Síguenos en redes sociales:

Performance dramatizatua

Galderak eginda erantzunak aurkitzea

Spoken word, musika elektronikoa eta irudiak uztartzen dituen ‘Zerbait sartu zait begian’ performancea ondu du Imanol Epeldek. Udalbiltzaren Geuretik Sortuak beka baliatuta sorturiko proiektua da

Galderak eginda erantzunak aurkitzeaI. E.

Zalantza asko sortzen dituen garai aldakor eta azeleratuan, etorkizunean ibiltzeko modua da Imanol Epelde irakasle eta sortzaileak asmatu ezin duena; eta, ondorioz, begian “Nola?” galdera sartu zaio: nola eran-tzun gaur eguneko bizimoduaren erronkei, nola izan norbera eta nola izan gu kolektibo bat? “Uste dut bagarela nor, baina zalantzaz betetako identitate batekin. Bagoaz, baina ez dakigu oso ondo nora”. “Nola?” galdera horiei erantzun nahian, Zerbait sartu zait begian emanaldia sortu du.  

Bizipen eta sentsazio pertsonaletatik abiatutako sorkuntza da. Identitate krisi batean, aingura bat proposatu nahi du sortzaileak, irtenbide bat. Proiektuaren helburu nagusia gogoeta sustatzea eta galderak planteatzea izan da. Galdera existentzialek, bizi-tzeko moduari loturikoek, ardazten dute emanaldia; baina, galderez gain, erantzun batzuk ere proposatu nahiko lituzke. “Galderak eginda erantzunak aurkitzen jarri gaitezke, eta, akaso, nik nola bizi dudan aldi hau beste batzuek ez dute partekatuko, baina nire ikuspegia zein den adierazi nahi izan dut”, kontatu du. 

Udalbiltzak Geuretik Sortuak deialdian ematen dituen diru laguntzak eskuratzeko aurkeztu zuen proposamena, antzerkia sailean. Horri esker, sorkuntza prozesuan aritzeko eta emanaldiak aurkezteko laguntza eduki du: “Momentu honetan dagoen diru laguntza erakargarriena dela esango nuke”. 

‘Zerbait sartu zait begian’ emanaldia.

Euskarazko sormena sustatzea eta herriz herri zabaltzea du xede Geuretik Sortuak egitasmoak. Horretarako, aldi bakoitzean hautatutako sortzaileek egonaldiak egiten dituzte hainbat udalerritan, eta beren ohiko bizilekuetatik kanpo garatzen dituzte beren lanak. Epelderen kasuan, Muxikan eta Ajangizen (Bizkaia) izan zen 2025. urtean zenbait astez, eta bertako herritarrei elkarrizketak egiten aritu zen Epelde sorkuntzan baliatzeko. Hala, jendaurreko emanaldian erakusten dituen irudietan herri horietako jendea ageri da hizketan. “Muxikan eta Ajangizen egindako egonaldiek sortzeko patxada eman didate, denbora eta erraztasun guztiak. Hamabost egunez buru-belarri aritu nintzen proiektua garatzen, laguntza handia izan da”.

Emanaldi bat baino gehiago

Performancea deritzo sortzaileak ondu duen proiektuari: performance dramatizatu bat. Spoken word-a da osagai nagusia;jendaurreko eta gertuko poesia, hain zuzen. Oholtzan bera bakarrik ageri da presentzialki, baina, adierazi duenez, musika eta irudiak, nahiz eta ordenagailu bidez doazen, beste pertsonaia bat gehiago dira.

Hala, atzetik lantalde handi bat izan du laguntzen: Julen Idigorasek musika propio sortu du emanaldirako, argiztapena Mikel Landak egin du eta ikus-entzunezkoetan Unai Bordaren eta Manex Artolaren laguntza izan du edukia editatu eta grabatzeko. Kanpoko begirada, hots, zuzendaritza artistikoa, Iraia Elias eta Ainhoa Alberdirena da, eta testugintzari dagokionez, Andoni Egaña, Aner Peritz, Nerea Loiola eta bere arrebak izan ditu ondoan. 

Bost atal nagusitan banatzen da Zerbait sartu zait begian ikuskizuna: aurreneko atalean egun bizi dugun abiadura lantzen du egileak; bigarren atalean, naturarekiko deskonexioa ageri da; hirugarren atalean, aldiz, zoriontasunaren inguruan hausnartu nahi izan du; laugarren atalean, maskulinitate ereduak landu ditu; eta, bosgarren atalak, hizkuntzaren inguruko gogoetekin ixten du emanaldia.

DATOZEN EMANALDIAK

Martxoan zehar hainbat aukera izango dira Zerbait sartu zait begian emanaldia ikusteko:

  • 13, ostirala. Bergara.
  • 14, larunbata. Ligi.
  • 15, igandea. Baztan.
  • 21, larunbata. Kanpezu.
  • 22, igandea. Zaldibia.
  • 24, asteartea. Bilbo.

Hitzaren indarrak, musikarenak, irudiarenak, eta azken finean, hori dena dramatizatzeko egindako ahaleginaren konbinazioak egiten dute berezi Zerbait sartu zait begian performancea. Arte espresio bat baino gehiago konbinatzen dira, eta denen artean sorturiko koktel bat da obra.

Erronkaz beteriko sorkuntza prozesua

Epelderen ustetan, umorea da daukagun baliabide inteligente eta zailena lortzen, eta horregatik obran ia denbora guztian umoreari keinu egiten dio, beti irribarre bat sortzeko ahalegina eginez. “Ez da beharrezkoa transzendentalegi ere jartzea, metodo edo botikarik onena gure buruaz barre egiten ikastea da. Horretan saiatu naiz obra honekin ere”. Baikortasunetik eta umoretik egindako lana da.

Urte asko eman ditu Epeldek irakaskuntzan lanean, eta eszedentzia hartu zuen buru-belarri lan honetan jartzeko. Denbora luzea eman du emanaldia prestatzen, eta zalantzak zituen jendaurrera eramaterakoan nola sentituko zen, baina harro dago bere burua hor berraurkitu, eta eroso sentitzea lortu duelako. “Hor azaltzen naiz nire zaurgarritasun, ezin eta konbikzio guztiekin bizitzari umorez begiratu nahian” Emanaldia sortu aurretik zituen galdera, ezinegon eta hausnarketak are gehiago sortu zaizkiola ere aitortu du. “Egunerokotasunak bestela ere galdera berriak sortzen ditu, eta beti dago zerbait begian sartzen zaidana”. Horrek erakusten dio hurrengo obretarako ere badagoela zer eta nondik idatzi, eta aurrerantzean ere bide honetatik jarraitu nahi luke.