Síguenos en redes sociales:

Bizitzaren harietatik zintzilik

Ertza konpainiak ‘Hariak’ ikuskizuna taularatuko du asteburu honetan, Donostiako Gasteszena aretoan. Asier Zabaletaren zuzendaritzapean, dantza, txotxongiloak eta Harkaitz Canoren testuak uztartzen ditu diziplina anitzeko ikuskizun orijinal honek

Bizitzaren harietatik zintzilikG. Bravo

Badira momentuak bizitzan zeinetan dena, edo ia dena, kontrolpean dugula pentsatzen dugun: gauzak eta helburuak lortuz goaz pixkanaka -materialak eta bestelakoak-, oinarri sendoa duela dirudien eta nolabaiteko ziurtasuna ematen digun bizitza bat eraikitzen dugu urratsez urrats? edozein momentutan dena pikutara joan daitekeela kontuan hartu gabe. Eta, hain zuzen ere, dena hankaz gora jar-tzen den momentu zehatz horietan bakarrik ohartzen gara bizitzaren ahuleziaz, bere hauskortasunaz, bizitza den hari gaineko dantzaz. Bada, horixe da Hariak, Asier Zabaleta dantzari eta obraren zuzendariaren esanetan: “Istant batean, bizitza osoa sostenga-tzen zuten hariak hautsi eta hutsetik hasi beharrean aurkitu den jendearen esperien-tziez osatutako antzezlana. Benetako jendearen benetako istorioak”.

Hain justu, zuzendariaren bizipen pertsonal bat du oinarrian ikuskizun honek. “Familian oso gertuko heriotza bat izan ostean, hausnarketa sakona abiatu nuen; asko pentsatu nuen hiltzen den horrek bere inguruan uzten duenari buruz: ingurukoak nola geratzen diren, zein posiziotan uzten duen bat halako gertaera batek, nola zerotik hasi behar zaren, inongo aurre-abisurik gabe, mundura lotzen zintuzten hari horiek moztuta”, kontatu du Zabaletak.

Sentipen horiek barruan bor-bor zituela, irudi bat etorri zitzaion burura Ertza konpainiaren zuzendariari: txotxongilo bat hariak moztuta. “Metafora moduan primerakoa iruditu zitzaidan. Irudi perfektua zen helarazi nahi genuen mezua transmititzeko: hau da, guztiok garela bizitzaren txotxongilo. Obra honetan jorratzen den gaiak txotxongiloak erabiltzea eskatzen zuen nolabait”. Horrela ba, Zabaletak berehala ikusi zuen txotxongiloekin zerbait egin behar zutela beraien hurrengo sorkun-tzan. “Bazegoen hor terreno bat lantzeko nik ordura arte ezagutzen ez nuena. Izan ere, txotxongiloak modu oso naturalean manipula-tzen ikusi ditugu hainbatetan, baina dantza munduarekin txertaturik ez ditut inoiz ikusi, eta hori probatu nahi genuen”, kontatu du Zabaletak.

CANOREKIN ELKARLANEAN

Dantza garaikidea eta txotxongiloak ez dira Hariak obraren osagai bakarrak. Horiez gain, Harkaitz Cano idazlearen testuak ditu oinarrian ikuskizunak. Ez da honakoa Zabaleta eta Cano elkarlanean aritzen diren lehen aldia. Sorkuntza berrienari forma emateko elkarrekin bildu zirenerako, Ertza konpainiaren zuzendariak garbi zeukan ikuskizunari eman nahi zion ikuspegiak txotxongiloekin eta hauen sinbologiarekin, hots, hariekin, lotura zuzena izango zuela. Hala, premisa horrekin bat etorriko ziren istorioen bila jo zuen Canorengana. “Txotxongilo bati hariak mozten zaizkion moduan, beraien kontroletik at dagoen zerbait gertatu zaion jendea du hizpide obra honek; zerbait gertatu, horrek bizi-tza aldatu eta zerotik hasi behar izan duen jendea alegia”, jakinarazi du zuzendariak. Hain justu, txotxongiloak manipula-tzeko erabiltzen den elementua da obra honetan kontatzen diren istorioetan haustu beharrekoa”, gaineratu du.

Canoren testuek ikuskizunaren baitan “pisu handia” dutela dio Zabaletak: “Sei istoriok osatzen dute Hariak, denak lehen pertsonan kontatuak. Hala ere, elkarren artean oso desberdinak dira. Oso modu ezberdinean sortu eta landu ditugu, eta bakoitzak bere izaera dauka. Batzuk lazgarriak, beste batzuk arinagoak? oso ezberdinak dira elkarren artean, baina guztiek konpartitzen dute ikuspuntu bera: bizitzaren bat-bateko hauskortasunak parean harrapatu dituen pertsonaiak dituzte ardatz”.

