Gure egunerokoan pantailek oso presentzia handia dute. Izan ere, zenbat aldiz begiratzen diogu mugikorrari egunean zehar? Eta tablet, ordenagailu edota telebistari?

Zorionez, gero eta gehiago hitz egiten ari da pantailez. Pare bat asteko tartean, hiru aldiz irakurri dugu haien inguruko aipamenen bat prentsa idatzian. Hauek irakurtzean hainbat zalantza sortu zaizkigu: zertaz ari gara pantailetaz hitz egiten dugunean? Zer ikuspuntutatik hitz

egiten da pantailen inguruan?

Azken aldian, tamalez, pantailetan euskara sustatzearen aldarrikapena streaming plataforma zein telebista formatuetara bideratuta dauden ikus-entzunezkoetara mugatu da. Izan ere, pantailen inguruan sare sozialetako edukiaz hitz egiten denean, gehienetan, kanpo mehatxu

bezala ikusten da.

Sarea, eta bereziki, sare sozialak hizkuntza hegemonikoei (gaztelania, frantsesa edota

ingelesa, adibidez) atea irekitzen dieten tresnak direla aipatu izan da, garai batean rockarekin gertatu zen bezala. Baina, gaur egun, rocka ez al da euskal musikaren parte? Zenbat pertsona gerturatu dira euskarara garai batean gure hizkuntzarentzako mehatxutzat hartu zen musika estilo horri esker?

Sarea gure egunerokoan presentzia handituz joan den heinean, euskara erdigunean duten proiektuak sortu dira. Bere garaian Hertzainak edo Zarama taldeek rockarekin egin zuten moduan, hainbat lagun pantailetan edukia euskaraz sortzen gabiltza, atsegin ditugun ikus-entzunezkoak euskaratzen ari gara eta bideojokoen, rolaren, manga eta animearen, zinemaren zein Kodi bezalako tresnen zaleok elkarguneak sortu ditugu Sareak eskaintzen dituen aukerak baliatuz. Inork ezer esan gabe antolatu eta martxan jarri gara, bozgorailuetatik pantailak munduaren akabera direla esaten den bitartean.

Gero eta jende gehiago gara Interneten euskaratik eta euskaraz bizitzeko bidea egiten gabiltzanak; Youtube, Twitch, Tik Tok eta Instagram bezalako sare sozialetan edukia sortuz edota puntako film, telesail zein bideojokoak euskaraz egon daitezen lan eginez, adibidez.

Hala ere, gaur egun, euskaldun gehienok sare sozialak, streaming plataformak edota bidejokoak erdaraz kontsumitzen ditugu eta bilaketak erdaraz egiten ditugu. Izan ere, askotan ez dakigu atsegin dugunaren inguruko edukia euskaraz dagoen, eta egotekotan non edo nola topa daitekeen.

Pantailei buruz eztabaidatzeak beharrezkoa izaten jarraitzen duen bezala, gurea bezalako hizkuntza komunitate batean ezin dira gutxietsi Sareak hizkuntzaz gozatzeko eta horren

normalizaziorako ematen dituen aukerak.

Horregatik, oso garrantzitsua da euskara erdigunean duten proiektu eta edukiak bultzatzea: sare sozial ezberdinetako eduki sortzaileen lana ezagutzera emanez, gai espezifikoen inguruko euskarazko komunitateak sustatuaz, Zer Non Ikusi bezalako tresnak ezagutu eta zabalduz edota euskarara itzultzen, bikoizten edo azpititulatzen direnak kontsumituz, adibidez. Beraz, euskaraz bizi nahi dugun heinean, garrantzitsua izango da halako espazioak ezagutu eta kontuan hartzea.

Sareko eduki sortzaileak