IRUÑA. Nafarroako Unibertsitate Publikoak estreinakoz parte hartu du Euskal Herriko Unibertsitateak Eusko Legebiltzarrarekin lankidetzan antolatzen duen euskarazko Unibertsitateko Eztabaida Ligan, urte honetan bere laugarren edizioan. Finalean, nafar erakundeko ikasleak hirugarren gelditu ziren, antolatzen zuen unibertsitatearen eta Deustuko Unibertsitatearen atzetik.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko taldea ikasle hauek osatu zuten: Antxon Barbería Pérez (Ekonomia), Martín Erdozáin Erviti (Zuzenbidea), Paula García García (Zuzenbidea eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako titulazio bikoitza) eta Iosu Martín Izkue (Gizarte Lana). Gainera, Ibai Ezpelta Noáin ikasleak (Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza) epaile lanean parte hartu du. Nafarroako Unibertsitate Publikoko ordezkaritza osatu dute Inés Olaizola Nogalesek (idazkari nagusia) eta Iñigo Virto Quecedok (Natura Ingurunearen Zientzien Saileko irakaslea eta eztabaida jardueren arduraduna).
Eusko Legebiltzarreko eta Nafarroako Parlamentuko lehendakari andreekin
Beren ohiko jardueran euskara erabiltzen duten unibertsitateen arteko txapelketa honen finala joan den ostiralean egin zen Eusko Jaurlaritzaren egoitzan, Gasteizen. Bakartxo Tejeria Otermin Eusko Ganberako lehendakariak, Ainhoa Aznárez Igarza Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, eta Eusko Legebiltzarreko Mahaiko kideek ongi etorria eman zieten partaideei osoko bilkuren aretoan, taldeei hitza eman aurretik. Eztabaidarako gaia hau izan zen: "Gure gizarteak behar bezala parte hartzen du politikan?"
Eusko Legebiltzarreko eta Jaurlaritzako kideentzat izan ohi diren lekuak bete zituzten ligan parte hartzen zuten ordezkariek. Lehen saioa Euskal Herriko Unibertsitateko Letren Fakultatean, Gasteizen, egin zen. Taldeetako ordezkariek denbora mugatuetan mintzatu ziren.
Epaimahaiak eztabaidatu ondoren, Tomás Moro Aretora abiatu ziren, sari banaketa egiteko. Eusko Legebiltzarreko eta Nafarroako Parlamentuko lehendakariek eta unibertsitateko ordezkariek eman zituzten diplomak eta sari hauek: 2.000 euro talde irabazlearentzat, Euskal Herriko Unibertsitatekoa; 1.500, bigarrenarentzat, Deustukoa; eta 1.000, hirugarrenarentzat, Nafarroako Unibertsitate Publikokoa zena.