutu egin da. Etxera bidean guru-tzatu dituen auto guztiei argi-keinuak egin dizkie aitak; polizia-kontrola salatzeko, arriskuaz ohartarazteko. Salatariak beti gaizki ikusita egon dira, baina hura autodefentsa ekintza bat zen.

Patxi xaharra bizi zen bitartean argi samar geneukan nor ginen gu, nori egin behar genizkion argi-keinu konplizeak, nor zen saihestu beharrekoa. Ondorengo urteetan Benito Lertxundiren kantak indar betea hartu zuen: “Zer egin degu? Ezer ez. Zer egiten degu? Alkar jo. Zer egingo degu? Alkar hil.”

25 urte bete berri dira ETAk Eugenio Olaziregi hil zuela. Ertzaintzak hilabete batzuk lehenago atxilotua zuen Balentin Lasarte, eta Oiartzungo bizikleta-saltzaileak salatu zuela uste izan zuten. Uste bat, susmo bat, irudipen bat, zer gehiago behar du hiltzaile batek pertsona bat bizkarretik tiroz hiltzeko?

Uste, susmo eta irudipen asko bihurtu ziren heriotza-zigor. Trafikatzailea zen. Txibatoa zen. Zernahi zen. Fiskala, epailea eta exekutatzailea bat eta bera direlarik, epaiketak laburrak eta epaiak irmoak izaten dira. Eta tartean, hainbat kale ertzetan, begi pare asko zelatan. Salatari asko izan da hemen, gaizki ikusiak izateko.