Aranzazu Calleja (Bilbo, 1977) musikagileak jasoko du Fant jaialdiaren ohorezko saria aurten. Film entzutetsu ugaritarako musika idatzi du azken urtetan, eta ibilbide oparo hori aitortuko diote sariarekin. Unibertsitatean Arte Ederrak ikasi, eta Bilboko kontserbatorioan biolin ikasketak burutu ostean beka bat eskuratu zuen Bostongo Berklee College of Music-era joateko, musika zinematografikoan espezializatzera. Egonaldi laburra egin zuen han, alta, ordutik ibilbide luzea gauzatzen ari da zinemagintzaren sektorean. Azken 11 urteetan musikoterapia eta musika zinematografikoa uztartu ditu, baina egun soinu bandak sortzeari dedikatzen dio denbora bereziki. Norma Vila zuzendari bilbotarraren Salitre lehen filmaren soinu bandan eta Moriartitarren proiektu berrian ari da lanean.

FANT jaialdiko ohorezko saria jasotzeaz gain, datozen egunetan jakingo du Zinema iberoamerikarraren Platino saria emango dioten. Maspalomas pelikulako jatorrizko musika onenagatik izendatu dute.

Musika zinematografiko garaikidearen sortzaile nabarmenetakoa izateagatik erabaki du FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoak aurtengo Ohorezko Saria zuri ematea. Nola jaso zenuen albistea?

Asko harritu ninduen. Hasieran kosta egin zi-tzaidan saria jasoko nuela konturatzea. Emakume askok dugun iruzurgilearen sindromea etorri zitzaidan, saria merezi ote nuen, baina izugarrizko ilusioa egin zidan. Niretzat ohorezko sari bat ibilbide luze baten saria da, Susan Sarandoni, adibidez, ohorezko saria eman berri diote Goya sarietan. Baina badakit, era berean, FANT tokiko zinemagileei laguntza handia ematen dien jaialdia dela.

"Nire lanarekin nahiko zintzoa izaten saiatzen naiz, proiektuetan buru-belarri murgiltzen naiz eta maitasun handia eskaintzen diet”

Aranzazu Calleja - Fant jaialdiko OHOREZKO SARIA

Azken urteotan izen handiko film askotarako musika sortu duzu: ‘El hoyo’, ‘Cinco lobitos’, ‘Marco’, ‘Irati’, ‘Akelarre’, ‘Los aitas’, ‘Maspalomas’, ‘Gaua’, etab. Lan horiengatik sariak eta sarietarako izendapenak ere lortu dituzu. Orain egindako ibilbide hori aitortuko dizute. Zer suposatzen du zuretzat saria jasotzeak?

Ibilbideaz ari garenean adin bateko jendearekin lotzen dugu. Nire kasuan azken urteotan lan asko egin dut, eta badirudi ondo egin dudala, kritika onak jaso ditut, harrera ona, oro har. Nire lanarekin nahiko zintzoa izaten saiatzen naiz, proiektuetan buru-belarri murgiltzen naiz eta maitasun handia eskaintzen diet. Zorte handia da publikoari zure lana gustatzea eta kritikak ere errekonozimenduzko leku batean jartzea. Baina meriturik kendu gabe, zorteari loturiko konposatu hori nabarmenduko nuke. Entzuten utzi didaten leku batean nago, eta eskerrak ematen saiatzen naiz horregatik. Talentu handia dago, eta agian jende guztia ez da aukera bera izaten ari. Niri biak batu zaizkit eta oso eskertuta nago.

Arte Ederrak ikasi zenituen. Nolatan hasi zenuen zinemako musikagile ibilbidea?

Arte Ederren karrerako lehen mailan nengoenean ikus-entzunezko komunikazioko fakultatera asko joaten nintzen han ikasten ari ziren lagunak nituelako, eta bertan, beste batzuen artean, Borja Cobeaga ezagutu nuen. Borjak bideoan egin zuen lehen film laburra elkarrekin egin genuen, ez dakit nola ausartu nin-tzen, ez nuen tresnarik ere... Proiektu hark arrakasta izan zuen eta Borjaren lehen film laburrean zein ondorengoetan ere berarekin lan egiteko aukera izan nuen. Eramos pocos pelikula, adibidez, Oscarretara izendatua egon zen eta Los Angelesera joan ginen. Gutxinaka nire lana ezaguna egiten hasi zen eta beste zuzendari batzuk deika hasi zitzaizkidan.

