asteizko Paulo Freire Helduen Ikaskuntzarako Ikastetxean, publikoa, jakina, ez dute wifirik oraindik. Ez omen dago dirurik. Ez omen du lehentasunik Hezkuntza Sailarentzat. Hizkuntza Eskola publikoetan antzera dabiltza, baita Musika Eskola publikoetan ere. Ez omen dago dirurik. Lehentasunak beste nonbait omen daude. Gasteizko Paulo Freire Ikastetxean atzerritarrak, etorkinak, migratzaileak (aukeratu zuen gustokuena) dira nagusi; agian gure agintariek ikasle horiek guztiak wifiak sortzen omen dituen uhin kaltegarrietatik babestu nahi izango dituzte. Edo itunpeko ikastetxeek diru hori behar izango dute igerilekuak berritzeko edo eskolaurreko ikastetxe moñoñoak eraikitzeko (Gasteizko Marianistetan egin duten bezala). Wifiarena aurten bideratuta egongo dela esan diete. Aurten, 2022an.

Adibide txikia baino ez da aurrekoa, baina adibide txiki horretan itunpeko ikastetxeen eta ikastetxe publikoen arteko desberdintasuna zein den ezin hobeki antzeman daiteke. Garrantzitsuena, segregazioarena, guztion ahotan dagoena egunotan EAEko Hezkuntza Legea (Ituna, oraindik) dela eta, izugarria da alde askotatik, baita gure gizarteaz esaten duenagatik ere. Baikorrek uste dute lege berri horrek den-dena konponduko digula, baina, nire ustez, orain dugun sare bikoitz hori sendotu baino ez du egingo. Azken finean, orain dagoen legedia inoiz bete ez bada, nork ziurtatuko du lege berria beteko dela? Guztiok dakigu itunpekoek kuotak ezartzen segitu dutela, legez kontrakoak izan arren, eta zirrikitu guztiak erabiltzen dituztela matrikulazioa, ikasleria, kontrolatu ahal izateko.

Ibilbide luzea izango du oraindik ituna lege izan arte, batzordeak, zuzenketak eta gainerakoak, baina ezkorra naiz. Sareen aferan interes gehiegi dago. Itunak duen beste alde kezkagarrienaz, euskararenaz, baikorragoa izan nahi dut (zerbaitetan baikorra izateagatik), baina afera horretan ere ez dago leku askorik itxaropenerako. Ereduak gainditzearena ez zen hau inondik inora, eta ardatzarena lausoegia da. Euskara eta publikoa galtzaile ikusten ditut, tamalez.