Ez dakit egia den, edo zein neurrian, nafar Gorteko berriketa-lekuetan dabilen zurrumurrua, PSNko nafar Inés Arrimadasek, Maite Esporrín ezizenekoak, Maria Chiviteri sesio beroa egin ziola dioena, Esporrinek Iruñeko alkatetza Navarra Sumari eman ostean Chivite prest agertu zelako Geroa Bai, Ahal Dugu eta I-Erekin harremanetan hasteko, Foru Erkidegoaren lehendakaritzari begira. Egia ala ez, arrazoiak balituzke Esporrinek sutan jartzeko Chiviteren jokamoldearen aurka. Tartean, jakina, EHBilduren eskumikatze politikoa dago. Txotxongilo mailan utzita Esporrín, hara zer eta Chivite prest agertu EHBilduren abstentzioa gutxienez, berak ez noski, baina bai bere bertze solaskideek lan dezaten.

Eta badirudi perspektiba horretan hasi dela Chivite elkarrizketetan. Foru hauteskundeen emaitzak ikusi berri, presaka idatzi nuen artikulu labur bat Argia aldizkarirako, berehala plazaraturikoa edizio digitalean eta aste berean paperezkoan, hasiera honekin: “Esparzari eskertu beharko ote diogu PSN ez batzea Navarra Sumarekin”? Galderaren atzetik, susmo erraza: Chivitek pozik jasoko zituela eskuindarren botoak lehendakaritza lortze aldera, horren truke hainbat alkatetza ematen Navarra Sumari, Iruñekoa barne. Horixe egin zuen Esporrín andreak, gustura gainera nik uste, kontuan izanik zein den andre honen kultura politikoaren maila, “Agur Asiron” mailakoa alegia.

Elkarrizketak hasi bai, baina ikusteke dago oraindik Chiviteren azken jokaldia, bere solaskideek EHBilduren abstentzioa lortuko balute ere. Ezaguna da PSNren ohiko azaluskeria horrelako abaguneetan, eta gutxi fido. Puntu bat, agian, konfiantza apur bat izateko: Chiviteren anbizioa. Eta anbizio hori inola ere ez diote asearaziko Navarra Sumaren 20 eserlekuek Chiviteren 11 aurrean. Ezkerraldera makurtzen ikasi beharko luke PSNkoak.

Baina, betiko leloa: Madril oso gertu du PSNk, Nafarroa baino gertuago betidanik. Eta hor badago bere burua Jalamandrukitzat duen Sánchez bat. Mago gisa, mahukatik atera zuen mukizapia PSOEko gerontokratek ezarri zioten eskumikatzea gainditu, alderdiaren buruzagitza berreskuratu eta Espainiako presidentetza lortzeko, bai eta legegintzaldiari une egokian amaiera eman eta hauteskunde berrietan boto gehien jasotzeko. Podemosen kaltez eta hauteskundeetan aurkezten ez den alderdi aberats horri, Ibex 35 delakoa, bitxiloreari hostoak kentzen ari zenari esker ea nori eman bere amodioa, C’s edo PPri. Sanchezek ere eskumikaturik ditu independentista katalanak eta EHBildu, baina, Chivitek bezala, hauen abstentzioa behar du inbestidura lortzeko, ezkerreko politikariarena egin nahi badu. Bertzela, edo C’sen laguntza beharko du, edo Jalamandrukirena berriro egin, ostera ere Gorteak ixten.

Arriskutsua inondik ere: Ibexek isilarazten badu Vox Nafarroan bezala eta C’s-PP nolabait birjosten baditu, edota Podemosek berreskuratzen baditu PSOEri ihes eginiko boto likidoaren zati bat?, zer?

Eta Chivite? Ezkerraldera negoziazioetan jardun, baina azken buruan Jalamandrukiren zain aldez edo moldez, hain ziur?