ndra Mari Ikastolan jazarpenaren prebentziorako KiVa programak dimentsio garrantzitsua hartu duenean, ikastolako komunitateak gehiago sakondu nahi du. Horretarako berdintasunean bizitzen ikasteko ibilbidean aurten Nafar Gobernuak babestutako Skolae programan murgildu gara. Ikas prozesu guztietan bezala lehenengo urratsa formakuntza eta hausnarketa izaten da.

Hezkuntza pertsonen arteko harremanen eraikuntzarako ardatz garrantzitsua izanik, esperientziak gure artean ematen den genero, arraza, kultura... aniztasunaren aurrean berdintasun eza, indarkeria eta balore ezkorren transmisioa aztertzera eraman gaitu. Horrekin batera berdintasunean hazteko eta harreman-tzeko norberaren jokabide baztertzaileak identifikatu, orekatu eta zuzentzeko konpromezua hartu du Ikastolak. Formakuntzaz gain, hezkidetza plana eta lan taldea sortu direlarik.

Pertsonen ardura, autonomia, ahalduntzea eta tratu onak dira zutaberik garrantzitsuenak.

Ume bat jaio baino lehen galdera hau egiteko ohitura egoten da: ”Zer da neska ala mutila?”. Eta ondorioz sabelean dagoenetik haurra eredu bitar baten barruan sartzen dugu.

XY genea ekarri badu aurreiritziak esaten digu konpetitiboak izateko jaioa dela, ezin duela afekturik edo emoziorik adierazi, ordena ez dela bere balorea izan behar eta ausarta izan behar dela... indartsua, lehorra, gogorra, nabarmena, manipulatua eta oinarrizkoa izateko hezten dugu.

XX genea ekarri badu berriz, zain-tzaile izateko prestatzen dugu, ederra, gozoa, diskretua, maitekorra, sentikorra, seduktorea, manipulatzailea eta konplikatua izateko.

Ez dugu umeaz hitz egiten, neskaz eta mutilaz baizik. Zertarako halako banaketa? Ezberdintasun biologikoek inplikatzen al dute heziketa mota bat ala bestea, ala antolaketa sozial zehatz bat lortzeko balio du? Eta antolaketa sozial zehatz horrek zertan eragiten du pertsona bakoitzaren izaera eraikitzen eta bizi baldintzetan?

Imajinatu jaio orduko, begi argiak ala ilunak izateagatik modu batez ala bestez jantzi, ibili edota izaera bat garatzera bideratuko genukeela. Imajinatu genitalak beharrean begien koloreak gure bizitzaren arlo guztiak baldintzatuko lituzkeela. Egoera hau barregarria iruditzen zaigu, baina halaxe gertatzen zaigu eredu bitar honekin. Guztiok onartu dugu eta automatikoki bizi dugu eta biziarazten diegu, beste aukerarik egongo ez balitz bezala.

Haurren janzkerak, hitz egiteko moduak, haien adierazpenei erantzuteko modua, erosten dizkiegun jostailuak, esleitzen dizkiegun koloreak, haiei aisialdia nola planteatzen diegun... Benetan uzten diegu behar/nahi duten bezala izaten? Ala mendeetan zehar planteatu den hezkuntza bera ematen diegu, sistema lotzaile bat bermatuz?

Beharrezkoa da haurrak alde batean ala bestean mugatzea, guztiak modu desberdinez hazten badira eta gauza desberdinak gustatzen bazaizkie? Hausnartu dezagun.

Andra Mari Ikastolan, oso kontziente gara ez dela erraza berdintasunean heztea, aldi berean egun guztian zehar horrenbeste mezu sexista jasota publizitatean, telesailetan, filmetan, bideojokoetan, kantetan, gizarte-sareetan... Izan ere, haur bakoitzak oso-oso gaztetatik ikasi eta eraikitzen ditu bere izateko eta jokatzeko moduak, bere jolasak eta bere bizi-itxaropenak. Eta hezkuntza eta mezuak sexistak badira, estereotipoek mugatuko dute haren garapena, eta ez diote lagunduko berdintasunean hazten eta bere bizi-proiektua berdintasunean eraikitzen.

Gure belaunaldiak (irakasleonak) ez dira berdintasunean hezi, eta beti ez gara gai izaten hura transmititu eta irakasteko, baina horrek ez luke muga bat izan behar berdintasunean hezteko. Denok atera ahalegindu behar dugu alde bererantz tira egiten, egungo eta etorkizuneko belaunaldiek horixe merezi baitute.

Zentzu horretan, gure ikastolako irakasle, ikasle eta familiak elkartu egin behar dira estereotiporik gabeko hezkuntza libre batean, non aukera eta eskubide berdintasuna lehenetsiko den neska nahiz mutilentzat. Horixe da Andra Mari Ikastolan geure buruei ezarri diegun erronka: geure haur eta gazteek estrategiak eta pentsamendu kritikoa eskuratzea sexismoa dela-eta, genero oztoporik gabe bizitzeko, eta modu librean jolastu, bizi eta garatzeko, neskak edo mutilak diren aintzat hartu gabe.

Gizartea hobetzea eta pertsonen arteko harremanak hobetzea da gure helburua, denbora propioekiko errespetu eta partekatutako erantzukizunekiko errespetu komunean biziko baitira, eta, hala, harreman ez hain gatazkatsuak eta zoriontsuagoak izanen baitituzte.

Beste alde batetik, lanaren arloari dagokionez, egungo gizartean, oro har, uste izaten da independentzia ekonomikoa lotuta dagoela bizitza propioari buruzko erabakiak hartzeko askatasun handiagoa izatearekin, beste pertsonen mende egon gabe. Arlo horretan, aipamen berezia egin behar zaio neskengan lanbidea bizitza proiektuaren gunea izateari; izan ere, horri dagokionez asko aurreratu bada ere, neskek arrisku handiago dute beren lanpostuak uzteko zainketengatik edo beren bikotekideen garapen pertsonalarengatik.

Beste behin ere, gako izanen dira erantzunkidetasunean heztea eta zainketen konpromiso partekatua izatea, emakumeak lan-mundutik par-tzialki edo aldi baterako urrun ez daitezen, bestela garapen profesionalerako aukerak eta segurtasun ekonomikoa galdu baititzakete.

Ikus dezakezuen moduan beraz, ez da gutxi Andra Mari Ikastola bere ikasleak berdintasunean hezteko egiten ari den lana. Berdintasunean heztea ez da lan erraza; gizarteak ez digu laguntzen, ez eskolari ez hezkuntza-sistemari. Gainera, oraindik ere, badira gauzak aldatzeko erresistentziak. Halere, ziur gaude: Andra Mari Ikastolan geure helburuak lortzeko bidean gaude!