Uda hasia da. Deskantsu garaia, gozatzeko garaia, museo-herri-pertsona-eraikin-hondartza-txiringito-maitale-txosna-jaialdi berriak ezagutzeko garaia. Berehala askok edukiko dute udako argazkiz beteta mugikorra, eta behin eta berriz modu nostalgikoan begiratuko dute. Horietan arkitekturek bere presentzia izango dute, batzuetan protagonista izanik eta beste batzuetan bigarren mailako aktore gisa. Eraikinek, paisaiek, plazek… argazki eta irudietan berebiziko garrantzia dute, bai beraien errepresentazioan eta baita konposizioan ere. Susan Sontagek zioen argazki gutxik balio zutela mila hitz baino gehiago eta esan daiteke irudien atzean gauza-hitz-kontzeptu-azalpen-errealitate asko ezkutatzen direla. Arkitekturek ere beraien atzean gauza-hitz-kontzeptu-azalpen-errealitate asko ezkutatzen dituzte.

Aurreko baieztapenari tiraka, denbora da nire mugikorrean zerbait berezia ezkutatzen duten edota ezkutuan diren arkitekturen fitxategi bat eraikitzen ari naizela. Batzuk benetan gure muturren aurrean egoten dira, besteak benetan ezkutuan, edota benetan oroimenean galtzeko arriskuan. Estetikari dagokienez, arraroak izan daitezke, planteamendu ez-normatiboak ahalbidetzen dituzte, historikoak dira edo oharkabean pasatu direnak dira. Denak dute ezaugarri amankomuna, isilean gelditu dira.

Horren adierazle izan daiteke hurrengo lerroetako arkitektura, begi bistan aurkitzen diren eta aldi berean isilean daudenen sailean sar genezakeena. Irudiak eraikin zirkular bat erakusten digun moduan, bere atzean duen historia ezkutatzen du. Torreoia izeneko eraikina Zarautzen kokatuta dago Vista Alegre auzoan eta izen bereko parkean dago. Altuera baxua izan arren, dorre gisa sailkatzen da eta behatoki funtzioa betetzen du, bertatik Zarautz eta bere inguruak ikus daitezkelarik. Azpimarratzeko ezaugarri askoren artean nabarmendu behar da Gipuzkoan hormigoi armatuz eraikitako lehenengo eraikina izan zela eta aristokraziaren ‘beharrak’ asetzeko funtzioa zuela.

XIX. mendean, aristokrazia Zarautzera iritsi zenean, baserriz osatutako Amaskar auzoaren gainean eraiki zuten. Batik bat, bertatik zeuden bista ederrengatik aukeratu zituzten, lur horiek - Hortik dator egungo auzoaren izena-. Lehenengo eraikinak Villapadierneko kondeak egin zituen (1870eko hamarkadaren ostean). Vista Alegre finka bezala hazi zen, ehizarako gune eta aristokraziarentzat egonaldiak egiteko gune bilakatuta. Bestelako ekida eta elementuak eraiki zituzten (parkea, lorategia, negutegiak…), eta horien artean mantentzen direnen artean dago Torreoia.

Egun, 250 zuhaitz mota ezberdinez osatutako parke eder baten zati bat da eraikina, parkearen goikaldean kokatzen da eta hasierako ezagurri tektonikoak mantentzen ditu. Garaiko ezaugarri estetikoak zaintzeko nahiak oraingoz partida irabazten dio eraikinaren hondatzeari. Forma konbentzionaletatik urruntzen den eraikina da, garaiko eraikin erlijiosoetatik urrun tenplu pagano edo erromatar baten itxura du. Aipatu behar diren ezaugarrien artean daude Eusko Jaurlaritzak Donejakue bidearen baitan ondare babestu izendatu zuela eta Dantza filmaren eszenetako bat bertan grabatu zela. 

Ekidaren ezaugarriei dagokienez, Gipuzkoan hormigoi armatuz egin zen lehen adibideetakoa izan zen eta forma zirkularra duen eraikin gutxienatakoa da. 1914an eraiki zuten, eta estilo neoklasikoko eraikina da. Gerora, baina, batzuek errotonda bakanen adibide gisa katalogatu dute. Lursailaren desnibelera moldatzeko harriz eginiko basamentu baten gainean eginda dago. Oinarriaren gainean zirkuluerdi bat dago eta perimetroan zehar erreferentzia klasikoko hamar zutabe daude. Eraikinak bi altuera izan arren, gaur egun ezin da goiko mailara igo. 

Begiratzeko eta begiratua izateko arkitektura bat da. Bere garaian kontenplaziorako arkitektura bat izateko sortu zen eta egun ere funtzio hori betetzen du: paisaiaz gozatzeko behatoki bat da, gure bizitzetan pausagune bat hartzeko gonbita egiten digun espazio bat, arnas-geldiune bat hartzeko leku bat edota barrura begiratzeko (ezkutuan dugunari erreparatzeko) gonbite bat. Biziki berezia eta interesgarria da, bere balio estetikoa aintzat hartu eta gure historiaren parte bat agerian uzten duelako. Eraikinak begirada zabaltzen laguntzen digu. Arkitektura eta aristokraziaren arteko erlazioa bistaratzen du, edota Zarautzen egungo egoeran sortu dituen albo kalteen inguruan hitz egiteko kabida eman dezake, edota arkitektook zer papel izan dugun burgesiaren eraikuntzan eta klase bereizketan. Edota udan bizi eta bisitatuko ditugun arkitekturen inguruan hausnartzera bideratuko gaitu.