Garrantzi handiko euskal aldizkaria izan zen Príncipe de Viana. Nafarroako Diputazioaren Euskeraren aldeko Sailaren ekimenetako bat izan zen argitalpena eta, 1966tik aurrera, 7.000 ale banatu ziren doan beste horrenbeste etxetan, euskara idatzia euskaldunengana hurbiltzeko helburuarekin. Euskarabidearen “Euskara aleka” podcastak aldizkariaren historia berreskuratzen du kapitulu honetan.

Gai asko jorratzen ziren aldizkarian, herriz herriko albisteekin batera, begirada 1960ko hamarkadan gertatzen ari ziren aldaketa handietan pausatuta: euskara batua, Nafarroako industrializazioa, gizartea, bertsolaritza, euskal kulturaren loraldia… Jose Maria Satrustegik, adibidez, bi gizon ilargira iritsi izanaren inguruko albistea idatzi zuen. Munduko berriak ere ematen zituzten labur-labur, tartean Vietnameko gerra.

Gazteei lekua utzi zitzaien Arnas Berri izeneko atalaren bidez, indar handiz zetorren belaunaldiari ahotsa emateko. Han aritu zen, besteak beste, Sagrario Aleman egungo euskaltzaina. Eskualde guztietako hamaika kolaboratzaile izan zituen Príncipe de Viana aldizkariak, eta, horien artean, Pedro Díez de Ulzurrun Etxarte. Sendagile iruindarrak Ikusle goitizenarekin sinatzen zituen bere artikuluak, kultur arloko albistean emateko.

26 kapitulutan, Nafarroan eta hiriburuan bertan euskarak mendeetan izan duen garrantzia azaltzen dute podcastek modu atsegin eta askotarikoan. Hamaika kontakizun, istorio, gertakari eta gizon-emakume ageri dira bertan, Nafarroa osokoak, hau da; Iruñekoak nahiz Iruñerrikoak, Mendialdekoak, Erdialdekoak eta Erriberakoak.

“Euskara aleka Nafarroako Gobernuak egindako lehen podcasta da. Edukia sortzeko bildutako informazio historikoaren iturriak Nafarroako euskararen historiografiari buruzko lanak izan dira, besteak beste, Jose Maria Jimeno Jurio, Peio Monteano, Jose Maria Satrustegi, Patxi Salaberri, Joxemiel Bidador, Mikel Belasko, Fernando Maiora eta Xabier Erizerenak. Material historikoen hautaketa Enrike Diez de Ulzurrun itzultzaile eta idazleak egin du.

Podcast guztiak euskaraz zein gaztelaniaz daude entzungai:


Con la colaboración del Ministerio de Cultura y Deporte / Kultura eta Kirol Ministerioak lagundua.