ERRENTERIA. Aurtengo berrikuntza nabarmenena ohiko menuaz gain, menu beganoa ere hartzeko aukera egongo dela da. Bazkariko zapiak, txartel bezala erabiliko direnak, hamabost eurotan salgai daude Arkaitza tabernan (Zumardia), Xera Gastrotekan (Xabier Olaskoaga) eta Aralar tabernan (Madalena kalea). Menu beganoa nahi dutenek, berriz, Sindikato tabernan (Madalena kalea) lortu ahal izango dituzte zapiak. Txartelak erosteko azken eguna uztailaren 15a izango da.

Ohiko menuak otarrainxka egosiak, antxoak eta txerri saiheski erdia eta txekor saiheski erdia entsaladarekin jasotzen ditu. Menu beganoa hautatzen dutenek, ordea, barazki pastela, espinaka kroketak eta lasagna begetala dastatuko dituzte. Amaitzeko, bi menuek limoizko sorbetea cavara eta kafea, patxarana eta belar likorea izango dituzte. Edarietan sagardoa txotxean, Errioxako ardoa eta ura eskainiko dira.

Bazkariaren ondoren, 17.00etan animazioa egongo da Alkarkide txarangarekin eta 18.00etan topa egingo dute jaiei hasiera emateko. Azkenik, 18.30ean gizon eta emakumeek sokan dantzatuko dute.

Horretarako, Dantza Luze dantza ikasteko entsegu egunak ere jarri ditu Jai Batzordeak. Bihar eta uztailaren 8an, 13an eta 15ean egingo dira Niessen kulturguneko (Pilotari kalea) balioanitz gelan 19.00etan.

Jai Batzordeak ostiralean egindako aurkezpenean, festak uztailaren 21etik 25era ospatuko direla aurreratu zuen.

“Ilusioz antolatu dugu aurtengo egitaraua. Auzolanean, herritik eta herriarentzat, zuretzat eta guztion-tzat”, ziurtatu zuten.

Madalena jai koloretsu eta parekideen alde lan egin dutela aditzera eman zuten. “Auzolanean sortuz, elkarlanean arituz, guztion artean eraikitzen dugu gure herria”, aitortu zuten.