“Juulek ile kizkurra zuen. / Ile kizkur gorria. / Kasko gorri bat. / Besteek horixe oihukatzen zuten: ‘Kaxkagorri! Ilean kaka duzu! Kaka gorria!’/ Horregatik, Juulek guraizeak hartu zituen. / Ilez ile moztu zituen kizkur guztiak”. Horrela hasten da Gregie de Maeyer idazle flandiar belgikarraren Juul liburua. Juul liburu gordina da, gogorra. Irakurlea ukitzen duen horietakoa, izan ere, minaz hitz egiten duen istorioa da. Gizakiok eragin dezakegun biolentziaz, heriotzaraino eraman gai-tzakeen sufrimenduaz, baina, zorionez baita enpatiaz eta ulermenaz ere.

Irakurketa ez da atsegina, Juulen autosuntsiketaren ikusle izango baita irakurlea eta bukaera arte ez da esperantzarako tarterik izango. Juul liburu gordina da, baina beharrezkoa. Liburu honetako pertsonaia nagusiak ematen dio Nafarroako Ikastolen Elkarteak irakurzaletasuna sustatzeko duela 25 urte abiatutako ekimenari izena. Haur eta gazteak liburuetara hurbiltzen, irakurketara erakartzen eta zaletasunak pizten aritu den Juul Kanpaina, hain zuzen.

Urteurrena behar bezala ospatzeko Nafarroako Ikastolen Elkarteak irakurketak dauzkan alderdi onak jasoko zituen lelo lehiaketa bat abiatu zuen ikasturte hasieran Euskal Herriko ikastolen artean. Ibilbide luze hau izendatuko zuten leloek hainbat ezaugarri bete beharra zuten: zehatzak eta argiak izan, distiratsuak, zirraragarriak eta erakargarriak, analogiak, metaforak edo silogismoak erabil zitezkeen, errimadunak eta ederrak, nola ez!

Ikastola desberdinetako hamaika proposamen jaso ondoren, epaimahaiak Laudio Ikastolako, Lehen Hezkuntzako 2. mailako ikasleen leloa izendatu zuen irabazle: “Gau eta egun, liburuak lagun!”

Aldi berean Aitor Ortiz de Felipe sortzaile eta ikastolen elkarteko kolaboratzaileak logoa osatu zuen eta, ekimena borobiltzeko, Eider Eibar ilustratzaileak burutu zuen urteurreneko karteleko irudia.

Juul ekimenaren barruan ugariak dira ikastola ezberdinetan aurrera eramaten diren jarduerak: girotze ariketak, liburuen informazioak biltzeko proposamenak, irakur-lagunak, solasaldi literarioak, gaubela literarioak, Juul kanta... eta urtero, martxoan, apirilean den liburuaren egunetik hurbil, milaka ikasleen parte hartzea duten hauteskunde literarioak.

Nafarroako Ikastolen Elkarteak irakurzaletasuna bultzatzeko urteetan egindako lana goraipatzekoa da, aurten ospakizun merezia burutzen ari dena. Zorionak!

Castillo Suarez idazlea Arangoiti Ikastolan

Juul kanpainaren barnean egiten diren ekimenen artean, eta Euskal Idazleen Elkarteak sustatutako Liburuak Gozagarri proiektuari esker, Castillo Suarez idazle nafarra izan dugu Arangoiti Ikastolan martxoan.

Aukera paregabea sortzailearekin bere narrazio eta poesia liburuei buruz aritzeko, idazle lanaren sekretuez jabetzeko eta baita euskaltzain batek egiten duen lana ezagutzeko ere. Liburuen munduan murgiltzen jarraitzeko akuilu ederra. Mila esker Castillo!