Iruñeko Gayarre Antzokiak Erronkariko abeslari euskaldun ospetsuaren izena darama eta, hasieratik, euskal kulturaren erakusleihoa izan da. Hala azpimarratzen du Euskarabidearen “Euskara aleka” podcastaren kapitulu berri honek. Euskarazko lehen emanaldiak Gerra Zibilaren aurretik eskaini ziren eta, hortik aurrera, denetatik egin da: bertso saioak eta txapelketak, kantaldiak, antzezlanak, dantza saioak, kantu txapelketak, bestelako ikuskizunak…

1905ean eman zitzaion Gayarre izena, izan ere, aurretik Antzoki Nagusia deitzen zen. Hasieran Gazteluko plazaren hegoaldean kokatu zen, plaza ixten. Harresien eraistearekin, alta, lekuz aldatu eta egungo kokapenean ezarri zen 1931ean.

Aita Donostiak euskal kantagintzaren inguruko bi hitzaldi eman zituen bertan eraikina oraindik Gazteluko plazan kokatzen zenean. Haur talde bat ere aritu zen kantari, Diario de Navarra-ko kazetari José Agerrek bere artikulu batean deskribatu bezala: “Orok hobeki uler zezaten neska-mutil talde bati kantaerazi zizkion (abestiak), jendea pozez leher egiteko zorian jarririk kanta bakoitzaren amaieran. Haiek ziren esku-zartak, txaloketak, pozezko oihuak eta jendearen ezinagoko sua”.

Gayarren ospatu zen ere Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala hiru urtez: 1963an, 1964an eta 1966an. 1960ko hamarkadan aritu ziren, halaber, Ez Dok Amairu talde iraultzaileko abeslariak ere, tartean Mikel Laboa, Xabier Lete, Lourdes Iriondo eta Benito Lertxundi. Oholtza berean egin zitzaion omenaldia Etxahun Iruri koblakari zuberotarrari, 1979an; eta 1988an, Mixel Xalbadorrek bertan jantzi zuzen txapela. Gayarre Antzokiak euskal kulturaren erakusleiho bezala izan duen garrantziaren lagin bat besterik ez da hau.

26 kapitulutan, Nafarroan eta hiriburuan bertan euskarak mendeetan izan duen garrantzia azaltzen dute podcastek modu atsegin eta askotarikoan. Hamaika kontakizun, istorio, gertakari eta gizon-emakume ageri dira bertan, Nafarroa osokoak, hau da; Iruñekoak nahiz Iruñerrikoak, Mendialdekoak, Erdialdekoak eta Erriberakoak.

“Euskara aleka Nafarroako Gobernuak egindako lehen podcasta da. Edukia sortzeko bildutako informazio historikoaren iturriak Nafarroako euskararen historiografiari buruzko lanak izan dira, besteak beste, Jose Maria Jimeno Jurio, Peio Monteano, Jose Maria Satrustegi, Patxi Salaberri, Joxemiel Bidador, Mikel Belasko, Fernando Maiora eta Xabier Erizerenak. Material historikoen hautaketa Enrike Diez de Ulzurrun itzultzaile eta idazleak egin du.

Podcast guztiak euskaraz zein gaztelaniaz daude entzungai:


Con la colaboración del Ministerio de Cultura y Deporte / Kultura eta Kirol Ministerioak lagundua.