Soinu sorta ulergaitza da zarata; zurrumurru nahasi moduko bat, desatsegina suertatzen den soinuen konbinazio kaotikoa. Zarata pila bat nabaritu izan du bere inguruan Tamara Garcia (Lasarte, 1978) sortzaileak zinemagintzan. Hain justu, ikus-entzunezko pieza bat sortzeko ezarritako baldintza guztiak dira zarata. Izan ere, pelikula bat sortzeko, ekoizteko, dirua behar da ezinbestean, finantziazioa. Garciak dioenez, gaur egungo Espainiako zinemagintzan, diru laguntza publikoen bitartez bermatzen da finantziazio hori; eta, ekoizpen sistema horrek baldintza, epe eta zehaztapen zerrenda zorrotza bezain nekagarria dakar berarekin. Ondorioa argi du Garciak: “Behar burokratikoak hain dira zaratatsuak, dirua lortzea hain da zaratatsua, non aste bukaeran galdetzen diozun zure buruari: Zertarako ari naiz hau guztia egiten?”.

Galderaren erantzuna erraza bezain konplexua da: pelikula bat egiteko aritzen dira sortzaileak formulario, epe eta eskakizun ofizialak betetzen. Horrek, nolabait, pelikularen sorkuntza lausotzen du. “Filmaren alderdi artistikotik banantzen zara, alboratu egiten duzu, ekoizpen arazoei aurre egiteko”. Garciaren ustez, funtzionamendu hori pelikularen sorkuntza askearen kalterako da.

Zinemagintzan, ekoizpen moduak dira zarata, eta sormenaren doinu eta soinuak oztopatzen dituztenak. Izan ere, pelikulen sorkuntzaren ekoizpen sailean lanean ziharduela hasi zein hausnarketa hori elikatzen Garcia. Esperientzia pertsonal horretatik, eta “gorputzak aginduta” sortu du Zarata (Ruido) film esperimentala.

Bulkada horri testu forma ematen hasi zenean agertu ziren filmean indarra hartu duten ideiak: gizartea gidatzen duten botere harremanak, eta, era berean, zinemagintzan obra autorearengandik bereizteko ezintasuna.

Ideia horien inguruan sortu ditu zuzendariak filmeko protagonista diren bi pertsonaiak: June eta Marian. “Lagunak dira bi emakumeak, eta beraien adiskidetasunean bekaizkeria, gaizki ulertuak, interesak… daude. Hori, gainera, zinema egiteko nahiarekin gurutzatzen da”. Antzerki obrak idazten dituen sortzailea da Marian, eta aktorea da, berriz, June. Bi emakumeak zinemagintzaren industrian dauden botere harremanen inguruan arituko dira filmean, beti ere, hauek zuzenean aipatu gabe.

Argazkian, ‘Zarata’ filmean ikus daitekeen momentu bateko irudi bat. Zarata

Erika Olaizola eta Ainara Gurrutxaga dira bi andrazkoen pertsonaiak hezurmamitzen dituzten aktoreak. Bada, ordea, hirugarren pertsonaia bat Javier Barandiaran aktoreak interpretatuta: Julen zinema zuzendariak aktoreak erabiltzen ditu, pertsonak erabiltzen ditu, eta bere pribilegioak baliatuta nahi dituen pelikulak sortzen ditu Julen pertsonaiak. Hirugarren pertsonaia horrek borobiltzen du botere harremanen ideia. 

Pertsonaiak eta testuak sortzeko Whatsapp bidezko etengabeko komunikazioa mantendu du Garciak aktoreekin: “Whatsappa oso tresna baliagarria izan da: nik testu bat idazten nuen, beraiei bidaltzen nien tonu eta intentzionalitate ezberdinekin irakur zezaten, bueltan bidaltzen zidaten, iradokizunak egiten zizkidaten… Etengabeko hartu emana egon da”. Prozesu birtual horrek hiru grabaketa epe izan ditu. Lehenena 2021ean egin zuten, soilik Erika eta Ainararekin. Grabaketa horien irudi muntaia egiterakoan hezurmamitu zuen Garciak Julen. 2022an beste filmatze bat egin zuten. Eta, azkenik, zenbait ahots grabaketa egin zituzten egun solteetan, Whatsapp mezu elkartrukean adostu zituzten testu zatiak grabatzeko.

Zarata filmean sorkuntza eta ekoizpen sistemen inguruko gogoeta egiten du Garciak, eta baita horien baitan ezkutatzen diren hierarkia, botere harreman eta “injustizia” guztiak azaleratu ere. Hala ere, Garciak dio ez duela baieztapen irmorik egin nahi izan. “Ez neukan oso argi zer egin nahi nuen, bi gauza bakarrik nituen argi: Nahasmena babestu nahi nuela, eta errealitatearen eta filmaren arteko muga nahastu nahi nituela”. Zuzendariaren aburuz, ondorioaren aurretik dator nahasmena, argitasunik ez duen epea, zalantza. Bertan geratu nahi izan du, erabat gardena ez den linboan. 

Ekoizpen independientea

Ekoizpen moldeen inguruko gogoeta egiteko, pelikula sortzeko moldea ekoizpen erabat independentea izan da. Garciak bere poltsikotik jarri du filma sortzeko erabili duen diru guztia. Horretarako, ezinbestean, parte hartzaileen kolaborazioa behar izan du. “Familiak lagundu nau, amak grabaketa egunetan prestatu du janaria, aktoreek ez dute kobratu…”. Horrela sortu du filma Garciak, diru laguntzen epe, baldintza zorrotz eta eskakizunetatik at. Garcia bera arduratu da filmaren zuzendaritzaz, gidoia idazteaz eta edizioaz. Hiru aktoreez gain, Santiago Villa eta Ines Almidon arduratu dira soinuaren diseinuaz eta Maialen Sarasua eta Julia Gaitano edizio laguntzaile aritu dira, besteak beste.

