Zarautz - Zarauzko Udalak asfaltatze planaren bigarren faseari ekingo dio asteazkenean eta Itxasmendiko bidegurutzeko biribilgune berria, Araba kalea eta Maria Etxetxiki kalea asfaltatuko dira. Horretarako, asteazkenetik ostiralera trafikoa moztuko dute errepide horietan. Hala, asteazkenean Araba kalean fresaketa lanak egingo dira, bi norabideak itxiko dituzte eta Fresmak enpresaren aurrealdea ere itxi egingo da. Dena den, Pagoeta kaletik eta industrialdetik irteerak mantenduko dira. Itxasmendira sartu edo ateratzeko, berriz, Maria Etxetxiki kalea erabili beharko da.
Ostegunean Araba kalean jarraituko dute lanean eta biribilgune berriaren erdi batean ere egingo dituzte asfaltatze lanak. Ondorioz, Araba kalea guztiz itxita egongo da eta Itxasmendira Maria Etxetxiki kaletik sartu ahal izango da trafiko alternatiboarekin. Amaitzeko, Maria Etxetxiki eta biribilgune berriaren beste erdian egingo dituzte lanak ostiralean. Maria Etxetxiki guztiz itxiko dute eta Itxasmendira Araba kaletik sartu beharko da.
Udalak jakinarazi duenez, mozketa horiek eragina izan dezakete autobus urbanoaren ibilbidean, eta Itxasmendiko geltokia mantendu egingo den arren, atzerapenak izan ditzake. Egun horietan euria egingo balu, aldaketak izan daitezke antolaketa hauetan. - A.R.