Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehenengo faseak aurrera jarraitzen du eta, gutxinaka, argitzen doa finalaurrekoen eraketa zein izango den. Larunbatean Gotaine-Iribarnen jokatutako saioan Nerea Ibarzabalek eskuratu zuen garaipena, eta atzo Gasteizen ospatutakoan Haritz Mujikak bildu zituen puntu gehien. Hala, biak ala biak finalaurrekoetara igaroko dira zuzenean, Ibarzabal Irungo finalaurrekoan arituko da azaroaren 5ean, eta Mujika Donibane-Garazikoan, urriaren 29an.

Gotaine-Irabarneko herriko gela goraino bete zen larunbateko saioan: 650 lagun bildu ziren bertan. Aritz Bidegain Airek egin zituen saioaren gidari lanak, eta haren ondoan igo ziren sei bertsolariak oholtzara, zozketak erabakitako ordenan: Eneko Lazkoz Martinez, Patxi Iriart Hiribarren, Oihana Iguaran Barandiaran, Nerea Ibarzabal Salegi, Julio Soto Ezkurdia eta Ane Labaka Mayoz.

Ariketa puntuagarriak osatu ostean, Nerea Ibarzabal izan zen puntu gehien batu dituen bertsolaria, 738 puntu. Haren atzetik sailkatu ziren Oihana Iguaran (737,5), Ane Labaka (694,5), Julio Soto (691), Eneko Lazkoz (649,5) eta Patxi Iriart (604,5).

Gasteizko Europa Jauregiko Maria de Maeztu entzunaretoa ere lepo bete zen, 650 lagun bilduta. Zozketak ebatzitako ordenan sartu ziren sei bertsolariak oholtzara: Manex Agirre Arriolabengoa, Iban Urdangarin Lardizabal, Miren Artetxe Sarasola, Amaia Iturriotz Etxaniz, Xabat Galletebeitia Abaroa eta Haritz Mujika Lasa. Gaiak ematen Oier Azkarraga Grajales aritu zen.

Ariketaz ariketa puntuak bilduz, Haritz Mujika izan zen puntu gehien bildu zituen bertsolaria, 695,5 puntu. Hurrenez hurren geratu ziren Miren Artetxe 670 punturekin, Iban Urdangarin 660,5 punturekin, Xabat Galletebeitia 655,5 punturekin, Amaia Iturriotz 648 punturekin eta Manex Agirre 573,5 punturekin.

Aurreko saioetan bezala, Egoitz Iradier Martinez de Albeniz, Eneko Bidegain Aire, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Karlos Ibarguren Olalde, Leire Beloki Lizarralde, Miriam Juaristi Urizar eta Saioa Mitxelena Irazoki izan ziren epaile lanak egin zituztenak. Idazkari lanetan Joxe Mari Altuna Berridi eta Itziar Basterretxea Olarreaga aritu ziren.