Aurtengo Angulemako Komiki Azokan lehertu zen polemika. Europako azokarik handiena den honetan, komikigile baten ibilbidea omentzen duen Sari Nagusirako 30 finalisten artean ez zegoen emakume bakar bat ere. Gainera, azokaren 42 urteko historian behin soilik lortu du sari nagusia emakume batek. Horren aurrean, sexismoaren aurkako komikigile talde batek boikotera deitu zuen, hainbat finalistek bertan behera utzi zuten euren izendapena... Antola-tzaileek argudiatu zuten, hitzez hitz, “beraiek ezin dutela komikiaren historia aldatu”, eta komikiaren munduan egileen gehiengo nagusia gizonezkoak izan direla.

Finean, halaxe baita: komikiaren mundua tradizionalki gizonezkoen eremua izan da, politika, kirola eta gizarteko beste arlo gehientsuenen gisara. Baina, horietan bezala, komikigin-tzan ere azken urteotan gauzak aldatzen ari dira pixkanaka. Euskal Herrian ere izan dira eta badira emakume komikigileak, gero eta gehiago. Komiki-eredu jakinen eta aurreiri-tzien kontrako borrokan ari dira, komikiaren mundua aberasten, berdintasuna helburu.

Josune Muñoz genero ikerketetan aditua da, emakumeen kultura eta literaturan espezializatutako Skolastika kultura-gunearen sortzailea eta, azken urteetan, komikizale amorratua izaki, buru-belarri ari da euskal komikigintzaren genero-ikerketetan. “Komikigintza, kultur arlo guztiak bezalaxe, gizonen esparrua izan da”, dio Muñozek. Bere esanetan, horren zergatia ulertzeko ez dago arloko arrazoi espezifikoak bilatu beharrik, “gizarte patriarkaletan gizon eta emakumeen artean ematen den espazio, rol eta zereginen banaketa dago hor: gizonezkoek botere-esparru publiko guztiak bereganatu dituzten bitartean, emakumezkoei etxeko espazioa soilik utzi zaie, ugalketa, zain-tza, hezkuntza eta emozioekin zerikusia duten zereginak esleituz”.

Iritzi berekoa da Bego Montorio ere. Literatura-itzultzailea lanbidez eta komikizalea afizioz, biak uztartzen saiatu da, eta bera da gaur egun egiten diren komikien euskararako itzulpen gehienen itzultzailea. “Oso mundu maskulinoa izan da komikiarena, kulturan, zientzian, politikan... emakumeen presentzia publiko urria egoteko egon daitezkeen arrazoi berberengatik: jendarte patriarkala, matxista, emakumeen ikusezintasuna...”.

Izan ere, emakumezkoen komikigintza, tradizionalki, neskentzako komikira edo komiki erromantikora mugatu da. Horien adibide dira Purita Campos eta bere Esther, Gina edo Jana, Trini Tinturé eta bere Emma... “Lehen aipatutako rol banaketak baldintzatu izan du emakumezkoek sortu eta irakurri zitzaketen komiki-motak ere”, Muñozek dioenez. Baina ez da ekarpen edo genero hori gutxietsi behar, bere iritziz. “Garaiko neskentzat egile hauek sortutako komikiek mutilentzat sortutakoek adinako errespetua eta arreta merezi dute, gutxienez kalitate berarekin funtzio bera betetzen baitzuten, ihesbiderako irakurketa arin eta entretenigarriak eskaintzea, alegia”.

Gizartearen zati handi batek oraindik ere emakume komikigileen lanak genero jakin batzuetara mugatzen dituela uste dute Muñozek zein Montoriok. “Aipatu ditugun garai bateko neskentzako komiki erromantikoak, 1970. hamarkadatik aurrera AEBetan ernatu zen eta gaurdaino jarraitu duen emakumezko komiki feministaren generoa edo emakumeak protagonista dituzten komiki intimistak” aipatu ditu Muñozek. Areago, emakumeek egindako komikia bera generotzat hartzen da sarri, nahiz eta Muñoz eta Montorio bat etorri ez honekin. Izan ere, Montorioren iritziz, “hor badago tranpa bat, normaltzat edo estandar-tzat gizonezkoek egindako komikiak hartzen baitira: horiek dira komikiak, deiturarik gabe; haiek landutako genero, estilo eta gaiak askotarikoak dira, munduaren ikuspegi osoa ematen digute, eta hortik kanpokoak salbuespenak dira, anormalak (normaltasunetik ateratzen baitira), etiketatu beharrekoak; hala, emakume batek egindako komiki bat ager-tzen bada bestelako ikuspuntu batekin, ez da berez batzen komikien multzora, ez da araua zabaltzen duen ekarpentzat jotzen, aparteko sailkapena bilatzen zaio: komiki femeninoa”.

