Rioni ibaiaren gainean nago, gaur egun oinezkoentzakoa den Zubi Zuriaren barandan bermatua. Ura bizi-bizi dator, kilometro gutxitara dagoen Kaukasoko mendietako elurra, hego mendebalderantz joz, Itsaso Beltzerako bidea egiten ari den seinale. Hala sartu naiz ni Kutaisi hirira bizikletaz, bizi-bizi, hiri handien trafikoaren beldur, pedalei arin eraginez eta inguruari gehiegi erreparatu gabe. Ez da hainbesterako izan egia esan, baina Georgiako hirugarren hiririk handiena dela irakurri nuenez, adi egon beharra zegoen badaezpada ere.
Kutaisi, ქუთაისი idatzia alfabeto georgiarrean, hiri oso zaharra omen da eta modu jarraian jendea bizitzen egon den zaharrenen artean kokatzen dute. Hori dela eta kale estu eta bihurrien alde zahar bat espero nuen, baina horren ordez Europa erdialdeko hiri dotore bat topatu dut, harbidezko zoladura eta denda distiratsuekin. David Agmashenebeli plazan urre koloreko irudiz osaturiko iturri erraldoi batek herritarren bilgune ikusgarria borobiltzen du. Dotorezia honek ez du hala ere gehiegi irauten, eta oinez apur bat eginez gero, solairu gutxiko etxeez inguratutako kale lasaiak aurki daitezke edo Bazar Berdera joanez gero, zarata eta janari nahaste sakoneko kalexkak. Usaien labirinto honetan, deigarriak dira koloretako Churchjela zintzilikarioak: horixkak, gorrixkak, berdeak. Zer diren ezin asmatuta, dendari bati galdetu eta kolorezko “perlazko lepokoak” muztio lodi batez inguraturiko fruitu lehor kateak direla azaldu dit, eskukada batengatik antza eskaintza uka ezina egiten zidan bitartean.
Kutaisi atzean utzi eta Imereti eskualdean murgildu naiz errepide gorabeheratsu bat jarraituz. Gehiegi urrundu gabe, kartelek argi erakutsi didate zein den ikusi beharreko hurrengo lekua: Gelati monasterioa. Georgian bazter guztietan topatzen diren eliza ortodoxoen enegarren kopia dirudi hasiera batean begirada landua ez duen batentzat, baina barrenera sartu eta dena freskoz josita dagoela ikustean, ezjakintasunetik onar daiteke horren garrantzitsua izatea XII. mendeko maisulan hau.
Kilometroak aurrera eginda, Katski pillar izenez ezaguna den elizarekin egin dut topo. 40 metroko kareharrizko zutabe baten gainean eraikia, mundu guztiari beldurra dioten edo eskalada maite duten apaizen neurrira egina dagoela dirudi.
Altuerarekin harreman berezia dute inguru hauetan. Chiaturan nago, Suitzako eski estazio batean baina teleferiko gehiago dauden hiri batean, baina han ez bezala hemen eraikinek sobietar geruza gris bat dute. Herria arroila batean eraikia, inguruko mendietako Manganeso meatzeen ondorioz hazi zen. Pentsa, XX.mende hasieran munduko ekoizpenaren erdia bertatik irteten zen. 1954 urtean teleferiko sistema bat eraiki zuten bailararen sakonean zegoen herria meatzeekin lotzeko, langileak lanera modu eraginkorrean iristeko.
Meatzean lan egiteko behar den adorea bezain beste beharko zuten herdoil orbanez beteriko zementuzko munstroak diruditen teleferiko geltokietan hanka sartzeko. Azken urteetan teleferiko garraio sistema berri-tzen ari dira, segurtasun estandarrak betearaziz baina proletariotzaren abentura parkearen xarma galduz. Ez dut lortu bizikleta non utzi kabina hegalari horietako batean igotzeko eta bidean aurrera noala damua dator nirekin, baina baita lasaitasuna ere.
Georgieraz idatzitako kartelak irakurtzea bere lana dakar, კაცხის bezalako hitzekin denbora behar baitut hizkiz hizki hitz ezkutua zein den jakiteko. Iritsi da unea nire ezagu-tza guztiak praktikan jartzeko zeren eta hurrengo bidegurutzean kale eginez gero, arazotan sar naiteke. გორისა herrirantz joz gero, bide onetik noa Gori alderantz. Aldiz პერევი herrira zuzentzen banaiz, atxilotua amaitu dezaket eguna. Edo alderantziz zen? Kontua da bide batek Georgian barna naramala eta besteak ordea Hego Osetiako mugara eramaten nauela. Lurralde hau mapetan marra eten ez oso garbiekin agertzen den horietakoa da, noren menpe dagoen deskribatzeko de facto eta de iure bezalako esapideak erabili behar diren horietakoa.
2008an inguru hauetan gauzatu zen Georgiaren eta Errusiaren arteko gerra, eta mugatik kilometro eskas batera nagoela ohartu naiz mapara begirada luzatzean. Ea ez naizen bidetik desbideratzen. Mendi inguru bat gurutzatu ostean, Kura ibaiaren ertza jarraituz Gori herrira iritsi naiz. Aipaturiko gerran berebiziko garrantzia izan zuen herri honek eta oraindik bala zuloak ikusi daitezke pareta batzuetan. Baina ez da horrengatik ezaguna herri hau, ez behintzat Georgiatik kanpo. Hementxe bertan jaio baitzen Sobietar Batasunaren gidaritza eraman zuen, edo modu argigarriago batean esanda, Stalin. Maitatua bezain gorrotatua omen da bere jaioterrian, baina halako figura garran-tzitsuaren sorgunea izan zela ez dute ezkutatzen. Bere umetako etxea bertan dago, osorik, beste eraikin baten aterpean zaindurik, baita bere tren bagoi pertsonala, museo bat, plaza bat eta eskultura bat ere. Irensteko atal zailak dituen Stalinlandia atzean utzi eta tinko eutsi diot bizikletaren heldulekuari, oraingoan bai, trafiko handia baitago Tbilisirako noranzkoan.