Entrevizta a Arantzazu Calleja Natalia Garcia Zamora

Konposizioari dagokionez, hasieran autodidakta zinen.

Biolin ikasketak egin nituen Bilboko kontserbatorioan, eta oinarri bezala biolina denetarako erabiltzen nuen arren orkestra-konponketak nahiko modu autodidaktikoan egiten nituen. Arte Ederretatik zetozen nire egiteko moduak aplikatzen nituen. Zenbait urtez nahiko arrotz sentitu nintzen konposizioko ikasketa akademikoak izan gabe. Denborarekin sentsazio hori joan egin zen, azkenean egoerak beste irtenbide batzuk bilatzera eramaten zaituelako, gauza berriak egiteko beste modu batzuk. Halaber ikusten nuen oso zoriontsu egiten ninduela egiten nuenak.

Nola irudikatzen duzu proiektu baterako musika?

Musika film bat osatzen duen engranaje osoaren zati bat da, beste askoren artean elementu bat gehiago. Istorioa eta gidoia, adibidez, proiektura sartu aurretik irakurtzen ditut. Niretzat oso garrantzitsua da ere pelikulako zuzendariarekin dagoen lotura: konexioa, zugan jartzen duten konfiantza, ematen dizkizuten erreferentziak, lehen elkarrizketetan filmerako imajinatzen den unibertsoa... Informazio hori eta musikagileak biltzen dituen bestelako datuekin bakoitzak bere modua bilatzen du. Sortzen hasten naizenean pianoko eta gitarrako akordeen sekuentziak erabiltzen ditut, kolore baten ideia emateko. Asko gustatzen zait instrumentuak nik jotzea forma emateko, nahiz eta gero hori musikari profesionalek grabatu.

Nola jakiten duzu emozio zehatzak eragiteko behar duzuna aurkitu duzula?

Batzuetan, nik neuk jakiten dut ideia ederra dela, edo oso interesgarria proiekturako, eta gorde egiten dut. Hurrengo egunean berriro entzuten dut, eta zenbaitetan gertatzen da ez nauela uste bezainbeste mugitzen eta baztertu egiten dut, baina gustatzen bazait forma ematen diot, zuzendariari pasatzen diot eta askotan iragazki hori da pasatzen ez dena. Duela gutxi, momentu honetan lanean ari naizen film batean, zuzendariak esan zidan ideia ederra zela, baina ez zuen ikusten. Kontua ez da izaten polita den ala ez, egokia den baizik. Hasieran maitemin hori sentitu behar dut, egun batetik bestera nekatu gabe entzun nahi izatea dakarren aurkikuntza izan behar da.

"Soinu-bandak (...) eszenan gertatzen dena azpimarratu eta lagun dezake, baina askotan beste gauza batzuk esaten ditu”

Aranzazu Calleja - Fant jaialdiko OHOREZKO SARIA

Soinu-bandak irudietan ikusten ez dena kontatzen du?

Soinu-bandak musika, efektuak, elkarrizketak eta isiltasuna biltzen ditu, eta bereziki irudimena iristen ez den lekuetara iritsi behar da musika, beste narratiba geruza batzuk bilatu behar dira. Eszenan gertatzen dena azpimarratu eta lagun dezake, baina askotan beste gauza batzuk esaten ditu. Hor dago publikoarengana iristeko duzun gaitasuna eta publikoak zer hartzen duen ematen diozun horretatik.

Zeintzuk dira zure erreferenteak soinu banden konposizioan?