Muñozek ere “emakumeak genero guztietan agertzen” direla dio, baina gaineratu du emakumeei mota jakin batzuetako komikiak egitea tokatu izan zaiela eta beste mota batzuetakoak betatu. “Botere edo ospe gehieneko generoak, komunikabideetako umore politikoarena adibidez, emakumeentzat debekatuta egon dira”, uste du bilbotarrak. Horretarako, bere esanetan, Tirabirak erakusketa ibiltaria ikusi besterik ez dago, 1977tik gaur egunera bitarteko euskal gatazkaren inguruko komunikabideetako tira komikoak jasotzen dituena: “hamarnaka egileren artean, bakarra da emakumezkoa”, azpimarratu du. Beste kontu bat ere azpimarratzen du Montoriok gai honetan: lehen komikiak batez ere eskuz koloreztatzen ziren (gaur egun, ordenagailuz) eta lan hori askotan emakumeek egiten zuten, baina zeregin hori bigarren mailakoa, errekonozimendurik gabekoa eta ikusezina zen.

Komikiaren historiaren zati handienean gauzak hala izan badira ere, badira urteak emakumeen presentzia gero eta handiagoa dena komikigintzan eta egun kalitate handiko emakumezko egile asko daude alor honetan. Hala ere, “komikigintzak ere gizonen esparrua eta botere-arloa izaten jarraitzen” duela diote biek, eta uste dute komikigintzan oraindik berdintasunetik oso urruti gaudela, tamalez.

euskal herrian, zer? Oro har, Euskal Herrian ere errealitatea berdintsua izan da, baina badira desberdintasunak. Muñozen ustetan, emakumeen presentzia urriaren fenomenoa areagotu egin da gurea hizkuntza gutxitu baten kasua delako eta euskal komikien argitalpenak urriagoak izan direlako. Beste ñabardura batzuk ere ikusten ditu ordea. “Gure komikigintzak zerikusi handiagoa izan du hizkuntza-irakaskuntzarekin, eta emakumeen presentzia irakaskuntzan handiagoa izan ohi denez, emakumeak beti egon dira; gainera, euskal komikigintza kultura minorizatu baten testuinguruan eman denez eta horrelako egoera batean guztien lana behar dela argiago ikusten denez, momentuan baloratua izan da; horrek ez du esan nahi egileak izan direnik, gehiagotan aritu dira kudeatzaile, dinamizatzaile edo pedagogo lanetan irudi-lanetan baino, eta euren ekarpena ez da kanonean geratu”.

Euskal emakume komikigileen zerrenda osa-tzen hasita, topatzen dugun lehen izena Ignacia Zabalorena da. Gerra aurretik jardun zen komikigintzan, 1925 eta 1931 bitartean. Nor-nai ezizenez sinatzen zituen bere lanak, anonimotasuna mantendu beharrean baitzen, garaiek behartuta. Diktadura amaitu arte itxoin behar dugu gure komikigintzan emakumezko izen gehiago agertzeko. Hortik eta milurteko berrira arte euskarazko komikigintzaren erreferentzia nagusia komiki-aldizkariak eta horien zenbaki bereziak izan ziren. Ipurbeltz aldizkariaren historia luzean zehar (1977-2008) hainbat emakume aritu izan ziren bertan komikiak egiten.

HABEk ateratzen zuen Habeko Mik aldizkarian (1982-1991) ere aritu ziren hainbat emakume, baina beti bezala oso parte-hartze txikia izan zuten. Gainera, gehienek behin edo oso gutxitan besterik ez zuten kolaboratu. Gauza bera esan daiteke Napartheid aldizkariaz ere (1988-2001). Emakumezkoen parte-hartzea izan zuen baina proportzioan txikia. Hala ere, 18. zenbakia emakumezkoen lanen antologia bat izan zen, Aizan... izenburukoa, Amaia Martiartu Napartheid-eko ohiko kolaboratzaileak zuzendu zuena. Bertan aritu zirenen artean Maite Martinez de Arenaza, Alazne Odriozola, Maria Colino, Irene Borda, Marie Kapretsz eta Eva Artazkoz aipa ditzakegu.

Mende honen hasieran Sauré argitaletxea abiarazi zuen Jean François Sauré-k. Album ugari argitaratu ditu geroztik, horietako asko zenbait gairen inguruko helburu didaktikoekin izan badira ere (hala nola historia, artea, ekologia...). Emakumezko euskal egile aunitz aritu izan dira bertan marrazkilari zein gidoigile lanetan, proportzio ezohikoki altuan. Marrazkilarietako batzuk Eva Garcés, Amaia Ballesteros, Maria Jose Mosquera eta Sara Calzada dira. Eta gidoilarien artean daude Txani Rodriguez, Inge Egiluz, Yurre Ugarte eta Ainize Eguiarte. Ikastolen elkarteak argitaratzen duen Xabiroi aldizkaria da gaur egun erreferentzia nagusia euskarazko komikigintzan. 2005etik atera-tzen da hiruhilabetekari gisa, eta bertako istorio jarraituetako batzuk album gisa kalera-tzen ditu, urtean behin. Marrazkigile gisa argitaratu dute bertan Ainara Azpiazu Axpi-k, Amaia Ballesterosek, Raquel Alzatek, Arantza Sestayok eta Maite Gurrutxagak, eta gidoigile moduan ibili izan dira Yurre Ugarte, Eider Rodriguez, Irati Jimenez, Arantxa Iturbe eta Katixa Agirre.

