Eskema binariotik at

10.05.2021 | 01:02
Eskema binariotik at

Grimau: Julian Grimau (Madril, 1911). 1963ko apirilaren 20an fusilatu zuen Francoren erregimenak Espainiako hiriburuan. 1936ko gerra garaian poliziaren buruzagietakoa izandakoa, Partidu Komunistako kidea, modu basatian torturatu zuten Puerta del Solen zegoen Seguritateko Zuzendaritza Nagusian; tortura zantzuak estaltzeko eraikineko patiora amildu zuten. Gerra Kontseiluan epaituta, bost orduko saioa nahikoa izan zuten legegizon iruzurtiek heriotza zigorra ezartzeko. Hurrengo egunean Francok eta bere ministroek –tartean Manuel Fraga Iribarnek– berretsi egin zuten epaimahaiaren erabakia. Nazioartean protesta ozena eragin zuen hilketa hark.

Hamar urteko umemokoa nintzen Grimau hil zutenean. Drama modura bizi izan zen Grimau afera gure etxeko sukaldean; gurasoek gordinki transmititu ziguten ekintza haren izugarrikeriak eragiten zizkien sumindura eta nahigabea –baita beldurra ere–. Ordurako entzunak genituen 36ko gerrako hainbat pasarte, tartean Lauaxetaren fusilamendua, baina gerra urruti geratzen zitzaigun, oso aspaldiko kontua zen umeontzat. Grimaurena, aldiz, gure begi bistan ari zen gertatzen. Gertutik jarraitu genuen jite politikoko lehen hilketa izan zen; beste askoren ataria.

Handik bost urtera, 1968ko ekainean, ziklo berri bat hasi zen Euskal Herrian, Txabi Etxebarrietak José Pardines guardia zibila hil zuenean, eta guardia zibilek Etxebarrieta hil zutenean. ETAren borroka armatuaren lehen mugarria izan zen hura, berrogeita hiru urte luzatuko zen aldiaren hasiera. Gure belaunaldiaren gaztaroa ez ezik, helduaroa ere markatu duen egitaterik indartsuenetakoa.

Gerora, urteen buruan, memorian ezabaezin geratu zaizkigu hiru data: 2011ko urriaren 20a (ETAk borroka armatua utzi zuenekoa), 2017ko apirilaren 8a (armak entregatu zituenekoa) eta 2018ko maiatzaren 3a (ETAk bere burua "urtu" zuen eguna). Hiru urte daramatzagu abagune horretan, baina oraindik asko geratzen da iraganaren zama kudeatu eta etorkizunari begira taxuzko bizikidetza ziurtatzeko ahaleginean. Bide horretan sartuta, honako hiru kontzeptu hauei jarriko diet azpimarra: disidentzia, errukia eta duintasuna.

Disidentzia eskubide osasuntsua da, manikeismoaren kontrako txertorik seguruena. Herri honek bizi izan duen gatazkan, biolentzia politikoari dagokionez, eskema binarioa dago marraztuta oinarrian, eta bada jendea mutur banatan kokatu eta gotortzen dena. Eskema binario horrek, ordea, herritar asko kanpoan uzteaz gain, ez du balio ñabardurak jasotzeko. Areago, norbanakoak alde baterako joera argi eta garbia izan arren, askotan ez da ados egongo alde horren hainbat ikuspegi eta jokabiderekin; eta horrela, tributik kanporatua izateko trantzean ipiniko du bere burua. Nolanahi ere, merezi du arriskua hartzeak.

Errukia erlijioak bahitua eduki duen kontzeptua da, Xabier Letek –zorionez– bere poemetan berreskuratu zuena. Errukia: besteen mina partekatzeko jaiera eta gaitasuna. Enpatiatik haragoko pausoa emanez, gatazkak norabide guztietan eragin duen saminaren aurrean, errukia aldarrikatuko nuke.

Joseba Sarrionandiak bere azken liburuan –Gauzak direna balira (Habanako gaukaria)– errukiaren eta enpatiaren arteko bereizketa egiten du: "Gupida eta erruki hitzak gero eta ezgaituago daude. Munduko zorion eta zoritxar guztien lekuko garela uste dugu albistegiro. Internetez konektatu eta nornahiz senti dezakegu enpatia. Enpatiaren kontzeptu hori, paradoxa bada ere, oso sintonian dago espektakuluaren gizarteak eragiten duen indiferentziarekin. Enpatia, besteari gertatua ezagutzea eta bestearen sentipenak konprenitzea, indiferentziarekin konfunditzen da gehienetan, teleikuslea begiesle hutsa denez gero. Zinismo edo sadismo puntu bat ere izan daiteke ikusle horren begirada patxadatsuan. Zoritxartuarekiko sinpatia adeitsua balitz ere, minduarekiko begikotasun edo kidetasun hori ez doa inora". Bistan da Sarrionandia testuinguru zabalagoaz ari dela, baina, nire ustez, bizikidetzaren esparrura ere ekar daitezke baieztapen horiek.

Duintasuna. Emilio Lopez Adan Beltzak argitaratu berri du Borroka armatuaren historia Euskadin.1967-2011 liburua. Xabier Letonak Larrun aldizkarian egin dion elkarrizketakoa da pasarte hau: "Historiak ezin ditzake gatazkaren arrazoi politiko eta sozialak baztertu adiskidetzaren bidean, zeren eta orduan, ukatzen baitu gatazkaren egiazko arrazoiak ezagutzea, bai egileen motibazioa (...) Gure lana da okerrak argitzea eta zergatik ziren okerrak azaltzea, baina ekintzaile bezala haien duintasuna berriz aldarrikatuz".

Ados erabat gatazkaren testuingurua kontuan izatearekin. Duintasunari dagokionez, bi zentzuetan zirkulatu behar du: ETAren biktimei ere zor zaie eta aitortu behar zaie duintasuna. Oinarrian, pertsona orori zor zaion duintasuna; hortik aurrera, pertsona horietako bakoitzak egin duen ibilbidearen araberakoa. Zorua irristakorra da puntu honetan, badakit, epaile paperean jartzen baitu norbanakoa. Eta paletak kolore guztiak hartzen ditu, tortura jasan duenetik, torturatzailearenganaino.

Bukatzeko, bizikidetza oinarri sendoan eraiki ahal izateko derrigorrezkoa da oraindik itxi gabe dauden kasuak argitzea; bat bakarrik aipatzearren –lagin zinez esanguratsu modura– Joxe Migel Etxeberria Alvarez Naparraren bortxazko desagertzea.

* Artikulu hau ekarpen bat da, Foro Sozial Iraunkorraren "Bizikidetza demokratikoa eraikitzeko konpromiso soziala" prozesuari eginikoa.

noticias de noticiasdenavarra