viana - Aurreko ikasturtean hasi zen Erentzun Ikastolako xake eskolaren ibilbidea eta urte batetik bestera kirol honen zaletasuna areagotuz doa ikastolan. 2004. urtean Espainiako txapelketa irabazi zuen Amaia Iza Abete irakaslearen eskutik, gure ikasleak mundu hau ezagutzen ari dira eta berarekin bildu dira 6. mailako ikasleak gai honen inguruan gehiago jakiteko asmoz.

Xakea bi jokalarientzako mahai-jokoa edo kirola da. Jokalari batek besteari “Xake Mate” egin behar dio erregea inguratuz bere piezekin. Bi talde daude, zuriak eta beltzak. Taula 64 laukitan antolatuta dago -8 x 8 laukitxo-, kolore beltzak eta zuriak tartekatuta. Jokalari bakoi-tzak 8 peoi, 2 gaztelu edo dorre, 2 zaldun edo zaldi, 2 alfil, eta dama (edo erregina) eta errege bana dauzka.

Xakearen definizioa hauxe da, oinarrian, baina estrategiatik asko duen jokoa ere bada. Halaxe azaldu digu Amaiak berak.

Zenbat urterekin hasi zinen xakean jokatzen? Zergatik?

-Bederatzi urterekin hasi nintzen nire ikastolan, Paz de Zigandan, derrigorrezko arloa zelako dantzarekin batera, eta hor ezagutu nuen xakearen mundua.

Zergatik jarraitu zenuen xakearekin?

-Lehendabizi asko gustatzen zitzaidalako, nahiko ongi ematen zitzaidan eta gainera nire aitak bazekien jokatzen, bere hobby bat zen. Horregatik etxera iristen nintzenean banuen norekin praktikatu.

Zerk erakarri zintuen?

-Ez nago oso ziur. Harrapatu ninduen joko bat izan zen. Pasio bat da, futbola bezala, badauka gauza berezi hori, pertsona bat harrapatzen duena eta gogoak ematen dizkizu beti jokatzen egoteko.

Zein izan da zure ibilbide profesionala?

-Nahiko goiz hasi nintzen jokatzen eta baita txapelketa munduan ere goiz sartu nintzen, 10-11 urterekin. Ongi ematen zitzaidanez, Espainiako txapelketara joateko aukera izan nuen. Horregatik, gero eta gehiago jokatzen hasi nintzen, bidaia eta lagun asko egin nituen xakea dela medio. Aurrerago, irakasle partikularra eduki nuen, horrek eman zidan 2004ean Espainako Txapelketa irabazteko ahalmena. Unibertsitatean hasi nintzenean, xakeak denbora asko kentzen zidanez alboratu behar izan nuen. Hura amaitzean, bueltatu nintzen lagunekin xakera jokatzera. Orduan erabaki nuen nahi nuela xakearen inguruan egitea nire bizimodua eta enpresa bat muntatu nuen. Orain oso pozik nago, geroz eta ikasle gehiago ditut, baita proiektu ugari buruan ere.

Gaur egun zer da zuretzat xakea? -Nire bizimodua da, nire bizitzako zati handi bat hartzen du xakeak, eguneko ordu gehienak hartzen ditu? eta klaseak ematen aritzen ez naizenean, partidak jokatzen nabil edota xakea zabaltzeko modu berrietan pentsatzen ari naiz. Eguneko 24 orduak xakearen inguruan pasatzen ditut.

Gu bezalako ikasle bati zer eman diezaioke xakean jolasteak?

-Oso gauza onak ematen dizkio jokalariari. Xakean zera da garrantzitsua: jokaldi bat egin aurretik gogoeta egitea, epe luzera begira-tzea. Erabakiak hartu behar dira etengabe eta, noski, hauek izango dituzten ondorioetan pentsatu. Bizitzan berdin gertatzen da eta lagungarria da xakea. Bestalde balore asko bultzatzen ditu xakeak: errespetua, enpatia? eta atentzioa eta kontzentrazioa bezalako gaitasunak.

Trukuren bat al dago irabazteko edo ona izateko?

-Bizitzako gauza guztietan bezala trukua lan egitea da.

Nola animatu zenioke xakean hasi nahi duen bati?

-Niretzat oso garrantzitsua den esperientzia bat izan dela kontatuz. Nire ikasleek ere konta dezakete euren esperientzia eta seguru honela xakean lehen pausuak ematen animatuko zela.

Nola ikusten dituzu Erentzun Ikastolako ikasleak xakean?

-Bi talde ditut 22 ikasle inguru. Gaitasun handiak dituzte, berritsu samarrak dira, baina oso-oso langileak nahi dutenean.