Komun arrosa baten erdian bainuontzi bat eta bainuontzi barruan giro lasaian bi mutil: Martin eta Lur. Porru bat erretzen duten bitartean elementuen jatorriari eta sorrerari buruzko filosofia egiten hasi eta beraien arteko harremanari izen bat jarri nahian bukatzen dute. Dena asmatuta omen dagoela, ezin dela beste ezer asmatu, eta beraien artekoak izen bat eduki behar duela sinetsita daude. Baina hitz jarioan protagonistek deskubritzen dute beraien artekoa izendatzeko, adibidez, ez direla erantzun batera iristen eta, agian, ez dagoela asmatuta. Edozein gauzari sortzen den momentutik nahitaez izen bat jarri ohi zaiola iritzita Jone Arriola gazte elgoibartarrak bere lehen film laburra ondu du: Dena asmatuta dago.

“Beti gabiltza izen baten bila, baina ez dago zertan izena jarri atzetik komunikazio on bat dagoen bitartean eta gauzak argi badaude”, dio Arriolak. Hala, komunikatu beharreko guztia komunikatzeko saiakeraren alde egiten du zuzendariak filmean. “Erraz eta azkar hitz egiten da harremanen inguruan baina komunikazioa da gakoa edozein harremanetan”. Dioenez, komunikatzeko behar horretan, bikote, lagun zein lan harreman batean gero eta normalizatuago dagoen arren kostatzen den zerbait da norbere behar eta sentimenduak azaleratzea. Alta, sarritan beharrezkoa da harremanak aurrera eramateko. Era berean, “Zer gara?” gisako galderek nolabaiteko inkomunikazioa azaleratzen dutela uste du.

Jone Arriola film laburraren zuzendaria Ane Berriotxoa

Zuzendariaren hitzetan, oro har, egungo gazteei arduratzen dien gaiez dihardu filmak: harreman mota ezberdinak, beste eredu mota bateko harremantzeak, gazteen arteko gatazkak, beldurrak... Baina gazteen arteko harreman motez hausnartzea du batik bat helburu filmak, hots, nola kudeatzen diren eta nola komunikatzen diren. “Gazteei zuzendutako lana da, gazteengana hurbildu nahi izan dugu edozein sentitu daitekeelako identifikatua istorio honekin”. Hori horrela, gazte gizartea islatzen saiatu da Arriola; hau da, nolabait kalean bizi dituzten egoeren errealitatea gorpuzten. “Ahalik eta modu naturalistenean egiten saiatu naiz ”. Halaber, filma euskara hutsean egiterakoan euskaraz ere gizartea islatu daitekeela erakutsi nahi izan du. Hain zuzen, hizkuntzaren hautuari garrantzia eman nahi izan dio sortzaileak, eta protagonistak bakoitza bere euskalkian mintzatzen dira, bata Azpeitiko hikaz eta bestea bermeotarrez.

Deserosoa eroso “Elkarrizketa deserosoak saihesten ditugu baina oso beharrezkoak dira egunerokotasunean”. Ideia horri tiraka sortu zuen gidoia Arriolak. Dioenez, mundu guztia ez dago prestatuta elkarrizketa deserosoak izateko eta etengabe gaude elkarrizketa deserosoren baten aurrean. “Askotan gauza asko komunikatu gabe edo hitz egin gabe gelditzen dira deserosoa izan daitekeelako, denok saihesten ditugu elkarrizketa deserosoak”. Zuzendariaren ustez, azalean ez dauden gauzak gehiago komunikatu behar direnean deseroso jartzen gara ez gaudelako ohituta. Horregatik, erosotasun bat bilatzeko beharrezkoak ikusten ditu elkarrizketa deserosoak. Protagonisten kasuan, elkarrizketa deseroso bat dute abiapuntutzat beraien artean ze harreman mota duten deszifratzeko.

Hamalau minutu irauten ditu filmak eta eszena bakarra dauka: komun arrosa bateko bainuontzia. “Bi protagonistak komun bateko bainuontzian sartzeko ideia gustatzen zitzaidan, komunak toki txikiak izateaz gain intimoak ere badirelako, giltzapetu edo biluztu ohi garen tokiak”, azaldu du Arriolak. Arrosa izatearekin komunari estetika zaharkituago bat eman nahi izan diote. “Komun arrosak beti izan dira amonen komun tipiko bat”. Hain zuzen, film laburra komuneko elementu zaharrak erakutsiz hasten da eta bat-batean kontrastea eginez bi mutilak ageri dira bainuontzi barruan porru bat erre-tzen. “Elementuen arteko kontrastea gustatzen zitzaidan”, aitortu du Arriolak. Horrez gain, azaldu du eszenografiak kamerari gauza ezberdinak adierazteko eta mugitzeko askatasuna baimentzen diola. Hain justu, propio eraikitako komun bat da.

Joan den urteko apiril hasieran grabatu zuten filma. Bi egunez, Bilboko zine eskolako plato batean egin zituzten grabaketak, eta Katz Estudiok ekoiztu du zuzendari gaztearen lehen filma. Hala, laburra izanik ere, hainbat pertsonak osatu dute lantalde artistikoa zein teknikoa, grabaketetan eta grabaketen ostean. Filmari soinua konposatzeaz, adibidez, Miren Narbaiza MICE musikaria arduratu da.

Sorkuntza prozesuari dagokionez, luzea izan dela adierazi du Arriolak. Halaber, sortzaile berri bezala halako sektore batean sartzen saiatzerakoan tokia egitea zaila dela adierazi du. “Gauzak ahalik eta hobekien egiteko finantzaketa bat lortu nahi izanez gero, prozesua are eta zailagoa bihurtzen da”. Hain zuzen ere, Dena dago asmatuta film laburrak, orotara, gidoia lehen aldiz ida-tzi zenetik, bi urteko aurre produkzio edo sortze prozesua izan duela kontatu du zuzendariak. Finantzaketak lortzen aritu dira denbora guzti horretan eta hainbat laguntza jaso dituzte. “Bi urte hauek luzeak egin bazaizkit ere, ikasketa bat izan dira”. Lanaren azken emaitzarekin eta jasotako harrerarekin pozik dago Arriola eta lantaldearen inplikazioa eskertu du.