axpi eta ugarte Emakumezko euskal komikigile biren esperientziak jaso ditugu. Ainara Azpiazu, Axpi ezizenez, komiki-marrazkilaria dugu, normalean bere gidoi propioekin aritzen dena. Umore grafikoa landu izan du Berria egunkariarentzat, eguneroko tirak eginez. Tirabirak euskal gatazkari buruzko erakusketan dauden komikigileetatik emakumezko bakarra bera da. Galtzakomik lehiaketa irabazi zuen 2012an, eta horrez gain beste sari eta akzesit batzuk eskuratu izan ditu. Hernaniko Kronika-n tirak argitaratzen ditu 2005etik hona, baita Garako Gaur8 gehigarrian ere. Xabiroi-n kolaboratu izan du eta H28 hilabetekarian finkoetakoa da.

“Irudiaren bidez komunikatzeko beharrak” eraman du Axpi komikigile izatera, baina argi zeukan ez zuela edozein komiki mota egin nahi. “Nerabezaroan nire eskura zeuden komikiak ez zitzaizkidan bereziki erakargarriak egiten gai aldetik (Asterix edo Mortadelo eta Filemon bezalakoak ziren gertuen nituenak, anaiaren zaletasuna medio); haurtzarotik beti izan dut faltan nesken rol interesgarriak zituzten marrazki bizidun zein komikiak eskura izatea; Pottokinaren rola bezala ikusten nuen emakumearen rola askotan, hau da, beste pertsonaiak ziren arotza, musikaria, kirolaria... eta bera neska zen, hori zen bere rola”. Beste erreferentzia batzuk ere ez ditu gogoko izan, ikasteko Milo Manara aztertzea gomendatu ziotenean bezala. “Harrituta geratu nintzen, teknikoki marrazkilari ona den arren, edukiak erabat sexistak direlako, eta erreferentzia bezala niri horrek ez didalako ezertarako balio”. Horregatik, beste emakume askok bezala, “beste ikuspegi bat emateko gogoa nuen, geureagoa, interesgarriagoa eta errealistagoa izan zitekeena”, kontatu du Axpik.

Emakume batentzat komikigintzan aritzea erraza ote den galdetuta, beste galdera batekin erantzuten du: erraza al da euskaldun izatea espainolak dominatutako lurraldean?”. Bere iritziz, “ariketa bat da, hegemonikoa ez den posizio batean jartzen zaituzte, askotan horri kontra egiteko beharrean, zure burua defenditu beharrean edo... baina beti kontran eta justifikazioan indarrak galtzen dira; orduan, hortik atera eta gauzak naturaltasunez egitea da kontua, gure tokia hartu eta hortik konplexurik gabe gure espazioa erabili, inori ezer justifikatu beharrik gabe, eskubide osoz”.

Yurre Ugarte gidoilaria da ogibidez, telebista kate ezberdinetarako telesailen gidoiak idazten ditu. Katu hegoduna izan zuen lehen lana, Joseba Larratxe Josevisky-k marraztu zuena. Geroztik, Xabiroi-rako hainbat marrazkigilerekin kolaboratu du: Alex Orbe, Joseba Larratxe, Mai Egurza...

Komikigintza ez da arlo erraza, Ugarteren ustetan. “Merkatu zabala duten herrialdeetan agian errazagoa da, baina hemen nekez irabaziko duzu dirua”, onartzen du. Emakume batentzat are zailagoa den galdetuta, zera dio: “Pentsatu nahi dut gaur egun emakume batentzat gizonezko batentzat bezain erraza edo zaila dela komikiaren munduan aritzea, baina gero, errealitatean, emakume komikilariaren genealogia bat ez dugu, edota dagoen apur hori ez zaigu kontatzen, orduan ez da harritzekoa emakume-egile gutxi bideratzea komikiaren mundura, erreferente gutxi duelako, nahi edo behar izanez gero”.

Jakina, gauza atsegingarriak ere baditu komikigintzak, Ugarteren iduriko. “Komikigintzak, idazle bezala, ematen dit askatasun osoa nahi dudana ipini eta imajinatzeko; ez dago mugarik, salbu zure irudimenarena”. Gainera, Ugarteren iritziz, “komikian testua eta marrazkiaren arteko uztarketa bikaina lortu behar duzu, sekuentziazioak funtzionatu behar du, eraginkorra izan plastikoki nahiz narratiboki, eta guzti hori lortzea erronka bat da”, dio. Baina berak erronkarekin jarraitzeko asmoa du. “Jada badaukat idatzita nobela grafiko baterako gidoia eta marrazkilariak egin dituen bozetoak ikusteko irrikaz nago orain; istorioak kontatzeko gogoa daukadan bitartean eta proiektua interesatzen zaidan bitartean, honetan jarraituko dut”.