“Tiene que pasar tiempo para una solución por la que una nación en términos culturales, como para mí es Cataluña, tenga encaje en un proyecto patriótico superior llamado España.” Íñigo Errejónek esan berri du aurrekoa El Mundo egunkarian egin dioten elkarrizketa batean. Txundituta utzi nau “proyecto patriótico superior” horrena (hemendik aurrera PPS). “Superior” hitzaren esanahia handiagoa izan daiteke, kantitateaz ari bagara, eta orduan PPS aberri-proiektu handiagoa euskaratuko genuke (Espainia Katalunia baino handiagoa da hedaduraz, bai, baina handia hitza anbiguoa da); kalitateaz ari bagara, goi mailako aberri-proiektua izango genuke euskaraz. Espainia izena duen goi mailako aberri-proiektua. Zorabiatzeko modukoa, ezta?

Ez dakit Patxi Lópezek nazio kon-tzeptuaz zerbait irakatsiko zion Errejóni, nazio kulturalarena ez baita berria sozialista batzuen mingainetan (Borrell ministroari en-tzun nion, adibidez), baina badirudi “kultural” izenondoa “nazio” izenari indarra kentzeko erabiltzen dela hemen, nazio kultural bat nazio bat baino gutxiago dela ematen du, nazio ez-oso bat, nazio merkezurreko bat, folklore apur bat eta hizkuntza apur bat, ez gehegi ere, zeren ezaguna baita hizkuntza horiek gizartea zatitzen dutela eta badugu, gainera, PPSrako guztiok elkar ulertzeko hizkuntza handiago eta maila goragoko bat.

Pertsona, gehienetan, ona naizenez, epai azkarregiak egiten ari nintzela pentsatu dut eta testuingurua kontuan hartu behar dela beti errepikatu diot nire buruari, eta nolakoa den egunkari hori; beraz, erantzun osoa, are elkarrizketa osoa, irakurri dut arretaz. Baina kale: testuingurua goitik eta behetik begiratu, buelta eman, ezkerretik eta eskuinetik aztertu, hemen aberri espainiarra, han Estatua, PPS irmo beti.

Zer gertatuko litzateke politikari katalan batek esango balu “un porjecte patriòtic superior anomenat Catalunya”? Eta hemengo batek: Euskal Herria izena duen goi mailako aberri-proiektua? Ezinezkoa iruditzen zait, hemen ez du inork hizkera mota hori erabiltzen. Izugarria da ikustea botoak lortzeko erabili behar dutela batzuek, ustez oso ezkerreko eta moderno, oraindik ere.