Val de Zafán
Trena bidaiatzeko modu bikaina da, baina kontu bat dena edo bestea dena trenak igarotzeari uzten dionean, ibilbide zaharrak bide berde bilakatu eta bizikletan bidaiatzeko aukera paregabea eskaintzen dute
Erabakiak hartzeko modu onena kirola modu arinean egin bitartean solasaldi bat izatea da. Gorputzeko adarrak mugimenduan jarri, odol jarioak garuna ondo busti eta umore onez egin nahiko genukeenaz hitz egitea, horixe da gakoa. Eta, hala, etxetik lanera eta lanetik etxerako bidean, lankide batzuekin eguneroko bizikleta dosi neurtuan nebilela, aste santuko oporren inguruan berriketan hasi ginen. Batak ideia bat buruan, besteak beste ideia bat, baina komunean ume txikiak ditugula, natura gustuko dugula eta lau pareta artean iltzatuta egon nahi ez dugula.
Val de Zafán
Bide berdeak trenbide ibilbide zaharrak baliatuz eraikitako ibilbideak dira, luzeragatik eta malda txikiak izanagatik bizikletan ibiltzeko ezin hobeak direnak. Esandakoari auto trafiko eza eta paisaia naturaletan murgilduta egoten direla gehituz gero, familia giroan bidaia-tzeko aukera paregabea bihurtzen dira. Terueleko probintzian hasi eta Tarragonako Tortosa herrian dagoen Val de Zafanek badu beste ezaugarri bat etxeko txikiekin bidaiatzeko are erosoago egiten duena: ibilbidea aldapa behera da.
Beno, egiari zor, ez da dena aldapa behera. Baina, egia da ere, ibilbide guztia ez dagoela prest umeekin joateko, bateko eta besteko agintariei ahoa asmo onez betetzen bazaie ere, tarte batzuk hankaz gora baitaude, tunelak itxita edo errepidez egin beharreko zonaldeekin.
Valjunquera herriko tren geltoki zaharrean bildu gara, ibilbideko beste tren geltokiak bezala, herriko kaleetatik kilometro batzuetara kokatzen dena. Bost eraikinen gorpuzkiak leku hau izan zenaren lekuko akituak dirudite. Eguzkiak ondo egurtutako kartel batzuk Val de Zafráneko bide berdean gaudela berretsi digute. Pedalei eragiteko ordua iritsi da. Edo ez.
Zeinen atsegina den bizikletaz bidaia-tzea ibilbidea aldapa behera denean! Almendrondoez eta olibondoez inguraturiko paisaian barna goaz, txistuka eta alai. Umeen kexak haizeak daramatza, patxada transmititzen duen inguru honetan. Taldeko animalien eta landareen adituak, beti dago halako bat talde guztietan, alboetan ager-tzen den berdetasunari eta dantzari agertzen diren txoriei buruzko azalpenak ematen dizkigu.
Matarranya erreka gaineko biaduktua igarotzean zorua beste aldera tolestu da, txorien txioen gainetik pelotoiko txirrindulari gazteenen kexuak gailenduz. Kale animatzaile/txiste kontalari/pailazo ibiltariarena piska batean eginda lortu dugu Cretas herrira iristea. Bertako harri horixkako kaleetan barna, arkuak, etxe-jauregi dotoreak eta kartzela zaharra ikusi ditugu. Tabernan belarria adi jarriz, katalanez hitz egiten dutela ohartu gara. Sartaldeko Zerrendan gaude, La Franja deiturikoan, katalanez egiten duten Aragoiko udalerrietan alegia.
Hurrengo egunean bai, ibilbide osoa beherantz izan da. Terueletik Tarragonako probintziara egin dugu jauzi Argars erreka gainetik igaro eta Arnés-Lledó-ko geltokira iristean. Nabari da urteak igaro direla 1973an azken trena bertatik pasa zenetik, bertan dauden eraikin erdi eraitsi mordoak ezin baitute denboraren pisua disimulatu. Muino batean kokatzen den Horta de Sant Joan herrixka inguratuta ikuspegi ezin ederrago bat ireki da gure aurrean. Els Ports mendigunea maisutasunez ageri da bere hamaika tontorrekin, olibondo eta almendrondo irudiari atzealde ezin politagoa eskainiz. Konturatzerako, ia pedal kolperik eman gabe, Bot herrira iritsi gara eta geltoki zaharrean taberna batean bilakaturiko tren-bagoi bitxian zintzurra busti ahal izan dugu.
Puntu honetatik aurrera bide berdea Canaletes erreka jarraitzen saiatzen da baina ur lerroak modu sigi-saga-tsuan lortzen du Pàndolseko mendilerroan sartzea, eta tren zaharra dinamitaren indarrez lortu zuen barneratzea. Igarotako tunel kopuruak zenbatzeari utzi diogunean, hortxe agertu da erreka-zuloan Fontcaldako santutegia. Gaur egun ama birjina gurtzea baino, bertako arroilako ur epel eta hotzetan bainatzera dator jendea, eta guk ere gure bataio ateoa egiteko baliatu dugu aukera.
Ibilbidean aurrera eginez gurutzatzen diren paisaia ederrak, ikusgarriak eta lasai-lasaia dira. Ezerezaren erdian agertzen den El Pirell de Brai-eko geltokian dagoen patxada, kontrastea egiten du Espainiako gerra zibilean paraje hauek bizi izan zituzten gudu odoltsuekin.
Tren ibilbide zahar berdinean jarraitzen badugu ere, zonalde bakoitzak bere izena eman dio eta Val de Zafán zena hasieran, Terra alta bilakatu da, azkenik Baix Ebre izena hartzeko. Izenak adierazi bezala, Ebroaren lurraldetan sartzen ari gara eta Berifallet geltokia igarota, Canaletes errekak egin bezala, Ebro ibaiarekin egin dugu topo. Paisaia aldatu egin da, baita malda ere, eta modu arinean bada ere, pedalei zertxobait eragin behar zaie. Xertara iristean gure tropel ibiltariak erabaki du nahikoa dela, eta asmo hori izanda ere Mediterraneora inoiz iritsi ez zen Val de Zafáneko trena bezala, hemen geratu gara, kresala usainduz eta Ebroko ur geza nola doan ikusiz.