Garciak bere poltsikotik jarri du filma sortzeko diru guztia; horretarako, parte hartzaileen kolaborazioa behar izan du.

Apurka-apurka egindako lan prozesu horren emaitza da Zarata (Ruido) film esperimentala. Garciak aitortu du narratibaren egitura esperimentala, hein batean, ekoizpen moduaren fruitu dela. “Ekoizpen moduek narrazio sistemak sortzen dituzte; dirurik ez duzunean baliabide ezohikoagoak bilatzen dituzu: elkarrizketa batzuk iruditik kanpo geratzen dira, beltzean dagoen pantailan entzuten dira, pantailan txat elkarrizketa bat azaltzen da…”. Elkarrizketek gainera, ez dute argudio lineal bat jarraitzen. Horrelako erabaki eta errekurtsoek bihurtzen dute Zarata (Ruido) pelikula esperimentala.

Filmaren berezitasunekin segituz, elebiduna da filma. Hau da, pelikularen %50 euskaraz da, eta beste erdia, berriz, gaztelaniaz. Garciak azaldu du bere errealitatearen isla dela hizkuntz hautua: “Horrela bizi naiz ni, bi hizkuntzen artean; hori erakutsi nahi nuen”. Oraingoz, estreinaldia Frantzian izan denez ingelesezko azpidatziekin pantailaratu da. Behin Marseillako jaialdia pasatuta, euskarazko elkarrizketak gaztelaniaz azpidazten, eta, alderantziz, ari da zuzendaria.

Antzerkiaren printzak

Garciak aitortu du zinemagintzan aritua den arren, antzerkia dela hurbilen sentitzen duen artea. Horregatik, antzerkigintzarekin zerikusia duten zantzuak daude pelikulan. Esaterako, aktoreak batez ere antzerkigintzan ibilitakoak dira. Garciak abantailatzat du antzerkitik datozen aktoreekin lan egin izana: “Testuaren ezagutza erabatekoa dute, eta gainera konfiantza osoa jarri dute nigan”.

Erabaki estilistikoei dagokienez, zuri beltzean estreinatu da filma, bere osotasunean. Erabaki hori lehenengo grabaketa epearen ondoren hartu zuen Garciak: “Bi gauza nituen argi. Nire etxe inguruan grabatuko nuela dena; eta, lehen filmatzearen ondoren, irudi guztiak zuri beltzak izango zirela”. 2:35 sisteman grabatzea ere hautatu zuen zuzendariak, normalki paisaiak filmatzeko erabiltzen den sistema panoramikoan, alegia. Edukiarekin zerikusia du erabaki horrek: “Zinemak eguneroko kontuak handitzen ditu, puztu egiten ditu, mitifikatu”.

Marseillako pantaila

Zarata (Ruido) Marseillako Nazioarteko Zinema Jaialdian estreinatu zuten uztailaren 5ean. Beste bi pase egin zituzten uztailaren 6an eta 7an. Pelikula Opera Prima sailean sailkatu zen, beste bederatzi filmekin batera. Garciarentzat “opari” bat da filma Marseillako zinema jaialdian estreinatu izana: “Publikoarekin partekatzeko aukera izan da jaialdia, egindako lanak funtzionatzen duela frogatzeko modua”. Gainera, bere buruari ezarritako helburua bete du: “Pelikula honetan zailena bukatutzat noiz eman erabakitzea izan da. Oso lan bakartia izan da, eta inor ez zegoen nire zain. Horregatik, nire buruari ezarri behar izan nion epemuga: Marseillako jaialdia”. Bertara aurkezteko prestatu zuen filma, eta bete-betean asmatu zuen. Behin estreinaldia igarota, Euskal Herriko zein Espainiako jaialdietan aurkeztea da asmoa.

Zuzendariaren ibilbidea

Zarata (Ruido) Tamara Garciak zuzenduriko lehen film luzea den arren, ibilbide luzea du sortzaileak zinemagintzaren munduan. Euskal Herriko Unibertsitatean Gizarte Antropologia ikasi zuen Garciak, eta Buenos Airesen Zinema Zuzendaritza ikasi zuen ondoren. Argentinatik bueltan, bere kabuz ekin zion formakuntzari, Arteleku arte zentroan (Donostia). Aguilar de Campooko Film Laburren Nazioarteko Jaialdiko zuzendaria izan zen bost urtez, eta Artelekuri lotutako MAPA Kolektiboko programatzailea ere izan da. Azken hamarkadan komisariotza lanak eta Reescritura (2020-2022), O Gemer (2019-2021), Euria ari du aspaldi ez bezala (2019) eta La Piba de Oro (2020-2021) filmen ekoizpena uztartu ditu. Bestalde, Alicia D ‘Amico artista argentinarrari buruzko El cuerpo de la mujer sin sombra (2019-2020) film esperimentala, Beatriz Ferreyra artista franko-argentinarrari buruzko Film Concrete (Xabier Erkiziarekin batera, 2021) film laburra, Paraíso, cerca (2021) fikziozko film laburra eta TVE 2rako Mover montañas eta La luz y el misterio de las catedrales (2010) dokumentalak ere zuzendu ditu.