Síguenos en redes sociales:

Ospitalzazioen zama emozionala

Senide baten ospitalizazioa normalean isilean eramaten den prozesu bat da, eta horrek dakarren zama emozionala handia da

Ospitalzazioen zama emozionalaDragos Condrea

Senide baten ospitalizazioak eten zuzena eragiten du egunerokoan. Ez da soilik osasun-arazo bat, baizik eta bizitza antolatzeko modua kolokan jartzen duen egoera: lan-ordutegiak, zaintza-sareak, atseden-denbora eta egonkortasun emozionala. Ospitaleko ateak zeharkatzen diren unetik aurrera, erritmoa aldatzen da, baina kanpoko exijentziek bere horretan jarraitzen dute.

Euskal Autonomia Erkidegoan, Osakidetzaren datuen arabera, ospitalizazioen zati handi bat 65 urtetik gorako pertsonei dagokie. Zahartze progresiboak eta gaixotasun kronikoen gorakadak ospitaleko sarrera ohikoago bihurtu ditu, eta horrek zuzenean eragiten die senideei, askotan zaintza ez-profesionalaren ardura beren gain hartzen baitute.

“Ospitalizazioa ez da une puntual bat, baizik eta prozesu bat, eta prozesu horretan ingurukoek ere osasun-arriskuak dituzte, batez ere, emozionalak”, azaltzen du Irati Lasak, psikologo klinikoak, zaintza informalaren eta estres kronikoaren arteko harremana ikertu duenak. Haren arabera, “adinekoen edo bikotekideen kasuan, ohikoa da pertsona zaintzaile bihurtzea inolako prestakuntzarik gabe, baliabiderik gabe eta, askotan, denborarik gabe”.

Ospitalizazio guztiak ez dira modu berean bizitzen. Egoeraren larritasunak, iraupenak eta aurreikuspenak baldintzatzen dute senideen esperientzia, baita haien osasun emozionala ere. Ebakuntza programatu batek, oro har, ziurgabetasun txikiagoa sortzen du; larrialdiko ospitalizazioek, aldiz, shock handiagoa eta kontrol falta dakartzate.

Gaur egungo gizartean zaintza funtsezkoa da, baina bigarren mailako garrantzia ematen zaio.

Ospitalizazioaren mila kasu

“Ziurgabetasuna da estres-iturri nagusietako bat”, azaldu du Irati Lasak, “ez jakiteak zenbat iraungo duen, zein izango den bilakaera edo zer erabaki hartu beharko diren, antsietatea handitzen du, batez ere adinekoen kasuan, non zailtasunak ohikoagoak diren”.

Egonaldien iraupenak ere eragin zuzena du. Egun gutxiko ospitalizazio batek eguneroko antolaketa aldatu behar izatea dakar; asteetako edo hilabeteetako egonaldi batek, berriz, bizitza osoa berrantolatzera behartzen gaitu. Lana, zaintza, etxea eta harreman pertsonalak orekan mantentzea gero eta zailagoa bilakatzen da.

Hori bizi izan du Maialen G.-k, ama gaixotasun kroniko baten ondorioz maiz ospitaleratzen dutena. “Lehenengo aldietan pentsatzen duzu behin-behinekoa dela. Baina ingresuak errepikatzen direnean, badakizu zure bizitza etengabeko alerta-egoera bat izango dela”, azaldu du. “Ez da gauza bera bi eguneko egonaldia ospitalean, edo hiru astekoa. Bigarren kasu horretan, dena kolokan jartzen da”.

Harreman motak ere baldintzatzen du bizipena. Gurasoen ospitalizazioan, askotan rol-aldaketa gertatzen da: seme-alabak arduradun bihurtzen dira. Bikotekidearen kasuan, parekotasuna hausten da aldi baterako, eta zaintza-harreman berri bat sortzen da. “Rol-aldaketa horiek ez dira beti kontzienteak, baina eragin handia dute gure bizitzan”, dio Lasak. “Zaintza ez-profesionala ez da gauza neutro bat, harremanaren dinamikak aldatzen ditu”.

