iburu jakingarri bat plazaratu berri da Iruñean, "Kontuen Ganbera: 40 urteko kronika (1980-2020)", Fermin Erbiti Ganberako komunikazio arduradunak ederki ondua. Aukera ederra da iragan hurbil-hurbilera bidaia egiteko; arrunt aproposa, ahanzturaren zolan zokoratuak ditugun oroitzapenak eta izenak burura ekartzeko, dena argazkiz hornitua. Irudien artean, bat bereziki deigarria. Nafarroako lehen parlamentua, 1979ko hauteskundeetatik ateratakoa. 70 kideetarik (haien artean, Manuel Irujo), bizpahiru emakume bakarrik. Egileak, ohi duenez, begirada amultsua pausatu du euskarari dagokionean. Hau da, bertze egile bat izatera, ez zen euskararen inguruko hitzik edo aipurik ere agertuko. Erbitik aletutako hamaika afera eta txostenen artean, ordea, Iruñeko Euskalerria Irratiaren auzi luzea ageri da eta, eraikinari berari dagokion atalean, oroitarazi du han biltzen zela XIX. mendeko Euskara elkargoa eta hantxe egon zela ikasturte batez gerra ondoko lehen euskaltegi publikoa, Diputazioak 1951n ezarria, Euskararen Akademia, alegia. Liburuaren mamiaz bezainbatean, argi eta garbi gelditu da agerian, batetik, aunitzetan makurra eta legez kontrakoa izan dela diru publikoen erabilera lan publiko, diru-komisio, diru-laguntza eta bidaietan. Kontuen Ganberak egindako txosten baten arabera, adibidez, Nafarroak Madrilen zuen Ordezkaritzak 1,6 milioi euroko gastua izan zuen hiru urtean, eta ordezkariak hainbat bidaia egin zituen, nora eta Irak, AEB, Mosku eta Santo Domingora, zertara eta... inork ez daki. Bertzetik, Kontuen Ganberak lana txukun eginik ere, irudipena da musu-truk atera zaiola jende frankori ustelkeria, hau da, arlo judizialak ez diola behar bezalako erantzunik eman. Azken buruan, inork galdetzen badu zer izan den Nafarroa azken berrogei urtean, deblauki erran beharko zaio: alimaleko lapur besta.