Garai batean albiste izan zen Bilboko futbol jarraitzaile batzuk Hungariako Budapest hirira joan zirela Bukarest-era joateko asmoa zutenean. Barre ederrak egin zituzten zuri-gorrien kontura beste futbol taldeetako jarraitzaileek, eta are gehiago ni bezala futbolaz aspertuta gaudenok. 2012an izan zen gertaera hura eta Interneten pixka bat begiratuta konturatu naiz ditxosozko fake news bat izan zela, baina garai hartan ez genekien anglizismo hori bazenik ere. Gezurrezko pasadizo hura etorri zitzaidan burura hegazkineko txartela erosteko azken klika egiteko unean. Pantailan jartzen zuena ondo irakurri eta bikotearengana jo nuen berrespen eske: “Bari-ra goaz, ezta?”. “Bali-n agertzen bagara, gaitz erdi”, erantzun zidan.

Benvenuti in Puglia jartzen du aireportuan, hortaz asmatu dugu. Baina ez pentsa halako poztasunik adierazten dugunik. Ez dut esango triste gaudenik baina nahaste baten ondorioz Bali-n agertuko bagina, ez ginateke kexatuko. Hogei minutuko tren bat eta iritsi gara Bari Centrale geltokira, hiri handi batera sartzeko ate nagusira. 

Amabirjinak kaleko kantoi batean.

Amabirjinak kaleko kantoi batean. Eneko Eizagirre

Italiar penintsularen ‘takoiko’ hiriburua da Bari. Adriatikoaren kresala maite duten hiri guztietan handiena dugu eta Europako hego ekialdeko lotune garrantzitsuenetakoa da. Hiri zahar bat espero genuen baina Borgo Murattino auzoko kale laukietan barrena egin ditugu lehen pausoak. Hiriaren zabalkunde naturala da eta bertan topa daitezke garaian garaiko agintariek eta aberatsek eraikin moduan utzi nahi izan zituzten aztarnak.

Petruzzelli teatroa da horietako bat, bere fatxada dotore gorriarekin Italiako laugarren antzoki handiena dela harro azpimarratzen duena. Handik hiru kaletara, beste teatro bat dago, Margherita izenekoa, ez aurrekoa bezain ikusgarria, baina bai bitxia, izan ere palafitoen gainean dago eraikia, itsasoaren gainean hanka-puntetan, alegia. Halako bi eraikin bata bestearengandik hain gertu egotea eta gainera horietako bat itsasoan eraiki izana ez da kasualitatea, itun baten letra txikian dago gakoa. Petruzzelli teatroa familia aberats batek eraiki zuen bere diruaz udalak emandako lur eremu batean. Baldintza bat ezarri zioten dirudunek udalari, ezingo zutela beste teatrorik eraiki udalerriko lurretan. Denak ados. Hamar urteren bueltan, XX. mende hasierako goraldian, udalak antzoki publiko bat nahi zuen eta aberatsekin adostutakoari men (eta izkin) eginez, itsasoan eraiki zuten Margherita.

Arrain salmenta kalean.

Arrain salmenta kalean. Eneko Eizagirre

Hiriaren bihotzera

Vittorio Emmanuele II hiribidera iritsi gara, hiriaren bihotzera. Garibaldi-rekin batera, biak ala biak Italiaren ‘sortzaileak’, Italiaren luze zabalean falta ezin diren bi kaleen izenak dira Bittor eta Garirenak. Hiriak astindu bat jaso duela dirudi, kale zuzen eta zabalak zirenak kalexka estu eta bihurri bihurtu dira kolpetik. San Nicola auzoan gaude, Bari Vecchia-n. Alde zaharraren sarreran dagoen mapa aztertu, eta buruan geratu zaidanarekin abiatu gara altxorraren bila kaleetan barrena, zerbait topatzeko baino, bertan galtzeko asmo guztiarekin. 

Kaleak lasai daude, motorrak eraikinei pega-pega eginda aparkaturik eta zurrumurruek ihes egiten dute parez pare irekita baina gortina fin batekin estalita dauden leiho eta ateetatik. Telefono elkarrizketak, RAI 1 kanaleko albistegia, bazkalosteko txutxu-mutxuen saio zalapartatsuak. Kale kantoi batean biratu eta etxe azpi bateko arkutik igarotzean mahai batzuk agertu dira zuzenean kalera ematen duten ate irekien alboetan. Mahaiak baina, hankadun galbahe laukizuzen batzuk dira. Kolore horixka eta txanpon baten tamainako ehunka ale daude bertan lehortzen. Orechiette-ak dira (pasta mota bat), Bari Vecchiako Orechiette ospetsuak. Metro batzuk aurrerago azal ximurreko bi andre berriketan ari dira alaitsu, mingainak eskuak bezain arin mugituz. Urte askoan zehar teknika fintzen eta hobetzen joan diren Orechiette-ak egiteko makinak dira. Makina geldiezinak. 

Emakume italiar bat Orechiette pasta egiten. Eneko Eizagirre

Atseden hartu ostean iluntzean itzuli gara Bari Vecchiara eta beste mundu bat topatu dugu, hiriko harresi zaharraren barnean dauden kale estuak jendez gainezka daude. Kaos puntu bat dago, zaratatsua baino dotorea. Aste Santuko ospakizunak dira eta Processione dei Misteri-n murgildu gara nahi gabe. Konturatzerako gizaki fededunen korronte batean katramilaturik gaude eta itsasoan bezala, aurka egin ezin denean, korrontearekin batera joatea da onena. Eliza batean sartu gara xuxurlatutako errezo eta teatralizatutako eskaeren artean, baita kriptan ere. Kalera irten, arnasa hartu eta hurrengo elizara. Tabernaz tabernako poteo gogor bat dirudi, baina zurrut gutxi eta amen askorekin. Hogeita bi eliza inguru omen daude Bari Vecchian. Soilik gibel erlijioso handiko pertsonentzat egokia. Estasi erlijiosotik atera gara atseden hartu eta pizza zati bat jatera. Plaza lasai bat topatu dugu. Jendea berriketan balkoitik balkoira. Katuak motorren aulkietan eserita. Umeak calcio-ra jolasten. Limoncello zurrut bat bizi izandakoa irensteko. Ederki gaude Barin.