Harkaitz Canok sorturiko hitzak entzungo ditu publikoak obran zehar, baina ez dan-tzarien ahotan, aktore profesionalen ahotsetan grabatuak egongo dira hitzok. Besteak beste, Asier Hernandez, Dorleta Urretabizkaia, Marga Altolagirre, Gorka Zubeldia eta Sergio Nguemaren ahotsak entzungo dira obran. Hala, txotxongiloen emanaldietan erabiltzen den ohiko sistema darabil Ertza konpainiak ikuskizun honetan. “Ahotsa beste nonbaitetik datorren arren, segituan uler-tzen dugu txotxongiloa dela hitz egiten ari dena. Bada, kasu honetan, txotxongiloa zein dantzaria izan daiteke hitz egiten ari dena, maila berean jarri baititugu batzuk eta besteak”, azaldu du Zabaletak.

EZOHIKO FORMULA

Bere sorreratik, Gipuzkoako Ertza dantza taldeak betidanik agertu izan du dantza, eta dantza garaikidea bereziki, bestelako diziplina artistikoekin fusionatzeko joera. Ez da lehen aldia, adibidez, sorkuntzei forma emateko antzerkira gerturatzen direna. Baina Hariak sortzeko beste jauzi bat eman dute. Esan liteke orain arte aurrez ikusi gabeko ezohiko formula berritzailea erabili dutela dantza garaikidea txotxongiloekin uztartuta. “Diziplina ani-tzeko sorkuntzak gure eguneroko ogia dira -dio Zabaletak-, baina, oraingoan, hutsetik abiatu behar izan dugu, lehenik eta behin esku artean geneukana ezagutu behar genuelako. Ez dugu inoiz txotxongiloekin lan egin; erabat berria izan da dena zentzu horretan”, kontatu du Zabaletak. Zehazki, Dejabu taldeko Urko Redondoren txotxongiloak erabili dituzte obra honetarako.

Bilbo Eszenan egin zuten egonaldian hutsetik abiatu behar izan zuen taldeak, obraren sorkuntza prozesua abiatu aurretik, taldekideek “txotxongiloen lengoaia bere egiteko”. Zabaletak kontatu du lan handia egin behar izan zutela aspektu horretan: “Txotxongiloekin jolastu nahi genuen, beraiengana hurbildu. Eta uste dut aurkitu dugula espazio komun bat, zeinetan gauza oso politak sortu ziren”.

Hasieratik azaldu du Ertza-ko kideen asmoa izan dela dantzariak eta txotxongiloak, biak, maila berean jartzea. “Batetik, ez genuen nahi dantzariek panpinen mugimenduak imitatzea, eta, bestetik, panpina ere ez genuen manipulatu nahi. Manipulatua ikustera ohituta gauden elementuak bizia hartzearen esperientzia interesatzen zitzaidan. Eta, batez ere, nahi genuena zen panpina bera murgiltzea dantzaren eta bere lengoaiaren barruan; txotxongiloak dantzan integra-tzea alegia”, nabarmendu du.

LENGOAIA KOMUNA

Txotxongiloekin lan egin eta gero, Zabaleta eta bere lan taldea obrari forma ematen hasi ziren. Dantzari eta txotxongiloen interakzioa bilatzen duen obra honetan, jatorri eta estilo anitzeko sei dan-tzari ari dira oholtzan. Horietatik bi, Thiago Luiz Almeida eta Caio Henrique de Souza, brasildarrak dira eta hip-hop eta break dance mundutik datoz. Claudio Rojas txiletarra dantza garaikidearen alorrean aritzen da, baita Natalia de Miguel eta Maria Andres bizkaitarrak ere. Profil anitzetako profesionalak izan arren, Zabaletak dio denen artean lortu dutela “lengoaia komun bat sortzea, zeinetan denok eroso sentitzen garen”.

Zalantzarik gabe, Ertza-ren azken sorkun-tza apustu desberdin eta ausarta da, eta, zen-tzu horretan, Hariak ikuskizunak ikuslea harritzea espero dute partaideek. Besteak beste, ikus-entzulearengan zalantza sorraraztea dute helburu. “Dantzaren begiradatik ikuslea engainatzea bilatzen dugu; ikusleak nor den nor jakiteko zailtasunak izatea nahi dugu, zein ari den zein manipulatzen, dan-tzaria ala panpina. Eta uste dut asmatu egin dugula: lortu dugu txotxongiloei bizitza ematea, baina lortu dugu, baita, txotxongiloak dantzari bat gehiago izatea. Eta nahiko genuke emanaldietan ikuslea bera ere pixka bat txotxongilo sentitzea, bere gabezi eta ahuleziez konturatzea”.

Hariak-en estreinaldi ofiziala gaur (gazteleraz) eta bihar (euskaraz) izango da, Donostiako Gasteszenan. Ondoren, urriaren 22an, Bilboko Guggenheim Museoko Auditorioan izango dira, BAD jaialdiaren barruan.