Nostalgia puntu batek kutsatuta edo, azkenaldian gero eta ohikoagoa bilakatu da zenbait musika talde oholtza gainera itzultzea. Urte luzez isilik egon ostean, udan, Hatortxu Rock jaialdiaren azken edizioan berragertu zen Latzen Oñatiko (Gipuzkoa) heavy metal taldea. Lakuntzan (Nafarroa) eskainitako emanaldi hura eta gero, beste pausu bat eman, eta beraien ibilbideko hirugarren diskoa argitaratu dute: Denboraren orbainak.

Joxemari Azpitarte baxu jotzaile eta taldekideak aitortu duenez, oholtzetara itzultzeko ar txiki hori betidanik egon da beraien barruan. Gorka Lazkano taldeko bateria jolea izan zela pausua ematen lehena. “Duela urte eta erdi inguru lokal bat topatu zuen bertan entseatzeko, eta taldekide izandako gainontzekoei aipatu zigun ea anima-tzen ginen arratsalde pasa zerbait jo-tzera, ze sentsazio genituen proba-tzeko”. Aitor Uriarte, abeslaria, eta Azpitarte animatu ziren, eta hainbeste denbora pasa ostean gitarra akordeak entzun bezain azkar bizitako sentsazioak oso bereziak izan zirela adierazi du baxu joleak. “Betidanik egon gara musikarekin maiteminduta eta elkarrekin jotzen gaudenean sortzen den giroa berpizteak ilusio ikaragarria egiten digu”. Hain zuzen ere, barruko sentipen eta bizipenak ateratzeko baliatzen dute kideek Latzen musika taldea.

Entseguetan aste eta hilabete batzuk igaro ostean, eta gustura zebiltzala ikusterakoan, erabaki zuten itzultzea. Alta, hasierako momentutik argi zuten itzuliz gero material berriarekin izango zela. “Ez zitzaigun gustatzen aspaldiko kantuekin itzultzea, ezer berririk eskaini gabe”.

Hirugarrenez

Urruti geratu da lau gazte haien aurreneko aro labur bezain arrakastatsua. 1993. urtean sortu zuten Latzen heavy metal taldea Oñatiko 16 urteko lau gaztek, eta 1999. urtea bitarte Heriotzari deika maketa, eta Kontzientzia ala infernua eta Ardi larruz diskoak argitaratu zituzten. Besteak beste, urte haietan lortu zuen Latzen taldearen Laztana abestiak euskarazko heavy/trash metalean oihartzuna. 2007. urtean Infernuko ateetan kontzertu bira egiteko itzuli ziren, eta hamabost kontzertu eskaini zituzten, baina urtebete beranduago bigarren aldiz esan zuten agur.

Nerabeak zirenean, helduagoek en-tzuten zuten musika pasatzen zieten kaseteetan, eta heavy estiloa zen nagusi. Horrela hasi ziren Azpitarte eta besteak heavy musikatik edaten eta barru barruraino sartu zitzaien rock gogorra, heavya, trasha. “Judas Priest-en Painkiller, Helloweenen Keeper of the Seven Keys, Metallicaren Master of Puppets eta Su Ta Gar-en Jaiotza Basatia argitaratu zireneko garaikoak gara, horiek izan ziren markatu zigutenak eta ondorioz betidanik atera zaigun estiloa”.

Utzitako lekuan berrartu du ibilbidea Latzenek, iraganeko ideiekin, egungo baliabideekin eta etorkizuneko ilusioekin taldearen izaerari eusten dioten hamar abestik osatzen dute Denboraren orbainak lan berria. Latzen zena eta dena ulertzeko balio dute abesti berriek, hala arrastoa uzteko prest dauden denboraren orbainen gisara, abiadura mantsotzeko eta bizkortzeko esperientzia gehiago txertatu dituzte oraingoan. Aldarte heavyaren erakusle dira kantu ba-tzuk, baina badaude trash kutsuko pieza pausatuak ere.

Azpitartek aitortu du disko berrirako kantuak konposatzen hasi zirenean ez zekitela barrutik zer aterako zitzaien, baina jarraian konturatu ziren duela hiru hamarkadako musika ateratzen zitzaiela. Bestalde, gogoan zuten 1990. hamarkadan Ardi Larruz diskoren ostean hurrengoa prestatzen hasi zirenean nahiko landutako ideia batzuk gelditu zitzaizkiela kaxoi batean, eta berreskuratu egin dituzte. “Egungo ideia berriekin ezin hobeto bategiten zutenez sartzea erabaki genuen”. Hala, Denboraren orbainak diskoan kantuen erdiak berreskuratu eta orain landutako kantu zaharrak dira, eta beste erdiak gaur egunekoak. Grabatzerakoan beti egoten dela batetik edo bestetik hobetzeko sentsazioa, baina emaitzarekin oro har oso pozik daudela adierazi du Azpitartek. Iker Bengoa ekoizlearekin grabatu dute diskoa Gasteizko Silvestar estudioetan.

Kideei dagokienean, aldaketa txiki bat du Latzen taldeak. Hain zuzen ere, hirugarren aroa abiatzeko laukotea berrosatu behar izan dute. Iker Martinez de Zuazok ez du lan berrian parte hartu, eta Yerko Ortiz gitarra joleak hartu du bere lekua, hasieratik taldekide diren Aitor Uriarte, Joxemari Azpitarte eta Gorka Lazkanorekin batera ariko da oholtzan.

Itzulera arrakastatsua

Gaur, urtarrilak 3, Atarrabiako Totem Aretoan eskainiko dute lan berria aurkezteko biraren lehen kontzertua. Sarrerak agortuta daude, baita datozen asteetan Bilbon, Gasteizen eta Azpeitian eskainiko dituzten kontzertuetarako ere. Oraindik sarrerarik ez duten zaleek Euskal Herrian Latzen taldea ikusteko aukera Martxoaren 7a Miarritzeko Atabalen izango dute, tiket gutxi batzuk gelditzen baitira. Bestalde, Espainiar estatuko heavy metal jaialdi garrantzitsuenetan ere izango dira 2026. urtean zehar. “Urte guzti hauetan nabaritzen genuen jendeak bazuela gu itzultzeko gogoa edota sekula ikusi ez gintuztenok bazutela kuriositatea”, dio Azpitartek. Hala, aurreratu du publikoak ondo pasarazi eta musikariek bezain beste gozarazteko helburuarekin zuzenekoetan dena ematera datozela.