Síguenos en redes sociales:

Otsaila, tradizio eta ospakizunen hilabetea

Dibertigarria izan da otsaila, izan ere, Santa Ageda eta Inauteriak tartean, abestu, dantzatu eta mozorrotzeko beta izan dugu Ibaialde ikastolan

Otsaila, tradizio eta ospakizunen hilabetea

Otsaila hasiera polita izan genuen ikastolan. Batetik otsailaren 4an Santa Ageda eguna ospatu genuelako eta bestetik otsailaren 8an Ihauteriak. Beraz, ia hilabete bat eman dugu Santa Agedarako kantak eta koplak, eta ihauterietarako dantzak entseatzen.

Santa Ageda egunaren bezperan Euskal Herrian oles egiteko ohitura izaten da.Oles egitea norbaiti erregu edo zerbait eskatzea izaten da.

Otsailaren 4an, goizean, ikastolara iritsi bezain laster Haur Hezkuntzako haurrak janzten lagundu genituen eta beraiekin batera herritik abestera joaten ginen. Ibilbide guztian zehar haur txikiak lagundu genituen.Guraso batzuk ere etorri ziren eta batzuk gurekin abestu zuten. Aurten jende gutxi etorri zen gu ikustera, Lodosan ez dagoelako ohitura handirik egun hau ospatzeko. Hemen, jendeak normalean ez digu ezer ematen baina txalo eginez ematen dizkigute eskerrak. Hala ere, ziur gaude datorren urtean ere festarekin jarraituko dugula.

Hiru kanta abesten ditugu. Lehenengo abestiak Santa Ageda du izena eta makila batekin lurrean joz abesten dugu. Bigarren abestiak Ikastolako kanta dauka izena. Abesti horrekin ez dugu makilarik erabiltzen. Hirugarren abestia Santi Mamiña da. Abesti honen doinuarekin guk asmatutako koplak ere abesten ditugu.

Lehen esan dugun bezala, aste oso bat egon ginen entseatzen eta koplak egiten eta azkenean nahiko ongi atera zen. Hona hemen kopla batzuk:

Begiratu kaletara

neska-mutilak plazara

plazan guztiak kantari daude

Gora Ibaialde ta Euskara!

Ez galdu Euskara, mesedez

eskatzen dizut faborez

bestela triste geldituko naiz

egun osoa negarrez

Abestitxo hau zuretzat

oparia Euskararentzat

Gure kultura zein polita den

denontzat ta euskaldunentzat

Zurekin bat bagarela

denon bihotzan zaudela

hizkuntza eder hau guk zabaltzeko

bota dezagun txapela

IHAUTERIAK, TRADIZIOAK BERRITZEN Aurten, Ibaialde ikastolako ihauteriak aldatu dira. Ikastola sortu zenetik eta ihauteriak ospatzen hasi ginenetik ikastolan beti euskal tradizioak jarraitu izan dira. Ikastolan lehenengo ihauteria ospatu zenetik euskal mitologiako edo euskal ihauterietako pertsonaien jantziak eraman izan ditugu, hau da, Miel Otxin lapurra; Ziripot belar eta zakuekin jantzitako pertsonai lodia, kaleetatik dabilen bitartean Zaldiko izeneko pertsonaiak lurrera botatzen duena; edo Zaldikoa, izakiaren eta zaldiaren nahasketa dena. Txatxoak ere ezagutzen ditugu, animalien azalez eta arropa zaharrez jantzita, baita zanpantzarrak ere beraien zintzarriekin.. . Inauteri tradizionalak oso ikastola gutxik jarraitzen zituztela uste genuen eta hori ere polita zen guretzat. Jende guztia zergatik mozorrotzen ginen horrela galde-tzen ziguten eta guk gure kultura maite genuela erantzuten genien.

Aurten, berriz, ez dugu tradizio horrekin jarraitu. Orain ihauterietarako joko berri bat asmatu dugu. Iaz bezala aurten ere irakasleek Mielotxinen panpin handi bat egin zuten eta ihauterien aurreko astean zehar bere poltsikoan mezuak ipini zituzten. Egun bakoitzean Mielotxinen panpinaren poltsikoan mezu bat zegoen eta mezu horretan hurrengo egunean jantzita ekarri behar genuena jartzen zuen.

Astelehenean buruan zerbait jan-tzi behar izan genuen; asteartean, lepoan zerbait ipini; asteazkenean, oinetako desberdinak ekarri; ostegunean, aurpegia margotu; eta ostiralerako, inauteriak ospatu genuen egunerako, astean zehar ekarri genituen gauza guztiak batera ekarri behar izan genituen.

Hala ere, baziren aldatu ez ziren gauzak ere. Dantzak, adibidez: Sanpetrike, Zazpi jauzi, Txulalai, Polka... Pena izan zen euri asko egin zuela eta ezin izan ginela herrira desfilatzera eta dantzatzera atera. Oso polita izaten zen herriko plazan dantzak egitea. Lodosako jendeak zein dantza egiten ditugun ikusi ahal izan zuen eta, zertxobait lotsatu baginen ere, guri ere asko gustatu zitzaigun publikoaren poza ikustea. Dantzak bukatzerakoan txistorra pintxo batzuk ere jan genituen gure gurasoekin batera...

Ah, ia ahaztua genuen... Goizean lehenengo orduan, ikastolako pasiloetan modako desfile bat egin genuen gure jantziak erakusteko. Barre asko egin genituen, batez ere irakasleak desfilatu zutenean. Beno, denek ez zuten desfilatu, badago bat nahiko motela dena eta musika bakarrik jarri zuena. Beste batzuk kopla batzuk kantatzera ere animatu ziren: Jende guztia dantzara, eta gainera abestera, inauteriak ondo ospatzeko, plazara etorri gara.

Urtero Miel Otxin erre eta denok bere inguruan dantzatzen dugun arren, aurten euriak ez zigun utzi eta barkatu behar izan genion. Datorren urtean ordea... ikusiko du!