uskaraz haizea dabil esaten dugu, inoiz gaztelaniaz anda viento bota izan badugu ere, gaztelaniazko hitzekin euskaraz eginaz. Egia da, haizea ez dago geldirik, beti dabil ibilian eta bere higidurak, urarenak bezala, energia dakar, energia garbia.

Haize- eta ur- errotak energia lortzeko aspaldiko asmakizunak dira. Eta, printzipio fisikoak aldatu ez bada ere, zientziak eta teknologiak miloika biderkatu duten efektuari esker daukagu aukera energia iturri garbietara transizioa egiteko.

Olatuak ustiatzeko gailuen prototipoak ikusi ahal izan dira BEC-en ospatu den Wind Europe topaketan. Itsas-plataforma flotagarriak ere iragarri dira. BIMEP (Biscay Marine Energy Platform) izan da jardunaldiotako izarretako bat. 2015ean abian jarri eta, bere eraginkortasunari eta kalitateari esker, nazioarteko erreferentzia bilakatu da.

BIMEPen lanak tegnologia aurreratuen jardunera egiten du jauzia, olatuen eta haizearen bideragarritasun ekonomikoa eta teknikoa frogan jarri eta segurtasuna bermatzeko. Adituen esanetan, Bizkaiko Golkokoak dituen itsaspeko plataformarik ezak erraztu egiten du energia iturri garbi horien etekina.

Egia esan, energia berriztagarrien gaia, eta bereziki itsas-energiarena, hiruki baten alde bat baino ez da. Beste biak, Ukrainaren inbasio odoltsuak Europan izandako eragina eta Parisen aurki egindako gailurrean salatutako alerta klimatikoa dira.

Ukrainako herritarren sufrikarioak hunkitu egin gaitu, denok edo ia denok ongi iritzi izan -eta txalotu- ditugu ukrainarrek erasoari aurre egin eta euren eskubideak defenditzeko erabakia baina, paradogikoki, ezin onartu gabiltza dramaren portzentaia nimiño bat jasan beharra. Hiruki horrekiko begirada estrategikoak soilik eramango gaitu etorkizun hobera. Energia iturri zaharkituak orain arte bezala kontsumitzen jarraitzeko administrazioari laguntzak eskatu ordez proiektu energetiko alternatiboak azkartu behar ditugu, premia aukera bihurtuz irizpide etikoen baitan.