Lau urte igaro dira DBH-ko ikasleen artean Euskara Taldea lehenengo aldiz martxan jarri zenetik eta nola ez aurten ere taldea berritu egin da. Euskara Taldea DBHko 3. eta 4.mailako ikasleek osatzen dute eta hauek ikastolan edota Mendebaldea auzoan euskararen erabilera suspertzeko jarduerak antolatzen dituzte. Taldeko partaideek borondatez ematen dute izena eta leku propioa dute antolatzen diren jarduerak antolatzeko: Jasetxea. Bertan bilerak egiten dituzte eta sor-tzen diren ideiei forma ematen diete. Jasetxea Euskara Taldeko gela da, eguneroko pasabideetatik at dago eta taldekideek espazio hau kudeatzeko ardura dute.
Talde honen behar eta zereginak ikasleek eurek ikusten dituzte, lantaldeak sortuz. Aurten bost lantalde osatu dira:
1- Argitxoren Txokoa Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako pasabideetan dagoen Argitxoren Txokoa dinamizatzeko ardura dute lan talde honetan daudenak. Haurrendako jolasak, lehiaketak antolatu, txokoa apaindu, sari banaketa egin eta abar.
2- Izena eta logoa Euskara Taldeko kideek taldeari izena eta irudia aldatu nahi diote, beraien ustez Euskara Taldea izenak ez du inongo erakargarritasunik eta talde honen izenak gazteekin eta ikastolarekin lotura izan beharko lukeela pentsatzen dute. Hau dela eta, izena eta logo lehiaketa antolatuko da, lehen bai lehen taldeari izena eta izana emateko.
3- Margoketa Jasetxea margotzeko ardura izanen dute Margoketa lan taldean arituko direnak, ikasleena den espazio honi nortasuna emateko. Aurreko Euskara Taldeek Jasetxeko paretetan egindako marrazkien gainean zuriz margotu eta orain irudimenarekin betetzeko paretak bihurtu dira berriro.
4- Jaiak, ospakizunak... Ikasturtean zehar Olentzero eta Inauteri egunak jai-egun handiak dira Jaso Ikastolan. Euskara Taldeak ospakizun hauetan ere parte hartzen du, beste ikasleendako jolasak, karaokeak, dantzaldiak eta abarrekoak antolatuz.
5- Txapelketak Jaiak eta ospakizun bereziez gain, ikasturtean zehar hamaika txapelketa antola-tzen ditu Euskara Taldeak, ikasleen arteko euskararen erabilera suspertzeko. Lan talde honetan daudenek txapelketa hauek antolatuko dituzte.
Aurten 31 lagun inguru daude taldean eta jadanik martxan daude ikasturteko lehenengo ardura nagusiari behar bezala aurre egiteko: Olentzero eguna. Izan ere, egun horretarako zenbait jarduera antolatzeko asmoa dute ikastolako ikasleen artean eta honek bere denbora eskatzen du. Aurten gainera, nahiko berritzailea den ideia dute eskuartean, baina zer den jakiteko itxoin beharko duzue (aurretik kontatzen badizuegu akabo sorpresa!). Bien bitartean, arestian aipatu bezala Euskara Taldeko lagunek beste izen bat eman nahi diote taldeari eta horretarako izen lehiaketa antolatu dute DBH-ko ikasleen artean. Beraz, badakizue, izenen bat bururatzen bazaizue jarri Euskara Taldearekin kontaktuan. Bestetik, Esku Pilota Txapelketa antolatu berri dute DBH-ko 1. eta 2.mailako ikasleentzat. Partidak bigarren jolastorduan izanen dira (12.25-12.55) eta izena emateko orriak DBHko geletan zein pasabidetan aurkituko dituzue. Izena eman abenduaren 4a baino lehen.
Ikasturteak hasi besterik ez du egin eta ugariak dira ikasturtean zehar antolatuko diren jarduerak. Horien artean Kidetzea azpimarratzekoa da. DBHko Euskara Taldean dauden ikasleek jadanik badakite LHko ikasleen eredu direla eta kidetze plangintza antolatu dute, non ikasle helduek txikiekiko ardurak bereganatzen dituzten. DBH-ko ikasle bat LH-ko beste ikasle batekin kidetzen da eta bata besteari jolasak edota bere gelako gora beherak azaltzen dizkio. Ikasle gazteak ikasle zaharrekin elkartzeko formula egokia da hau eta bide batez euskaraz elkar ezagutzeko aukera dutela ikusten dute. Ikasturtean zehar antolatuko den beste jardueretako bat Ipuin Kontaketa da. Kasu honetan DBH-ko 3. mailako ikasleak HH-ra (4-5 urtekoengana) joanen dira sortutako ipuinak kontatzera. Ondoren, HH-ko haurrak joanen zaizkie DBH-koengana beraien ipuinak kontatzera. LH-ko ikasleen patio garaian ere eragin nahi da eta patioko laguntzaileek (Lourdes, Idoia eta Arkaitz) zenbait kontu, jolas eta joko landu egiten dituzte ikasleekin.
Tira, honaino Euskara Taldeari buruzko gure erreportaitxoa, jakin badakigu beste ikastola zein eskoletan gisa honetako taldeak daudela eta aurten beraiekin harremanetan jarri nahiko genuke, bata besteari ideiak elkartrukatzeko. Beraz, badakizue, beste ikastetxe bateko Euskara Taldeko kide bazara, jarri gurekin kontaktuan.