Ospitalizazioa, beraz, ez da esperientzia homogeneo bat. Baldintzen arabera, zama emozionala eta logistikoa handiagoa edo txikiagoa izan daiteke, baina kasu guztietan, senideen egunerokoa markatzen duen mugarri bat da.

Zaintzailearen egunerokoa

Senide baten ospitalizazioak eguneroko bikoitza sortzen du zaintzailearentzat: ospitaleko denbora eta kanpoko bizitza uztartu behar izatea. Bisita-ordutegiak, medikuekin hitz egiteko tarte laburrak eta informazioa eskuratzeko zailtasunak egunerokoaren parte bihurtzen dira, lanarekin, etxeko ardurekin eta atseden faltarekin batera.

“Zaintzaile ez-profesionalek ez dute atseden-espaziorik”, azaldu du Irati Lasa psikologoak. “Ospitalean egonda ere ez dira guztiz lasai sentitzen, eta etxera itzultzean, erruduntasuna agertzen da, bertan ez egoteagatik”. Haren arabera, tentsio hori mantentzen denean, nekea emozionala eta estres kronikoa agertzeko arriskua handitzen da.

Ospitalzazioen zama emozionala.

Ospitaleko egunerokoak, gainera, ziurgabetasuna dakar. Probak atzeratzen dira, informazioa zatika jasotzen da, eta erabakiak azkar hartu behar dira. Horrek guztiak kontrol-sentsazioa murrizten du. “Batzuetan egun osoa ospitalean ematen duzu, eta ez dakizu ezer berririk”, dio Maialen G.-k, “bitartean, laneko mezuak heltzen dira, eta etxean egin gabe geratzen diren gauzak pilatzen dira”.

Zaintzaile askok ez dute haien burua zaintzaile gisa identifikatzen. Senide baten alde “egiten dena” dela ulertzen dute, baina horrek ez du ardura txikiagoa bihurtzen. Ospitalizazioa luzatzen denean, eguneroko errutinak desegiten dira: otorduak ez dira egonkorrak, lo-orduak murrizten dira eta harreman sozialak bigarren planoan geratzen dira.

“Gizarteak ez du zaintza-denborarik aurreikusten”, dio Lasak, “horregatik zaintzaileek moldatu behar dute dena, askotan haien ongizatearen kontra”. Ospitaleko eta kanpoko bizitza uztartzea, kasu askotan, oreka ezinezko baten bilaketa bihurtzen da.

Produktibitatea eta zaintza

Senide baten ospitalizazioak agerian uzten du lan-munduaren eta zaintzaren arteko tentsioa. Enpresetan eta erakundeetan, produktibitatea da neurgailu nagusia, eta zaintza-egoerak salbuespentzat hartzen dira, aldi baterako moldatu beharreko arazo gisa.

Un médico observa la radiografía de una paciente.

“Lan-sistemak ez du barneratuta zaintza prozesu luze eta aldakorrak egon daitezkeela”, azaldu du Lasak, “horrek eragiten du pertsona askok gutxieneko baimenak hartzea, edo zuzenean egoera ezkutatzea, lan-galeraren beldur”.

Zaintzaileek askotan bi presio jasaten dituzte aldi berean: lanera ez iristeagatik errudun sentitzea, eta zaintzan nahikoa ez egitearen sentsazioa. Presio hori areagotu egiten da ospitalizazioa luzatzen denean edo maiz errepikatzen denean.

Maialen G.-k argi azaltzen du: “Lanera joan behar dut, baina burua ospitalean daukat. Eta ospitalean nagoenean, lanean ez egoteagatik gaizki sentitzen naiz”. Egoera horrek zaintza ikusezin bihurtzen du, instituzioek eta egiturek aitortzen ez duten lan gisa.