Egun, bi konpositore asko gustatzen zaizkit: Mica Levi eta Hildur Guðnadóttir; bigarren hau Joker pelikulako konpositorea, Oscarra irabazitakoa. Jonny Greenwood ere asko gustatzen zait, Radiohead taldeko kidea, eta Paul Thomas Andersonen filmetako edo The Power of the Dog filmeko soinu-banden egilea da. Hirurek oso hizkuntza propioa dute, baina oso eraginkorrak dira eta publiko handiarengana iristen dira ohiko klixeetan erori gabe. Klasikoenen artean Alberto Iglesias idolo bat iruditzen zait. Ennio Morricone, bestalde, beti dut gogoan asko gustatzen zaidalako, baina, gainera, etengabe imitatzen den musikaria da. Egiteko modu bat sortu du, ahotsak, txistuak, zigorrak... erabiltzeko modu bat.

Nola definituko zenituzke zure soinu-bandak?

Entzuteko errazak direla esango nuke, musika tonala da. Normalean elementu gutxi izaten ditu, musika gutxien duten filmak gehiago gustatzen zaizkit, baina elementu zuzenak izan daitezen saiatzen naiz. Uste dut egiazkoak, txikiak eta organikoak direla, behar ez duten ezer ez jar-tzen saiatzen naizelako. Egia esaten saiatzen naiz, ni gehien hunkitzen nauen musika delako. Beti izan naiz nahiko organikoa, eta inperfekzioa beharrezkoa dela iruditzen zait.

2021. urtean Mursegorekin Goya sari bat irabazi zenuen ‘Akelarre’ filmarengatik. Nola oroitzen duzu?

Oso berezia izan zen lan hark ekarri zuen errekonozimendua. Proiektu zaila izan zen, hasieran Maite sartu zen eta gero musika “extradiegetikoarekin” kolaboratzen hasi nintzen. Filma amaitu ahal izateko tandem ederra osatu genuen. Goya saria jasotzeak ikusgarritasun leku batera eraman gintuen, eta Maiterekin ulertu nuen zaintzak lehen lerroan egon behar duela. Musika egiteko gure moduak erakusteaz gain, zinema presa, etsaitasun eta prekarietateagatik zaila izan daitekeela azpimarratu nahi izan genuen. Halaber, gure aurretik emakume bakarrak irabazi zuen jatorrizko musika originalenaren Goya saria. Aspaldi irabazi zuen Eva Gancedok, eta harrezkero ez zen Goya irabazi zuen beste emakumerik izan. Guk eskuratu, eta bi urtera Zeltia Montesek irabazi zuen hirugarrena etorri zen. Baina geroztik ez da besterik izan.

Zinemaren sektorean emakumeen presentzia oso txikia izan da tradizioz eta Goya sarietarako izendapenak urrats garrantzitsua dira hauek ikusarazteko. Ez al dago emakumerik zineman musika-konposizioan diharduenik?

Egia da egungo bizitzarekin uztartzen zailak diren baldintzak dituen lana dela zinemako musikagileona, denbora jakin batez bizitzatik asko aldentzea eskatzen dutelako. Baina, badira, noski, zineman konposizio musikalean aritzen diren emakumeak, gizonak bezain talentudunak. Ez da talentu kontua, aukera kontua baizik. Aukerak falta dira.

Zer ematen dizu zinemak beste musika-formatu batzuek ematen ez dizutena?

Nahiko librea izateko eta jolaserako aukera ematen dit. Aurretiaz emandako proposamen batzuetara egokitu behar izaten dut, baina, gero, beti dago leku bat istorio bat kontatzen lagun-tzeko, musikak ematen duen narratiba ikusezinaren geruza gehituz, baina askatasun-leku bat da. Mundu ezberdinetan barneratzen naiz eta nire lana jolastea balitz bezala sentitzen dut. Oso zorionekoa naiz etengabe ikasten ari naizelako, musika berri asko entzuten dut, eta oro har musikaren eta soinuaren munduari oso adi egotera behartzen nau.

Etorkizunean zein zine zuzendarirekin lan egitearekin amesten duzu?

Europako zineman murgiltzea gustatuko litzaidake, adibidez, Céline Sciamma zuzendariarekin lan egitea ikaragarri gustatuko litzaidake. Paolo Sorrentino ere asko gustatzen zait.