Musika lan batean ikusten den lehenengo gauza azala da. Bai disko dendetan eta baita streaming plataformetan ere, alde bisuala da arrenekoa, play botoia sakatu baino lehen. Denok gogoratzen ditugu portadak eman dizkiguten lehen zirrarak: positibo edo negatiboak. Burura datorkit bereziki Itoiz taldearen 'Ambulance' (1987) disko bikainaren azal itsusia. Lagunen behin eta berriroko gomendioengatik ez balitz, nire bizitzako disko garrantzitsuenetako bat galduko nuke azalean geratzeagatik. Kontrakoa ere gertatzen da, sarri. Albumaren portadaz maitemindu, etxera eraman eta musika gustatu ez. Gaur egun, streaming plataformetan, gutxienez dirua gastatu baino lehen jakin dezakegu zer den azalaren atzean dagoena.

Noski, musikariek ere kontuan hartzen dute haien lanen azalak duen garrantzi erakartzailea. Gehienek "zuk zeuk egin ezazu" filosofia erabiltzen dute hasiberritan. Garrantzia kentzeagatik baino, ekonomia dela-eta. Asko beren soiltasunagatik egin ziren famatu. Batez ere punk eszenan, eskuz egiten zituzten collageak, gerora fotokopiatu eta azalak banan-banan egiteko. Oso ospetsuak dira Black Flag-en artea egiten zuen Raymond Pettibon edo Daniel Johnstonek eskuz egiten zituen portadak, Hi how are you? (1983) mitikoa medio. Hala ere, formatuak ematen dituen aukera mugagabeei esker, musika industriaren alor ezinbestekoa bilakatuz joan da diskoaren diseinua. Hala, arte eremu propioa sortzen hasi zen portaden inguruan, eta baita horretan espezializatutako artistak ere.

Esperimentaziorako Gizartearen subkontzientean betirako lekua irabazi eta eredu eragile bihurtu diren azaletara heldu arte: Velvet Undergrounden platanoa, The Clashen London CallingNirvanaren umea edo Beatlesen bihotz bakartien klubeko familia argazkia. Hala, eta behingoz musikaren osagarri garrantzitsutzat hartuta, bide berri bat ireki da. Diskoen azalek aukera amaigabeak ematen dituzte, eta artistek maila berri batera eramaten dute, formatu eta kontzeptuen bitartez sormenerako atea irekiz. Formatuetan hurbil ditugu Pxxr Gvng trap iraultzaileen Tu coño es mi droga (2015) tanga-singlearen adibidea eta Dupla bikote euskaldunaren txupatxusarena.

Kontzeptualki ere proiektu oso bitxiak argitaratu dira. Adibidez, Aphex Twin artista elektronikoak diskoa egiteko gastuen zerrenda jarri zuen Syro (2014) lanaren azalean. Edota Kanye West-en Yeezus (2013) diskoa, duela gutxi zendutako Virgil Abloh diseinatzailearekin egina, portadarik ere ez zuena.

Euskal Herrian ere badugu diseinatzaile eta portadista ugari, gero aipatuko den bezala. Baina atal honetan aipamen berezia merezi du Arriguri kolektiboak, argitalpenen azalen formatuak beti zaindu dituztelako. Frantzeskaren 2012ko F zabalgarritik hasita eta Endemañoren zakuz egindako azalera arte. Bidehutsekoek ere asko zaintzen dituzte azalak, beti kartoi eta inpresio zainduetan, eta aipatzekoa da ere aurki argitaratu den Vulk bizkaitarren Vulk ez da diskotzarra, egurrean zizelkatutako portada bitxiarekin.

Musikaren izaera soziala

Momentuko egoera soziala islatzen dute musika diskoen portadek eta bertan erabiltzen diren teknikek. Badaude estilo jakinetarako portada eta kartelgile trebeak (adibidez, Bilboko Smoke Signals Studio, mundu rockeroaren diseinuaren maisu), eta badaude ere arte honen jarraitzaile amorratuak. Erakusletzat afixa eta disko diseinuen inguruan sortu diren ekimen eta argitalpenak. Gigposter bilatzailea, zeinetan artista edo musikarien bilaketak egin daitezkeen, euskal eszenako afixak agenda modura biltzen zituen Postwall aplikazioa… eta nire gustukoenetakoa: Gracias por la musica (2005) liburua. CDak eta zintak kopiatzeko garaian, ohikoa zen portada propioa gehitzea: marrazkiak, collageak… Liburu liluragarri honetan, Xavier Carbonellek eta Joaquín Gáñezek era guztietako pertsonek haien etxeko kopia propioentzako egindako 700 azal baino gehiago berreskuratu dituzte.

Euskal Herrian ere horrelako liburu bat egiteko moduko kalitatezko artista ugari ditugu (agian afixa eta diskoen arteari eskainitako bakarra punk eta hardore eszenako Txoriren lana biltzen duen 'Al mal tiempo buena arcada' da). Bertako arte tradizioa oso baliotsua da, eta diskoen azaletan islatu da aspaldi. Adibide garaikideak ere ez dira falta: aurretik aipatutako Bidehuts kolektiboaren inguruan dabiltzan Ramon Zabalegi (Ainara Legardon edota Lisabörentzako lanak), edo Nagore Legarreta'Anariren Irla' izan (2009) diskoan egin zuen lan biribila, esaterako. Collage analogikoaren beste erakusle harrigarria, Joseba Elorza Miraruidok Berri Txarraken azkenen diskoan egindakoa edo Curruscuk ekoitzitako 'Yellow Big Machineren I’m Searching for Friends' (2009) diskoaren azala, Photoshopik gabeko diseinu latza. Eta ez bakarrik azaletan, Studio Olraitek marrazkiak jartzen dizkie euskal kantuen esaldiei bere Instagramean; Ximon Agirrek Lukiek taldearen azal izugarriak egiteaz gain poster erakargarriak ere egiten ditu… Imanol Sesma/Gatza estudioaren Sofa, Madeleine edo Ezpalakentzako lanak; Gorka Larcan Zetak edo Airuren diseinatzailea; edo lehenago aipatutako Vulkeko abeslaria, Andoni de la Cruz, euskal punk oi! eszenari marrazkiak jartzen dizkiona. Finean, musikariek argi dute azal erakargarri bat oso garrantzitsua dela, eta entzuleek lanaren artea asko baloratzen dutela. Hala ere, eman aukera bat azal itsusiei ere, barruan bestelako soinuak aurkitu ditzakezu eta. Ez geratu azalean!