Zaintza eta produktibitatea kontrajarrita ulertzen diren bitartean, ospitalizazioek zaintzaileentzat zama gehigarri izaten jarraituko dute.

Zaintzarako prest ez dagoen gizartea

Ospitalizazioek agerian uzten dute zaintza nola ulertzen den gizartean: ardura pribatua da oraindik, familiek (eta bereziki senide hurbilenek) bere gain hartu beharrekoa. Baliabide publikoak eta laguntza-sistema badauden arren, askotan ez dira nahikoak edo ez daude egoera errealetara egokituta.

“Zaintza-sistema familia-eredu jakin batean oinarrituta dago, eta eredu hori ez da beti existitzen”, azaldu du Lasak. “Badirudi norbaitek beti egon behar duela libre, malgu eta prest zaintzeko, baina hori ez da errealista gaur egun lan- eta bizi-baldintzetan”, dio Maialen G.-k.

Adinekoen ospitalizazioan hutsune hori bereziki nabarmena da. Alta medikoa iristen denean, askotan etxera itzultzeko baldintza ez daude bermatuta, eta senideek hartu behar izaten dituzten zaintza-lanak. “Inork ez dizu galdetzen ea prest zauden edo nola moldatuko zaren”, dio Maialen G.-k, “ulertzen da familiak beti konponbide bat izango duela”.

Zaintzaren pisua, gainera, ez da modu berdinean banatzen. Ikuspegi feministatik aspaldi seinalatu da emakumeek hartzen dutela, gehienetan, zaintza ez-profesionalaren ardura. Egoera horrek desberdintasunak areagotzen ditu, bai lan-ibilbidean, baita osasun emozionalean ere.

“Zaintza behar bat den bitartean, baina eskubide gisa tratatzen ez den bitartean, arazoa ez da pertsonala izango, estrukturala baizik”, dio Lasak. Ospitalizazioek, horrela, gizartearen antolaketa-moduaren isla zuzena eskaintzen dute: zaintza funtsezkoa da, baina bigarren planoan geratzen da.

Ospitalizazioaren eragin emozionala

Senide baten ospitalizazioak eragin emozional zuzena du zaintzaileengan, eta askotan bigarren planoan geratzen da. Antsietatea, nekea edo beldurra ohiko erreakzioak dira, baina ez dira beti identifikatzen edo izendatzen. Egoerak irauten duen bitartean, emozioak kudeatzeko denborarik ez dagoela sentitzen dute askok.

“Zaintzaileek sarri emozioak ezkutatzen dituzte, ez diete lekurik ematen, lehentasuna besteak duelako”, azaltzen du psikologoak. Gainera, emozio horiek ez dira desagertzen, pilatu egiten dira, eta Lasak dioen bezala, epe luzera ager daitezke neke emozional moduan, antsietate bezala edo sintoma fisikoen bidez.

Ziurgabetasunak areagotu egiten du tentsio hori. Eboluzioaren inguruko informazio zehaztugabeak, etengabeko aldaketek eta erabaki zailak hartu behar izateak zaintzaileak alerta-egoera jarraituan mantentzen ditu. “Ezin duzu inoiz erabat deskonektatu. Nahiz eta etxean egon, burua ospitalean dago, eta horrek asko nekatzen du”, dio Maialen G.-k.

Ospitalizazioa luzatzen denean edo errepikakorra denean, eragin emozionala sakonagoa izaten da. Zaintzaile batzuek normalizatu egiten dute egoera, baina horrek ez du esan nahi kalterik ez dagoenik. “Ohitzen zarela ematen du, baina gorputzak eta buruak faktura pasatzen dizute”.

Gainera, emozio horiek gutxitan partekatzen dira. Inguruneak indarra eskatzen du, “ondo egotea”, edo “aurrera egitea”, eta horrek zaildu egiten du ahultasuna adieraztea. Ospitalizazioa, beraz, ez da soilik proba fisiko edo logistikoa: zama emozional handia dakarren esperientzia da, askotan isilean bizitzen dena.